• ENPRESAK GAUR
  • 4.125 milioiko isuna Googlerentzat Androiden nagusitasunaz abusatzeagatik

4.125 milioiko isuna Googlerentzat Androiden nagusitasunaz abusatzeagatik

EBko Justizia Auzitegiak behin betiko berretsi du Googlek bere nagusitasuna baliatu zuela fabrikatzaileei zenbait baldintza ezartzeko

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2026ko uztailaren 2a - 16:48
Eg. 2026ko uztailaren 2a - 17:59

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak (EBJA) behin betiko berretsi du Googlek 4.125 milioi euroko isuna ordaindu beharko duela, Android sistema eragilearekin izan zuen gehiegikeriazko jokabideagatik. Horrela, Europako Batzordeak 2018an ezarritako zigorra indarrean utzi du, eta auziari amaiera eman dio, ebazpenaren aurka ez baitago beste errekurtsorik.

 

Europako Batzordearen arabera, Googlek Android sistema erabiltzen zuten mugikorren fabrikatzaileei hainbat baldintza ezartzen zizkien. Besteak beste, Play Store aplikazio-denda erabiltzeko baimena lortu nahi bazuten, Google Search bilatzailea eta Chrome nabigatzailea aurrez instalatzera behartzen zituen. Horrez gain, ez zien uzten Androiden Googlek baimendu gabeko bertsioak zituzten gailuak merkaturatzen.

EBJAren ustez, baldintza horiek lehiari kalte egin zioten, Googlek bere aplikazioei abantaila ematen zielako eta beste enpresa batzuek merkatuan sartzeko aukera zailtzen zutelako. Auzitegiak baztertu egin du enpresaren argudio nagusia; alegia, erabiltzaileek Google Search eta Chrome aukeratzen zituztela zerbitzu hobeak zirelako. Epaileek uste dute aurrez instalatuta egoteak abantaila handia ematen ziela aplikazio horiei.

 

Hasieran, Europako Batzordeak 4.340 milioi euroko isuna ezarri zion Googleri. 2022an, kopurua %5 inguru murriztu zuen Europar Batasuneko Auzitegi Orokorrak, eta 4.125 milioi euroan utzi zuen. Orain, EBJAk zenbateko hori berretsi du behin betiko. Isunaren 1.520 milioi euro baino gehiago Alphabet enpresa matrizeak ordaindu beharko ditu, erantzukizun partekatuagatik.

 

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain