ELAk iragarri du lehen hauteskunde sindikalak egingo dituztela Bizkaiko Glovoko langileek. Sindikatuak hauteskundeak egiteko aurreabisua erregistratu du, 40 langile baino gehiagoren babesarekin. Helburu dute “langileen eskaerak bideratuko dituen eta enpresan parte-hartzea indartuko duen ordezkaritza propioa sustatzea”.
Azken hilabeteetan hainbat bilera egin dituzte, eta sindikatuak azaldu du “antolakuntza kolektiborako espazio bat eraikitzen” aritu direla. Glovok enplegu erregulazio espedientea abiatu izanak eragin du, besteak beste, ELAk hauteskunde sindikalak bultzaraztea.
Glovok UGTren eta CCOOren oniritziarekin abiarazi zuen lan erregulazio espedientea, eta sindikatuak azaldu du horren ondorioz “ehunka lanpostu” galdu zirela. ELAk, ordea, uste du multinazionalak nahiko baliabide dituela lanpostuei eusteko.
2024ko abenduan, hainbat isun eta zigor jaso ostean, autonomo faltsuen eredua baztertu eta langileak kontratatzeari ekin zion Glovok. Iazko irailean lehen langile batzordea eratu zen Nafarroan, eta Araban hauteskunde sindikalak egin zituzten pasa den martxoan.