Aldaketak Artain25en administrazio kontseiluan. Lorpeneko langileek enpresa erosteko ostatutako sozietateak Gerardo Ameztoy izendatu du presidente berri, David Uria karguan ordezkatuta, Navarra Capitalek atzo aurreratu eta EnpresaBIDEAk enpresako iturriekin baieztatu ahal izan duenez.
Hamaika urtez Ternua Groupen parte izan zen Lorpen, baina iaz euskal talde ezagunak hartzekodunen konkurtsora jo zuen, eta Etxalarko enpresaren etorkizuna kinka larrian jarri zuen. Gauzak hala zenbait beharginek erabaki zuten haren etorkizunaren ardura hartzea Artain sozietate berria eratuta. 450.000 euro pagatu zituzten horretarako, eta ordura arte Ternua Groupen Nafarroako zuzendari Industriala izandako David Uriak hartu zuen presidente eta kontseilari kargua. Hemendik aurrera, baina, zuzendari nagusi izango da Uria.
Ameztoyen kasuan, aipatzekoa da TernuaGroupeko kontseilarietako bat izan dela taldea desegin den arte, eta iraganean Lorpeneko zuzendari nagusi lanetan ere aritu dela.
Administrazio kontseiluko beste kide berria José María Montes da, Sodenako Inbertsioen zuzendaria. Hain zuzen ere, Nafarroako Gobernuaren Industria departamentuaren menpeko sozietateak 350.000 euroko mailegua eta 100.000 euroko abala eskaini zion Artaini, jarduera bermatzeko "gako" izan zena, tartean Lorpenek zituen 50 langileetatik 23 mantentzeko. Halako operazioak egin dituzten azkenekoetan, Sodenako ordezkari bat administrazio kontseiluan ordezkari izatera igaro da, kasu honetan bezala.
Momentuz, Lorpen berriz ekoizten ari da, bai marka propioko produkuak, baita Forum bezalako hirugarrenentzat.