Haizea Bengoetxea EHKOlektiboko kide da 2019az geroztik. Kolektiboak laborariak, herritarrak zein erakundeak biltzen ditu, eta berriki Mantangorria izeneko identifikatzailea plazaratu dute Euskal Herriko etxalde eta produktu agroekologikoak identifikatzea helburu izanik.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Zein da zure ardura EHKOlektiboan eta nola heldu zinen elkartera?
2019an egin nintzen EHKOlektiboko kide. Euskal Herri mailan agroekologiaren inguruan hausnartu eta praktikara eramateko laborari eta herritarren kolektiboa ezagutu nuenean, bertan aurkitu nuen elkarrekin saretu, zaindu eta ikasteko espazio bat. Euskal Herriko aniztasunetik abiatuta, begirada herrikoi batetik agroekologia elkarrekin lantzeko eta eraikitzeko aukerak erakarri ninduen.
2023tik aurrera, talde eragileko kidea naiz. Taldeko gainerako kideekin batera, EHKOlektiboan adostutako ildoak lantzea eta aurrera eramatea da gure ardura.
Sarritan "ekologiko" eta "agroekologiko" terminoak nahastu egiten dira. Zuen ustez, zerk bereizten du agroekologia ohiko ekoizpen industriala soilik ekologiko bihurtzetik?
EHKOlektiboa elkartea bere sorreratik agroekologia zer den hausnartzen ibili da, gure ustez agroekologia ekoizpenetik haratago doan eredua baita. Bide hau definituko duen irizpideen lanketa sakona egin dugu urteetan zehar laborarien arteko adostasunean oinarrituta eta egun oinarrizko lau irizpidetan definitzen dugu. Lehena, maneiu ekologikoa: intsumo kimikorik gabeko laborantza, lurra, abereak eta ingurua zainduko dituen maneiua dugu ardatz. Bigarrenik, tokikoa, lekuan lekuko inguruneari lotutako etxalde dibertsifikatuak gara. Inguruarekiko orekan oinarritutakoak eta tokiko baliabideak erabiltzen ditugunak gure egunerokotasuneko praktiketan. Hirugarrenik, giza neurriko etxaldeak. Lurra, ingurua eta pertsonen zaintza bermatzen ditugun etxaldeak gara. Gure proiektuen dimentsioa, lana eta ardura bertan lanean dihardugun pertsonen arabera antolatuta dago. Pertsonen zaintza, lurraren zaintza ere badelako. Eta azkenik, ekonomia sozial eraldatzailea, elikaduraren zikloa hasieratik bukaerara ahalik eta gertuen ixtea helburu dugun etxaldeak. Komertzializazio bide laburrak ditugu oinarri, salmenta zuzenaren bidez, garena eta egiten duguna, gure ekoizpena plazaratzen dugu, laborari-herritar harremana bermatu eta gure arteko aliantzak sustatzen ditugularik.
Zer esan nahi du plazaratu berri duzuen Mantangorria daraman identifikatzaileak? Zer berme eskaintzen dio kontsumitzaileari ikur hori duen etxalde edo produktu batek?
EHKO Mantangorria Euskal Herriko etxalde eta produktu agroekologikoak identifikatzen dituen erreminta da, EHKOlektiboa elkartearen urte luzeetako lanaren emaitza, hain zuzen. EHKO identifikatzaileak agroekologia definitzen dituen irizpideak barnebiltzen ditu: maneiu ekologikoa, tokikoa, giza neurriko etxaldea, eta ekonomia sozial eta eraldatzailea. Mantangorriak, gainera, badu bereizgarri bat: Berme Sistema Parte-hartzailearen (BSP) bidez egiten da ziurtapena. Konfiantzan, elkarrekiko ezagutzan eta parte-hartzean oinarritutako ziurtapen herrikoia da.
Merkatuan badira produktu ekologikoak ziurtatzeko zigiluak. Zertan bereizten da Mantangorria beste ziurtagiri edo identifikatzaile batzuetatik? Zer gehitzen dio egungo sistemari?
EHKOlektiboaren begiradatik, maneiu ekologikoa agroekologiaren oinarrietako bat da, eta Europako ziurtagiri ekologikoan dugu oinarria. Hala ere, agroekologia ikuspegi zabalago batetik ulertzen dugu. Horregatik, maneiu ekologikoaz harago irizpide osagarriak lantzen ditugu, agroekologia, ekoizteko modu bat baino, bizitzeko eta harremanetarako modua dela ulertzen dugulako. Horrela, intsumo kimikorik erabiltzen ez duen eta lurra, abereak eta ingurunea zaintzen dituen ekoizpen-eredutik abiatuta, beste hiru irizpidek osatzen dute EHKO Mantangorria: tokikotasunak, etxaldeen giza neurriak eta ekonomia sozial eraldatzaileak.
EHKOlektiboa baserritarrak, herritarrak eta kontsumo-taldeak elkartzeko sortu zen. Zein da elkartearen egungo egoera? Zenbat kide zarete, eta nola dago antolatuta Euskal Herrian?
Laborariak, herritarrak eta eragileak kide egin daitezke. Azken bi multzo horien kasuan, gainera, kide parte-hartzaile edo kide babesle izateko aukera dago. Zer alde dago bataren eta bestearen artean? Bada, lehenek parte-hartze aktiboagorako konpromisoa hartzen dutela eta bigarrenek ez. Kontuak horrela, une honetan, 93 laborari, 64 herritar parte-hartzaile eta 6 elkarte dira EHKOlektiboaren parte. Elkarte barruan, gainera, lantaldeka antolatzen gara eta horrek balio digu ditugun premiak modu bateratuan identifikatzeko, elkarrengandik ikasteko eta eguneroko gai zehatzagoen gainean jarduteko. Ditugun lantaldeak dira baratzezainak, frutazainak, erlezainak, haragi-hazleak, monogastrikoak, artzain-ahuntzainak, esne-behiak, okin-zerealistak eta sendabelarrak; herritarren zein elikadura-eskubidearen lantalde bana sortu nahian ere ari gara eta, beharren arabera, gehiago sortzeko borondatea dugu.
Beti aldarrikatu duzue agroekologia mugimendu sozial eta kulturala ere badela, ez soilik ekonomikoa. Nola hurbildu daiteke zuen sarera supermerkatuetara ohituta dagoen herritar arrunt bat?
Agroekologia zentzurik zabalenean ulertzen dugu. Laborariok, herritarrek, elkarteek eta elikadura-espazioek osatzen duguna eta aurretik aipatutako lau irizpidetan oinarritzen dena. Gaur egun, hainbat aukera ditugu produktu agroekologikoak ezagutzeko eta eskuratzeko. Salmenta zuzenak, adibidez, betidanik ezagutu ditugun plazen bidez, produktuak ez ezik, horien atzean dauden pertsonak eta etxaldeak ere ezagutzeko aukera ematen digu, gertutasunetik eta konfiantzatik. Azokek beheranzko joera duten arren, oraindik ere asteko erosketa egiteko eta laborariekin harreman zuzena izateko espazio baliagarriak dira.
Zein da hurrengo urratsa? Nola neurtuko duzue Mantangorria arrakastatsua izaten ari den?
Hurrengo urratsa Euskal Herrian agroekologiaren erreferentzialtasuna indartzen jarraitzea izango da, eta egunerokotasunera eta praktikara agroekologia hurbiltzea. EHKO Mantangorriak helburu argi bat baitu: laborarien, herritarren, elkarteen eta elikadura-espazioen arteko aliantzak sustatzea, eta agroekologiaren bidean batzea. Elkarrekin bidea egiten jarraitzeko gogoz gaude, 2008tik horretan ari baikara. EHKO Mantangorriak ere bide horretan pausoak ematen eta agroekologia gero eta pertsona gehiagorengana hurbiltzen lagunduko digula sinesten dugu.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta