Iberdrolak %50 handituko du EAEn egindako inbertsioa

Lurraldean izango duen inpaktua 12.000 milioi eurokoa izatea aurreikusi du konpainiak

Galan eta Pradales | Argazkia: Iberdrola
Galan eta Pradales | Argazkia: Iberdrola
2025eko azaroaren 14a - 09:11

Datozen lau urteetarako konpainiaren plan orokorra irailean aurkeztu bazen ere, Iberdrolaren EAErako 2025-2028 aldirako plana aurkeztu zion atzo Ignacio Galan presidenteak Imanol Pradales lehendakariari. Estrategiaren arabera, konpainiak %50 handituko du EAEn egindako inbertsioa, sare elektrikoei garrantzia emanda eta 1.300 milioi eurora iritsita.

 

Kopuru hori, ordea, handiagoa da kontuan hartuz gero lurraldeko enpresei egindako erosketak, kontribuzio fiskala, euskal akziodunen soldatak eta dibidenduak: 2028ra bitartean 12.000 milioi euroko inbertsiora iristea kalkulatu du taldeak.

Orokorrean, taldeak 58.000 milioi euroko inbertsio plana izango du, inoiz izan duen aurrekonturik handiena, eta 2021-2024 aldian baino %30 handiagoa. Plantillan 15.000 langile gehitzea ere aurreikusten du.