Enpresa eta erakunde askok adierazi dute Ibermática erosteko interesa, eta BBK Fundazioa da horietako bat. Telefónicak ere urrian iragarri zuen begiz jota zuela Ayesaren dibisio teknologikoa, eta aurrez ere gauza bera egin zuten Blackstone, HIG eta Capvest inbertsio funtsek.
MIkel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak "itxaropenez" ikusten du salerosketa. EnpresaBIDEAren Ekin eta Egin topaketan jakinarazi duenez, Jaurlaritzak eskaintza egin dio Ayesari, BBK Fundazioa eta Kuntxabanken Indar funtsa bidelagun izanik, dibisio teknologikoa "berreskuratzeko". "Gure industria errotu nahi dugu; Ayesa oso enpresa indartsua da, eta ahalegina egingo dugu gure eskaintza irabazlea izateko", azaldu du. Expansion hedabideak aurreratu zuen eskaintza 500 milioi eurokoa dela.
Ibermática 1973an Euskal Herrian sortu zen enpresa teknologikoa da, enpresei eta administrazioei soluzio informatikoak eskaintzeagatik ezaguna. ProA Capital funtsaren pean izan eta gero, 2022an Ayesa konpainia andaluziarrak erosi zuen eta Ayesa IT atalean integratu zen, nahiz eta bulegoak eta jardueraren zati bat Gipuzkoan geratu.
Jauregik gaineratu du Ayesako langileei eta bezeroei "lasaitasuna" adierazi nahi diela Jaurlaritzak, "konfiantza" dutela prozesuan, eta eskaintza irabazlea izatekotan, "gauza gehiago eta hobeak" egin nahi dituztela.