• ENPRESAK GAUR
  • Iberdrolak 6.285 milioi irabazi zituen 2025ean, iaz baino %12 gehiago

Iberdrolak 6.285 milioi irabazi zituen 2025ean, iaz baino %12 gehiago

Konpainiaren presidentearentzat hazkunderako gakoak dira AEBetako eta Erresuma Batuko sareetan egindako inbertsioak

Ignacio S. Galán | Argazkia: Iberdrola
Ignacio S. Galán | Argazkia: Iberdrola
2026eko otsailaren 25a - 10:43

Iberdrolak 6.285 milioi euroko irabazi garbiarekin itxi zuen 2025 urtea, aurreko urtean baino %12 gehiago, 14.460 milioiko inbertsioak egin ostean. Batik bat, Estatu Batuetako eta Erresuma Batuko sareen negozioaren hazkundeak bultzatu du emaitza hori. Laugarren hiruhilekoan, konpainiak 464 milioi euroko kontabilitate-doikuntzak egin zituen bere energia-iturri berriztagarrien proiektuekin lotutakoak; hori kontuan izan gabe, irabazi garbia 6.749 milioi eurokoa izango litzateke. Mozkin garbi doitua %10 handitu zen, eta ustiapen-emaitza gordina (Ebitda) 15.680 milioira iritsi zen, %3ko hazkundearekin.

 

Sareen arloaren kasuan, Ebitda %21 handitu zen, "tarifa hobeak dituzten aktibo arautuen oinarri handiagoaren ondorioz". Aldiz, ekoizpenaren eta bezeroen negozioak %10 murriztu zuen emaitza, Iberiar penintsulan sistema indartzearen ondoriozko ezohiko kostuek eta prezioen beherakadak eraginda. Aktibo arautuen oinarria %12 hazi zen, 51.000 milioi euroraino, eta Erresuma Batuan, Estatu Batuetan, Brasilen eta Australian aurrerapenak egin ziren; gainera, Avangriden eta Neoenergian partaidetza txikiak ere erosi zituen konpainiak.

Inbertsioari dagokionez, guztizkoaren %60 Estatu Batuetan eta Erresuma Batuan kontzentratu zen, eta %62 sareetan. Sortutako energiari eta biltegiratzeari dagokionez, 2.710 megawatt (MW) instalatu ziren urte osoan zehar; egun beste 4.679 MW eraikitzen ari dira, eta 2028 urterako beste 9.000 MW aurreikusten ditu enpresak. 

 

Bestalde, finantza-arloari dagokionez, zor garbia 1.500 milioi eurora murriztu zuen Iberdrolak, 50.200 milioi eurora arte. 21.000 milioi eurotik gorako likidezia du konpainiak, zeinak azaldu duen diru hori nahikoa dela bi urte eta erdi inguruan (29 hilabete) izan ditzaketen finantziazio-premiei erantzuteko. Taldeak 4.500 milioi bideratuko ditu dibidenduak ordaintzera, iaz baino %12 gehiago, eta proposatutako dibidendua 0,68 eurokoa da akzioko.

Gauzak horrela, konpainiako presidente Ignacio Galánek adierazi du 2025a "urte errekorra" izan zela, eta datorren urteetarako hazkunderako giltzarritzat jo ditu Estatu Batuetan eta Erresuma Batuan sareen azpiegituretan egindako inbertsioak. Ildo beretik, gogorarazi du konpainia Espainiako Estatu mailakoa izatetik (2000. urtean jardueraren %1 soilik bideratzen zen beste herrialdeetara) nazioarteko enpresa handi izatera igaro dela, negozioaren %65 Erresuma Batura, Estatu Batuetara, Brasilera, Alemaniara, Frantziara edota Australiara bideratuta egotera, alegia. "Egindako promesak beti betetzen dituen konpainia bat garela erakusten ari gara, are gehiago, promesa horiek gainditu ere egiten ditugu. Guk agindutakoa baino gehiago ematen dugu, eta hori desberdina da beste batzuek egiten dutenarekiko, haiek gero betetzen ez dutena agintzen baitute", gaineratu du presidenteak.