Ia mende erdiko 'paperezko' ibilbidea

Kultura eta sorkuntza partekatzeko espazio bihurtu da Garoa Kultur Lab, Paperezkoak izeneko diziplina anitzeko egitasmoaren bidez. Horren baitan, haurrentzako ekimen bat aurkeztu berri dute

Zarautzen (Gipuzkoan) dago Garoa liburu denda | Argazkia: Garoa Zarautzen (Gipuzkoan) dago Garoa liburu denda | Argazkia: Garoa

50 urteko ibilbidea burutzear da Garoa liburu denda. 1973an, Zarautzen (Gipuzkoan), Trinitate kaleko zazpigarrenean sortu zenetik gaur egun arte liburu denda baino askoz gehiago bilakatu da. Haatik, liburuen gotorleku baino lehen, familiako aitonaren ardotegia zen lokala. Imanol Agirre da, egun, liburu dendako arduraduna. Bere ama Florrek aitonaren ardotegia liburuen salmentara bideratzea erabaki zuen. “Ama Londresera joan zen pare bat urtez ingelesa ikastera. Han denbora asko pasatzen zuen liburu dendaz liburu denda. Zarautzera itzuli zenean, liburu denda ireki zuen aitonaren ardotegia zegoen lekuan”, adierazi du Agirrek.

Liburuetatik sortu da Imanol, eta bere amaren pausoak jarraiki, Londresen egonaldia ere egin zuek berak. Ama gaixorik zegoela jabetuta, Zarautzera itzultzea erabaki eta familiako liburu denda hartu zuen. Eneko anaiak ere Madriletik etxera bueltako bidaia egin zuen, eta aitarekin batera, familiako negozioarekin jarraitzeko hautua egin zuten hirurok. Hala hasi zen liburu denda bat baino gehiago bilakatzeko bidea. Imanolek azaldu duenez, “liburu dendari buelta bat eman genion. Anaiak adar teknologikoa sartu zion, denborarekin handitzen joan dena. Gaur egun, beste enpresa bat: hortik sortu da Osoigo, eta beste hainbat egitasmo ere egiten dira”.

Garoa Kultur Labetik sortzen diren ekimen guztiek izen bera dute: paperezkoak

Garoa Kultur Labetik sortzen diren ekimen guztiek izen bera dute: Paperezkoak. “Beti izan da liburu dendan erabili den zigilu modukoa", azaldu du Agirrek. Sortutako lehen egitasmoetako bat izan zen Paperezko lagunak irakurketa taldea sortzea, Jon Benito poetarekin batera. Gerora Patricia Geterekin gaztelaniazko Amigos de papel taldea eratu zuten. Paperezko kontzertuak ere antolatzen hasi ziren, musika zaletuengana gerturatzeko asmoz. Besteak beste, Anarik, Eñaut Elorrietak eta Amorantek eman dituzte kontzertuak liburu dendan. Liburuetatik abiatu diren filmak emateko sortu zuten Paperezko zinea, baita Paperezko antzerkia ere. Pandemiak, ordea, egitasmo guzti hauek etenarazi zituen.

Altxor bat hilero

Pandemia ustez bukatuta eta aita izan berri sortu du Imanolek Paperezkoaken azken modalitatea. Oraingoan, bi eta zazpi urte bitarteko haurrek, hilero, altxor bat etxean jasotzeko aukera izango dute. Harpidetza proiektu bat da, zehazki. Harpidedun bakoitzak kaxa bat jasoko du etxean, album ilustratu batekin, gurasoentzako irakurketa gida labur batekin eta liburuari lotutako podcast batekin. Azken hau Oier Arantzabal eta Ulu Mediako lagunen kolaborazioarekin egin dute. “Bost minutuko podcasta da, haurrentzat. Txukuna eta duina izatea nahi genuen, eta ahots profesionalak izatea”.

Egitasmo honetan parte hartzeko bi modu daude: harpidetu ala oparitu. Harpidedunak hilero jasoko du kaxatxoa, baina, aldi berean, berak erabakiko du noiz utzi harpidetza. Oparitzeak, ordea, badu epe muga bat: hilabetekoa, hiru hilabetekoa, sei hilabetekoa, edo urtebetekoa, hain zuzen.

Semeari lotuta proiektua dela aitortzen du Agirrek. “Garbi nuen hurrengo proiektuak album ilustratu bat izan behar zuela. Nire txikiari lotutako proiektu bat da, etxean sortutakoa”. Dena den, etorkizunean proiektua beste adin tarte batzuetara zuzentzea ez du baztertzen edo adinaren ordez, generoen baitan sailkatzea. 50 harpidedunetara iristear dira dagoeneko eta helburu zehatzik jarri ez arren, urte bukaeran 100 harpidedunetara iritsiz gero “pozik” izango litzatekeela dio Agirrek.

“Garbi nuen hurrengo proiektuak album ilustratu bat izan behar zuela. Nire txikiari lotutako proiektu bat da, etxean sortutakoa”

Harpidetu edo ez zalantza duenak baditu motibo franko lehenengo aukeraren alde egiteko. Izan ere, proiektuan literatura munduko pertsona ugari ari dira kolaboratzen, eta liburuen hautaketa “fina” burutzen dute. Gainera, etxean jasotzen diren liburuak argitaratu berriak dira. Are gehiago, baten bat merkaturatu aurretik ere jaso daiteke etxean. Agirreren hitzetan, “barru-barrutik ateratako proiektua da. Xehetasun guztiak hartzen ditugu kontuan, eta izugarria iruditzen zait haur batek gauean liburua nahi duela esaten entzutea”. Badago kontuan hartu behar den beste gako bat: liburua etxean jasotzearena. Liburu dendarik ez duten herriak badira, eta harpidetuz gero, ondoko herrira desplazatu beharrik ez dago.

Teknologia lagun inurri lanean

Pentsa liteke teknologiak eta liburuek ez dutela lotura handirik. Garoa Kultur Labek izan duen hazkundean, ordea, bi aldagaiak elkartzea lortu dute arrakasta handiz. “Teknologiak beti izan du bere lekua, eta bidea egin du. Pandemia garaian konturatu ginen teknologia eta liburua lotzerik bagenuela. Liburu eguna ospatzeko Googlen inkesta moduko bat egin genuen, eta mila erantzun inguru jaso genituen. Konfinamendua bukatzean, mila horiek liburu dendara etorri ziren eta gure aitak ezin zuen ulertu. Nola liteke liburu denda batean, denda itxita, liburu gehiago saltzea?”, azpimarratu du umorez, Agirrek.

Teknologia da erantzuna. Aitzitik, pandemia garaian “olatu irreal” batean aritu direla aitortzen du. “Liburu dendek izugarrizko gorakada izan dute. Datu historiko onenak eduki dituzte, baita argitaletxeek ere. Esker ona adierazteko momentua da. Irakurleek erantzun egin dute, gastatu egin dute”. Halaber, sektorearen etorkizuna duela lau urteko egoerara itzuliko dela, “hilabeteko soldata atera eta duin bizitzea”, hain zuzen.

“Inurri lana” bezala definitzen du Agirrek liburuen salmenta, eta Paperezkoak ekimena ere modu beretsura garatuko dela dio. Gipuzkoako liburutegi guztietan aritzen da liburuak saltzen: eguna Oñatin hasi dezake, eta Hondarribian bukatu, bidea “mantso-mantso” eginez.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK