BBKk Ibermaticaren kontrola berreskuratzeko eskaintza bat aurkeztu zuen aste honetan. Kutxabanken akziodun nagusiak Ayesa taldearen atal teknologikoa erosi nahi du, 500 milioi euroren truke. Blackstone, HIG eta Capvest inbertsio funtsek ere Ibermatica erosteko nahia azaldu dute, eta gaurkoan, lehiakide berri bat atera da: Telefonica.
Ibermatica Euskal Herrian sortutako enpresa bat da, Donostian, hain zuzen, 1973an. Urteetan hazkundea izan ostean, Kutxabankek 2012an bere akzioen %4a saldu zuen. 2022an, Espainiako Ayesa taldeak Ibermaticaren %100 erosi zuen, eta Ayesa IT izeneko atalean integratu zuen Ibermatica.
Euskal Herritik alde egin zuen Ibermaticak eta orain gurera itzultzeko saiakera egin nahi du BBKk. Ez du lan erraza izango. Marc Murtra buru duen Telefonicak hurrengo asteartean aurkeztuko du bere plan estrategiko berria, eta ardatzetako bat izango da Ibermaticaren erosketa. Telefonicak iragarri du 500 milioi euroko eskaintza egiteko prest dagoela.
Joan den urtarrilean izendatu zuten Murtra Telefonicako presidente, eta ikusmin handia piztu du hurrengo astean aurkeztuko duen bere lehen plan estrategikoak. Azken hilabeteetan, hainbat desinbertsio egin ditu Hego Amerikan, eta lehen helburu nagusi bezala ezarri du Ibermatica bereganatzea.