Ekintzailetza “erronka luzea da, polita baita ere” Onintza Sayar NNBIko operazio zuzendariaren esanetan. Atletismoaren antzeko zerbait, lasterketa bat baita ekitea, non hesiak gainditu eta putzuak saltatu behar diren. Iruñeako enpresa honek aplikazio klinikorako teknologia garatzen egin du korrika, aplikazio adimendunak ekoizten ditu, datuak bildu eta machine learning eta adimen artifiziala garatuz. “Aplikazio digitalen bidez datu klinikoak jasotzen ditugu, datu horiek txukundu, eta predikzioak egin”.
Ekintzailetzaren lasterketa horretan putzu handiena finantzaketa prozesua dela dio Xabier Leonardo Zaindari start-upeko zuzendari nagusiak. “Oso gazte hasi ginen gu eta ez genuen ia dirurik. Bere alde txarrak baditu, baina oso prozesu polita izaten ari da, gure erabakiek sortzen baitute proiektua”, gogoratu du. Zaindari start-up nafarrak telekomunikazio konpainietarako balio handiko teknologiak eskaintzen ditu. Zehazki, bi teknologia garatzen dituzte: guraso-kontrolak eta telefono bidezko iruzurren detekzioa. “Inpaktu soziala sortzen dugu”.
Bai Sayarrek, bai Leonardok, EnpresaBIDEAk atzo Noainen (Nafarroa) antolatutako topaketan parte hartu zuten, eta solasean aritu ziren Maitane Bueno Laboral Kutxako Nafarroako Eskualde zuzendariarekin, Maite Reizabal egunkariko zuzendariaren gidaritzapean.
CEINeko egoitzan egin zen jardunaldia, non Nafarroako start-upei laguntza eta formazioa eskaintzen zaien, eta Sayarrek nabarmendu zuen CEINen bultzada ezinbestekoa izan zela NNBiren proiektuaren hastapenetan. “Zure ondoan lantalde on bat sortzea oso garrantzitsua da. Gu oso teknikoak gara, eta enpresa baten plangintzan eta ikuspegi estrategikoan laguntza behar genuen”, adierazi zuen.
Zaindarikoentzat ere CEINen formazioak gako izan dira lasterketan aurrera egiteko. “Gure profila ere oso teknikoa da, hiru sortzaileek telekomunikazio ingeniaritza ikasi baitugu. Komertzializazioa, pertsonen kudeaketa eta bestelako enpresa estrategiak garatzeko beste ezagutza batzuk behar genituen”.
Laguntza pribatua eta publikoa
Laboral Kutxak, Gaztenpresaren bidez, enpresa berri horien finantzazioan laguntzen du, baina baita mentorizazio prozesu guztian ere. Buenok azpimarratu zuen finantzazio horren aurretik lan asko dagoela egiteko: “Oso garrantzitsua da finantzaziora heldu baino lehen egiten den lan guzti hori. Proiektuak aztertzen ditugu, ekonomikoki laguntzen diegu, merkatua nola dagoen ikusi, zer gastu izango dituzten zehaztu…”. Izan ere, ekintzaile gehienak adituak dira esparru jakin batean, eta enpresa bat sortu eta iraunarazteko funtsezkoa da esparru askotariko ezagutza.
Konpainia hasiberri bat errentagarria izango den lehenbailehen jakin beharra nabarmendu zuen Laboral Kutxakoak. “Lortutako etekinarekin ordaindu ahalko zaie langileei? Erosi ahalko dira beharrezko baliabideak? Gero putzuak agertuko dira, eta salto egin beharko dugu, baina hori jakitea ezinbestekoa da”.
Maitane Bueno (Laboral Kutxa): “Oso garrantzitsua da finantzaziora heldu baino lehen egiten den lan guzti hori. Proiektuak aztertzen ditugu, ekonomikoki laguntzen diegu, merkatua nola dagoen ikusi, zer gastu izango dituzten zehaztu…”
Errentagarritasun hori lortzerako garaian, “bide guztiak” esploratu dituztela aitortu zuen Sayarrek. Dirulaguntza publikoak, maileguak, inbertitzaileak… Hori bai, dirulaguntza publikoak ditu gogokoen. “Maileguek momentuan lagundu eta mina arintzen dute, baina gero itzuli egin behar dira. Inbertsio publikoen laguntza oso beharrezkoa dugu”, aitortu zuen.
Zaindarik, berriz, finantzazioaren zati handiena “diru pribatutik” lortu duela azaldu zuen Leonardok. “I+G+i esparruko dirulaguntza ugari lortu ditugu. Inbertsio pribatuarekin proiektua finantzatzen genuen. Inbertsio pribatua eta Nafarroako Gobernuak emandako laguntzagatik gaude hemen”.

Euskararen kudeaketa
Ingelesa beharrezkoa da egun ekintzailetzaren arloan. Merkatu berrietara sartu eta bezeroei proiektua saltzeko funtsezko hizkuntza da. Gaztelaniak ere toki nabarmena du mundu horretan; euskarak, ordea, espazio handi bat du oraindik betetzeke. Leonardok aitortu du hizkuntza kudeaketari ez diotela oraindik lehentasun handirik eman, bestelako beharrak dituztelako enpresa aurrera ateratzeko, baina Zaindariren barruan euskarak presentzia izatea nahiko luke. Are gehiago, eurena bezala proiektu batekin, gurasoen inplikazioa eskaintzen duena, euskara bezeroengana iristeko sarbide ere izan da.
NNBiren kasuan, euskara oso garrantzitsua da, klinika arloan lan eginik, pazienteengana iristeko aukera baita gure hizkuntza. "Hasiera batean gaztelaniaz egiten genuen, baina gerora ikusi dugu euskaraz ere hitz egin behar dugula”. Lantalde erdia euskalduna du Iruñeko konpainiak, eta merkatura iristeko ingelesa baliatzen badute ere, euren ingurua zaintzeko euskara erreminta garrantzitsutzat dute euren egunerokoan.
Pazientzia eta jarraipena
Solasaldi amaitzeko, ekitear den ekintzaile bati gomendioa eskatu zien Reizabalek hiru solaskideei. Sayarrek “pazientzia eta jarraipena” hitzak bota zituen, baita bidea “bakarrik ez egitea” ere. Leonardok jarrera jo zuen giltzarri. “Arazoak dituzunean, zure jarreraren arabera, aukera berri bat edo arazo bat soilik ikusiko dugu. Jarrera positibo eta proaktibo bat behar da”. Buenok, azkenik, sare bat izatearen garrantzia nabarmendu nahi izan zuen, proiektua aurrera ateratzeko beharrezkoa dela iritzita.