Zer esan nahi du berdintasunak kooperatiba-talde industrial batean? Eta nola bihurtzen da konpromiso hori politika erreal eta neurgarri? Martxoaren 8aren harira, Leire Okarantza Ibabe Fagor Taldeko gestio sozialeko arduradunak, erakundearen berdintasun planaren nondik norakoak aletu ditu. “Kooperatiba izateak, printzipio jakin batzuk kontutan hartzera eramaten gaitu eta berdintasunarekin guztiz lerrokatuta daude. Hala ere, kooperatibak gizartearen isla ere badira eta gizarteak dituen erronka berdinak ditugu gurean”, aitortu du.
Fagor Taldearena bederatzi kooperatibak osatutako egitura handia da, industria eta kooperatibismoa uztartzen dituena. “Industria sektorean aritzeak gure kolektiboa eta organoak maskulinizatuta egotea dakar. Ondorioz, genero berdintasunari dagokionez, sail maskulinizatuetan eta erabaki guneetan emakumeen presentzia handitzea berdintasuna lortzeko erronka garrantzitsu bat da gurean”.
Testuinguru horretan jaio ziren taldeko kooperatibetako berdintasun batzordeak, diagnostikoak zein planak. Kooperatiba bakoitzak bere berdintasun diagnostiko, plan eta batzordea dauka, eta taldeak kooperatiben berdintasun planak aurrera eramaten laguntzeko espazioa eskaintzen du. “2021ean sortu zen Fagor Taldeko I. Berdintasun Plana eta Batzordea, eta egun Fagor Taldeko II. Berdintasun Plana inplementatzen ari gara (2025-2028). Plangintza hau kooperatibetako planetako erronka, helburu eta ekintzetan oinarritzen da, eta urtean zehar hainbatetan biltzen gara kooperatiba bakoitzeko berdintasun batzordeko koordinatzaileekin. Norabidea partekatzen dugu, helburu estrategiko komunak adostuz. Markoa adostuta kooperatiba bakoitzak bere ekintza plana garatzen du, elkar elikatuz”.
Helburua da Fagor Taldeko esparru komun horietan genero ikuspegia txertatzeko egitea lan, kontziliazioa, ordainsari politikak eta lan poltsak kudeatzen dituen heinean, besteak beste. Horrez gain, “kooperatibetako berdintasun plan eta dinamiken arteko koordinazioa eta lankidetza bultzatzen dute”, genero berdintasunaren aldeko praktika eta ekimenak saretuz eta partekatuz.
Leire Okarantza: “Kooperatiba izateak printzipio jakin batzuk kontuan hartzera eramaten gaitu, eta berdintasunarekin lerrokatuta daude”
Kooperatibetako berdintasunerako estrategian, taldearen eginkizunak dira, adibidez, emakumeen talentua erakartzeko estrategia, ordainsarien arrakalaren azterketa eta lanpostuen balorazioari lotutako lanketa, jazarpen protokoloen garapena eta lan baldintzei lotutako genero berdintasunaren inguruko gaien lanketa.
Orain arte, Fagorreko kooperatibei genero berdintasuneko diagnostiko eta planak egiten laguntzeko lanetan ibili dira, eta behin kooperatiba guztiek beraien diagnostikoak eta planak egin eta erregistratu zituztenean, iaz, planen inplementaziorako ekintzak martxan jartzen hasi ziren.

Lau lan ildo
Lau lan ildo nabarmentzen ditu Okarantzak. Batetik, jazarpenaren aurkako protokoloaren eredua garatzea. “Prebentzioaren arloan ere sakondu nahi izan dugu, eraldaketa eta berdintasunerako ezinbesteko estrategia dela ulertzen dugulako. Horretarako protokolo ereduaz gain, kooperatibetako aholkulari konfidentzialak, ikerketa batzordeko kideak, prebentzio arlokoak eta pertsonetakoak elkartzeko espazioak sortu ditugu. Hauetan, adituen ekarpena jasotzeaz gain, dagoeneko arlo honetan kooperatibek egiten dutena partekatu dugu. Aberatsa izan da, bereziki egiten duguna ezagutu eta aurrera begirako estrategiak elkarrekin definitzeko aukera eman digulako”.
Kooperatibagintza inklusibo eta parte hartzailea eraikitzeko eta Fagor espazio segurua izateko bidean, genero ikuspegitik behaketak egiten ari dira kooperatibetako talde batzuen bileretan. 2025ean hasitako prozesua da eta aurten lanketarekin jarraituko dute. Behaketa horrekin, lan bileretan gizon eta emakumeen parte hartzeko modua eta lidergo estiloa nolakoa den aztertu nahi dute. “Ea hitza eteteko joera dagoen, desorekarik dagoen emakumeek eta gizonek egiten duten hitzartzeen iraupenean, komentario matxistak egiten diren bileretan… Behaketaren emaitza Taldeko Berdintasun Batzordean aurkeztuko dugu lehenik, eta bertan erabakiko dugu azterketako emaitzaren zabalkundea nola eta non egin”.
“Prebentzioaren arloan ere sakondu nahi izan dugu, eraldaketa eta berdintasunerako ezinbesteko estrategia dela ulertzen dugulako"
Ikusgarritasunaren eta parte hartzearen ildotik jarraituz, kooperatibetako kanpo komunikazioan ere azterketa bat egiten hasiko dira datozen hilabeteetan, praktika onak biltzeko helburuarekin. Izan ere, “emakumeak gure kooperatibetara erakartzeko lanketaren baitan, garrantzitsua da erabiltzen ditugun irudietan emakumeak agertzea, berdintasunari lotutako balioak zabaltzea eta hizkera inklusiboa erabiltzea”, azaldu du.
Hautaketa eta harrera prozesuetan genero ikuspegia txertatzeko lanketa da aurten abiatu duten beste proiektuetako bat. Kooperatibetara sartu diren pertsonen datuak sistematizatu dituzte kontratazio eta promozioei lotutako datu kuantitatiboak genero ikuspegitik aztertu eta analisi kualitatiboa osatzeko. Horrela, genero ikuspegitik egin beharreko hobekuntzak identifikatu nahi dituzte hautaketa eta harrera prozesuen fase bakoitzean: erakarpen fasean, hautaketa fasean eta harrera fasean. Hala ere, Fagorreko kooperatibek dagoeneko hautaketa eta harrerei lotutako hainbat neurri dituzte martxan emakumeak erakartzeko kooperatibetara.

Inbertsio ekonomikoa
Zein da, baina, berdintasun planaren inbertsio ekonomikoa talde mailan? Okarantzak argi du Fagorrek urtero egiten duen “inbertsioa garrantzitsua bada ere, ekonomikoa zein baliabide pertsonalena”, epe luzera errentagarria izango dela. “Errentagarria izango da iraunkorra den enpresa bat, eta atzean geratuz gero genero berdintasunari dagokionez, adibidez, zaila izango da irautea. Gainera, lanketa horrek onura kolektiboak dakartza, lan baldintzak hobetzeko egiten baitugu lan finean. Argi daukagu aniztasuna aberastasuna dela eta aniztasunari lekua egiteko lana egin behar dela, lanketa espezifikoak ezinbestekoak direla”.
Plan horien eragina neurtzeko goiz izan daitekeela ohartarazi du, hala ere, oraindik ezin izan baitute definitu, adibidez, erabaki guneetako emakumeen presentzia handitzearen inpaktua neurtzeko adierazlerik.
Beste adierazle batzuk neurgarriagoak dira, genero arteko soldata arrakala kasu. INE Espainiako Estatistika Institutuaren 2025eko datuen arabera, EAEko soldata arrakala %12,81ekoa zen 2023an, eta “Fagorrena horren azpitik dago. Ikusi dugunagatik soldata arrakalak, gehienbat, kontziliazio neurrien erabileraren ondorioz ematen dira, eta urtez urte gizonen zaintzarekiko erantzunkidetasuna geroz eta handiagoa dela ikusten ari gara. Bestalde, balio bereko lanpostuen azterketa bat egin dugu, ikusteko ea lanpostuen balorazioek eragina duten soldata arrakalan”.
"Ikusi dugunagatik soldata arrakalak, gehienbat, kontziliazio neurrien erabileraren ondorioz ematen dira, eta urtez urte gizonen zaintzarekiko erantzunkidetasuna geroz eta handiagoa dela ikusten ari gara"
Berdintasun planen bidez lortutako aurrerapenak neurtzeko, adierazle kuantitatibo eta kualitatiboak badituzte. Urtero sortzen dute genero berdintasuneko memoria eta Taldeko Kontseilu Sozialean eta Lehendakarien Batzordean aurkezten dute. “Adierazleak ezinbestekoak dira planaren eraginkortasuna neurtzeko, baina baita organoak sentsibilizatzeko eta adierazleen bilakaeraren araberako estrategia eta helburu egokituak diseinatzeko ere. Gizartea aldatzen doa eta egokitu egin behar gara”.
“Berdintasun planek konpromisoa eta lana eskatzen dute. Eta nahiz eta batzuetan lan karga moduan bizi dezakegun, bereziki lege betekizunari erantzuteko lanetan, jakitun gara egiten digun ekarpenaz. Gure egunerokoa bizigarriagoa izaten laguntzen digute, guztiontzat espazio seguruagoak eraikitzen laguntzen digute, lan baldintzak hobetzen dituzte, lan eremua osasuntsuagoa izateko ekarpena egiten digute eta kolektibo arduratsuago bat eraikitzen lagundu. Jasotako datuek eta jarraipenerako markatzen ditugun adierazleek, errealitatearekiko kontzientzia hartu eta bilakaera neurtzen laguntzen digute”.