Hector Olabegogeaskoetxea: "Hasi gara bioteknologia hitza gure hizkuntzan sartzen"

"Hazkunde organikoari" eusteko helburua azpimarratu du Mondragon Healtheko arduradunak

Hector Olabegogeaskoetxea | Argazkia: Jon Urbe/Foku Hector Olabegogeaskoetxea | Argazkia: Jon Urbe/Foku

Mondragoneko Sustapen Zentroarekin batera, zazpi dira Mondragon Health osatzen duten kooperatibak: Bexen Cardio, Bexen Medical, Bihar, Erreka Health, Fagor Healthcare, GSR eta Osarten. Zenbait 45-50 urte ingurukoak, beste zenbait berriak. Pandemiak emandako bultzadaren ostean, taldetik bertatik beste bultzada bat eman nahi izan diote unitate estrategikoari, bai proiektuen garapenaren, bai start-upetan egiten ari diren inbertsioaren bitartez. Hector Olabegogeaskoetxea unitateko burua baikor da: aurreikuspenak onak direla adierazi du.

Pandemia aurretik 105 milioi euroko salmentak; iaz 119 milioi euro. Aurtengo aurreikuspenik?

Zifra zehatzik ez, baina ikusita iraila itxiera, hazkundean digitu bikoitza izatera helduko garela esango nuke. Oso ondo goaz. Pertsona mailan, berdintsu mantenduko gara, 1.700 langileko buelta horretan. Azkenik, esportazioetan, %25ean gaude gutxi gora behera, oso dibertsifikatua, hori bai. 40 bat herrialdetara saltzen dugu.

Pandemiak bultzada eman zizuen. Hazkunde erritmoa mantentzen ari al da?

Bai. Adibide konkretu bat jartzearren: Bexen Medicalen bioservices zerbitzuak 2016. urtean jarri zen martxan, nahiz eta 2020. urte horretan txertoek, ultraizozteak eta abarrek garrantzia hartu. Bultzada ematen lagundu zigun, eta komertzialki ere izena egiten. Izan ere, orduan biobanku hori ez zen asko ezagutzen, eta gure gaitasunak azaleratu egin ditu, eta egun ere jarraitzen dugu biobanku horretan odola eta ehuna gordetzen, tartean Miramonen dagoen terapia aurreratuen esparru horretako birusak.

"Ospitale bakoitza uharte baten modukoa izan daiteke, eta gai izan behar zara uharte horietako bakoitzean sartzeko"

Hazkunde organikoa izaten ari da. Eta kooperatibentzat oso garrantzitsua da oinarri ona izatea, lanpostuak bermatuta edukitzea eta ematen ditugun aurrerapausoak solidoak ematea.

Zein beste zutoin ditu Mondragon Healthek?

Iaz hausnarketa estrategikoa egin genuen, zutoinak ez ezik, norantz goazen ere ikusteko. Gure oinarrian daude 45-50 urteko historia duten kooperatibak —Bexen Cardio, Bexen Medical, Erreka...— eta kooperatiba berrienak —Bihar, esaterako, orain sortu dena—. Eta nik uste dut oinarri indartsua dugula.

hector mondragon health 3
Bihar da kooperatiba berriena | Argazkia: Jon Urbe/Foku

Zein zentzutan?

Merkatuaren ezagutza dugu. Merkatu guztiak nahiko partikularrak izanik ere, honek baditu bere berezitasunak. Ospitale bakoitza uharte baten modukoa izan daiteke, eta gai izan behar zara uharte horietako bakoitzean sartzeko. Horrekin batera, araudiaren ezagutza garatu dugu. Normala den bezala, araudi nahiko zorrotza da, baina ondo menderatzen dugu. Era berean, ekoizteko gaitasunak ditugu, eta gainera hemen egiten dugu, Euskal Herrian. Eta azkenik, ingeniaritza ezagutza eta gaitasun komertziala ere badugu. Oinarri on horrek guztiak ahalbidetzen digu ikustea zer egin nahi dugun edo norantz joan; alegia, bide berriak arakatzea eta zerk funtzionatzen duen eta zerk ez ikustea. Argi baitago dena ez dela lehenengoan ondo aterako. Baina zentzu horretan lasai nago.

Eta norantz zoazte?

Hazkunde organikoarekin jarraitu behar dugu, eta bakoitzak bere bide hori egiten. Lehen oso fabrillak ginen Mondragon bezala: hardwarea, ekoizpena... Orain oso modu kontzientean bultzatzen ari gara zerbitzuak. Bioservice dugu, baita Bexen Cardioren gune kardiobabestuak. Horrez gain, etxe barruan forma ematen ari gara beste hainbat proiektuei eta nik uste aterako direla. Eta esan bezala, osasun mailan ez bakarrik produktuak eskaini, baizik eta zerbitzuak: eredu horretarantz goaz.

"Lehen oso 'fabrillak' ginen Mondragon bezala: hardwarea, ekoizpena... Orain oso modu kontzientean bultzatzen ari gara zerbitzuak"

Beraz, berrikuntza teknologikoaz harago, berrikuntza ez teknologikoa ere bultzatzen.

Hori da. Esparru berrien identifikazioa ere egiten ari gara. Orain arte hitz egiten genuen alde soziosanitarioaz eta osasunaz, eta esparru sendoak dira guretzat, enpresen core horretan sartuta daudenak. Orain hasi gara bioteknologia hitza gure hizkuntzan sartzen. Beste esparru batera irekitzen ari gara, gauza asko dituena eta oso zabala dena. Bide berria da, etorkizun handia duena. Uste dut momentu egokia dela bertan sartzeko, baita gure ekarpena egin dezakegula ere.

Nola egin duzue esparru horretan sarrera?

Cocoon Biosciencen eginiko inbertsioa da kasuetako bat. Horri esker, mundu horretaz ikasten ari gara, ikusten nola funtzionatzen duen bioteknologiako enpresa batek barrutik, baita Mondragon Healthetik eta Mondragonetik zein ekarpen egin dezakegun aztertzen ere. Uste dut ekarpenak egin ditzakegula. Ez ikerkuntzan eta zelula baten manipulazioan, baina bai horren inguruan dauden alderdietan, tartean gela zuri bat martxan jartzen duzunean edo espazioen kudeaketan.

Edozein kasutan, erakunde bezala argi izan behar duzu fokua non jarri, eta zeri esan behar diozun bai eta zeri ez. Niretzat askotan garrantzitsua izaten da jakitea gauzak baztertzen. Eta biotech horretan gure esparrua identifikatu eta gure fokua jarri behar dugu. Baina aurretik ikasi egin behar dugu, eta horretan ari gara.

hector mondragon health 4
Hector Olabegogeaskoetxea | Argazkia: Jon Urbe/Foku

Oro har badira sektore batzuk non heldutze prozesuak motelagoak izaten diren. Zein zailtasun suposatzen du horrek proiektuak aurrera ateratzerako garaian?

Duela urte eta erdi inguru inbutua izan zen Espainiako Medikamendu Agentziarekin eta Europako Entitate Erregulatzailearekin homologazio prozesuak-eta egiteko. Egoera larria zen, produktu bat aurrera atera ahal izateko homologazioen entrega epeak oso luzeak zirelako.

Azkenean pentsatu behar dugu normalean gu diseinatzen hasten garenetik, produktua saltzen hasi arte igaro daitezkeela hiru eta bost urte bitarte eta ondoren produktuak bizitza mugatua duela. Prozesu oso luzeak dira, atzetik ingeniaritza, pentsamendu eta abar asko dagoelako. Oso ondo eginda ere, hiru urteko lana joan daiteke zakarrontzira, jende askok egindakoa, baiezkoa lortzen ez bada. Hor ere gure esperientziak laguntzen gaitu. Produktu berria ateratzen dugunean badakigu zein prozesu jarraitu jendeari galdetzen, adituak ekartzen etxera, froga pilotuak egiten... Hori guztia aurreratzen joateko.

Nazioartean dauden soluzioak ikusita, euskal osasungintza eta bioteknologia ekosistema hori ondo kokatuta al dago mundu mailan lehiatzeko?

Argi dago asko dugula egiteko, lan asko dugula aurretik. Sekulako etorkizuna duen esparrua da. Behar asko daude. Uste dut une honetan icebergaren punta ikusten ari garela, eta azpitik zer dagoen ikusten joango garela. Baina guk gogoa dugu gauzak egiteko, lan hori egiteko. Iñigo Ucinek esan ohi duen moduan, gure tresnak ditugu inbertsioak egiteko, kapitala lortzeko, eta abar.

"Duela urte eta erdi inguru inbutua izan zen Espainiako Medikamendu Agentziarekin eta Europako Entitate Erregulatzailearekin homologazio prozesuak-eta egiteko. Egoera larria zen, produktu bat aurrera atera ahal izateko homologazioen entrega epeak oso luzeak zirelako"

Cocoonen kasua aipatu duzu eta start-upetan inbertsioa egiten ari zarete oro har. Zergatik izan da garrantzitsua zuentzat Mondragonetik kanpo dauden start-up horietan egitea inbertsioa?

Estrategia bat da. Azken urteetan Mondragonetik —orokorrean hitz eginda— 20 start-up ingurutan inbertitu dugu, bai osasungintzan, baina baita adimen artifizialean edo energia metaketan ere. Guretzat zer da garrantzitsua? Bai Mondragon, bai kooperatibak elkarrekin joatea. Azkenean binomio bat gara. Kooperatibek identifikatu dezakete, esaterako, dibertsifikatu nahi dutela, eta horretarako bide bat izan daiteke start-upetan inbertitzea. Edo Mondragonek identifikatu dezake interesatzen zaion esparrua, eta horregatik joatea kooperatibekin bat.

Negozioa sustatzeko bidea ere izan daiteke. Identifikatuta izatea arlo bat etorkizun handia izan dezakeena. Enpresa moduan tamaina hartzen zoazen heinean, egitura mugitzea geroz eta gehiago kostatzen zaizu. Zentzu horretan, elkarlana inbertsio bitartezkoa izan daiteke, eta administrazio kontseilu horretan eserita, beti duzu informazio gehiago eta azeleratu ditzakezu gauzak.

Start-upetan sartzeko erabilitako finantzazio formulak antzekoak dira kasu guztietan, edo askotariko kasuak daude?

Normalean nahiko egonkortuta dagoen formula dugu: Mondragonen funtsa erabiltzen dugu eta kooperatiben laguntza eskatzen dugu. Baina horrek ez du esan nahi beste batzuetan bestelako formulak erabiltzen ez ditugunik. Nire ustez garrantzitsua da estrategia definituta edukitzea, ikustea kooperatibek zein behar dituzten, eta horren arabera heltzea helburu horretara.

hector mondragon health 5
Hector Olabegogeaskoetxea | Argazkia: Jon Urbe/Foku

Nola lantzen duzue Mondragon Healthen diziplinartekotasuna?

Gure sustraia da Mondragon Healtheko kontseilua, eta bertan lantzen ditugun gai nagusiak. Hilean behin biltzen gara, gutxienez. Paraleloan Mondragon Healtheko komunikazio kontseilua sortu dugu, kooperatiba bakoitzak banan-banan komunikatzen duenaz harago, kooperatiba txikiagoei oihartzun handiagoa edukitzen saiatzeko, denok batera noraino heldu ahal garen lantzeko.

Gainera, saiatzen gara kontseilu baten edo bestean interkooperazioa lantzen. Hainbat esparrutan egiten dugu, baina gehienbat berrikuntza mailan —zein berrikuntza proiektu identifikatzen ditugun, eta nola batu ditzakegun—. Adibidez Bihar eta GSR bidean askotan topatzen dira. Gauza bera gertatzen da elektronikan, materialetan eta abarretan.

Hor badago parte komertziala ere.

Beste alor garrantzitsua da. Inguruan dauden herrialdeetan orokorrean kooperatibek beren bidea eginda dute; 45-50 urte horietan joan dira euren banatzaileak, talde propioak eta abar lortzen. Baina Europatik kanpo ateratzen garenean, edo Europako beste zenbait herrialdeetara joatean, sinergia gehiago sortzen dira, elkarrekin pausoa emateko edo elkarri laguntzeko. Hori lantzen joaten gara kontseiluan, eta kontseilutik aparte ere.

Baina era natural baten sortzen da: enpresa bateko ingeniari batek, finantzario batek, erosketa arduradun batek, beste enpresa batekoari deitzen dio zerbait nola egiten duten jakiteko, eta erakutsi egiten diogu elkarri. Komunikazioa oso modu naturalean gertatzen da.

Hala ere, kooperatiben arteko interkooperazioa sustatzeko lanean jarraitzen dugu. Kontseiluan, bi hilean behin kanpotik pertsonaren bat ekartzen dugu merkatuari, berrikuntzari, inbertsoreei... gauza anitzei buruz hitz egitera, eta beste bi hilean behin Mondragoneko pertsona bat edo talde bat etortzen da azaltzera zer egiten dugun osasun mailan beste kooperatibetan. Izan ere, gauza asko egiten dira. Ucinek esan ohi du: Mondragonek jakingo balu zenbat dakien... Hori da askotan dugun lana, komunikazio hori egitea. Elkarri lagun baitiezaiokegu.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK