Bi hilabete iraun duen greba mugagabearen ostean, gaur lanera itzuli dira Tubos Reunidoseko Amurrioko fabrikako langileak. Pasa den ostiralean erabaki zuen langile batzordeak protestei amaiera ematea, konpainia hartzekodunen konkurtsoan sartzeak “fase berri bat” dakarrelako.
Hala ere, CNT sindikatuak salatu du enpresa “egon nahi zuen tokian” dagoela orain, eta ikerketak egitea exijitu du “diru publikoaren erabilerari, administratzaileen erantzukizunari eta konkurtso prozesu osoari eragiten dioten” zenbait erabaki direla eta. ESK sindikatuak argi utzi du greba mugagabea bertan behera uztea ez dela “amore ematearen, erregulazio espedientea onartzearen edota lantegia ixtearen alde egotearen” sinonimoa, eta gogorarazi du “enpresak ez duela ezer irabazi, plantillak antolatuta eta bere burua defendatzeko prest jarraitzen duelako”.
Aldiz, CCOOk ostiralean bertan salatu zuen grebaren amaiera “berandu iritsi zela”, eta kritikatu egin zuen langileek ez bozkatu izana erabakia hartzerako orduan. Izan ere, ez zen bozketarik egin, langile batzordeak zuzenean hartu baitzuen erabakia.
Greba mugagabea amaitu izanagatik, langileek hogeita lau orduko geldialdiak egingo dituzte bi jardunalditan: maiatzaren 26ean eta 28an, alegia, datorren astearte eta ostegunean. Hain zuzen ere, zuzendaritzarekin bilera astearte horretan egingo du langile batzordeak.