• ENPRESAK GAUR
  • Greba mugagabea martxan da Iruñeko autobus zerbitzuan

Greba mugagabea martxan da Iruñeko autobus zerbitzuan

Billabesako langileek atzo egin zuten bozketa, eta gehiengoak lanuzteen alde egin zuten

Argazkia: Europa Press
Argazkia: Europa Press
2025eko uztailaren 2a

Billabesa Iruñeko autobus publikoko langileek, Moventis Transports Ciutat Comtal (TCC) enpresak kudeatzen dituenak, greba mugagabea abiarazi dute. Hasiera batean atzo (asteartea) eman behar zioten hasiera grebari, baina zuzendaritzaren azken proposamenaren alde edo kontra bozkatzeko egun bat atzeratu zen.

 

Gauzak horrela, atzoko egunean zehar 412 enplegatuk botoa eman zuten: 264k bozkatu zuten greba egitearen alde, eta 148 pertsonek, ordea, lanuztearen kontra. Ondorioz, gaueko hamabietan bertan ekin zitzaion lanuzteari.

Lanuzteak direla-eta, gaurtik hasi eta uztailaren 4ra bitartean gutxieneko zerbitzuak eskainiko dira eta ordutegiek eta maiztasunek aldaketak izan ditzakete. Hala, puntako orduetan (06:30-09:30, 13:00-15:30 eta 17:00-20:30) %60ko zerbitzua izango da, eta haraneko orduetan (09:30-13:00, 15:30-17:00 eta 20:30-22:20), aldiz, %40koa. Gaueko autobusetan ere aldaketa txikiak izango dira. Aurreikuspenen arabera, 150.000 bidaia baino gehiagok pairatuko dute grebaren eragina.

 

Horrez gain, lanuzteek Iruñeko sanferminekin bete-betean kointzidituko dute, uztailaren 6tik 14ra bitartean gutxieneko zerbitzuak %70ekoak izango baitira. Hala ere, biztanleak jada hasi dira eraginak pairatzen, autobusen “puntualtasun falta” izan baita, langileek autobusak gordetzen diren lekuan egin dituzten piketeak direla medio.

Sindikatuek adierazi dute zuzendaritzarekin negoziatzeko prest daudela, baina, kontrara, zuzendaritzak esan du ez duela ezer eztabaidatuko greba gelditu ezean. Enpresa batzordeak zuzendaritzari eskatzen diona da, besteak beste, KPIaren araberako soldata igoerak ezartzea, 2010az geroztik soldatetan izan den %5,38ko murrizketa berreskuratzea, urteko lanorduak 1.592 ordutara beheratzea eta gaueko lanaren plusetan hobekuntzak izatea. Zuzendaritzak eskainitako azken proposamena, ordea, “nahikoa ez dela” deritzo batzordeak.