Dena dator bueltan, aldaketa batzuekin bada ere. Artearen historia ikasi nuenean ohartu nintzen horretaz. Hala Errenazimenduari Barrokoa gailendu ostean, Neoklasizismoaren txanda heldu zen, berriro ere oinarri klasikoetara bueltatuta. Moda kontuetan adituak direnak ere horren jakitun dira eta kanpai-praken etengabeko itzulera horren adibide da.
Antzera pentsatu dut egun hauetan Uvesco eta Ibermaticari buruzko albisteak ikusita. Bost urte inguru baino ez dira pasa enpresa hauek saldu zirela. Lerroburu ugari bildu zuten bi albisteek, erreferenteak diren konpainien errotzea zalantzan egotearen kezkak eraginda. Oraingoan albisteek kontrako norabidea iradokitzen dute, kapitalak berriz ere etxerako bidea hartuko balu bezala. Itzulera operazio horren bidesaria, baina, ez da merkea izango eta duela lauzpabost urteko prezioa baino dezente gehiago ordaindu beharko dute oraingoan erosleek.
Bi kasuetan eragiketen helburua errotzea bermatzea bada ere, ezaugarriak arras ezberdinak dira. Uvescoren kasuan PAI Partners funts frantziarrari kapitalaren %70 saldu zioten bazkideek. Ezaguna dugu Euskal Herrian PAI Partners, beste enpresa ezagun batzuen kapitalean dagoelako (Angulas Aguinaga, esaterako). Enpresaren negozioa hedatzea eta merkatu kuota handitzea zen funtsaren etorreraren helburua eta, hein handi batean, hala izan da. Datu historikoak lortu ditu talde gipuzkoarrak eta hedapen nabaria izan du, banaketa alorreko eragile txikiagoak erosita, besteak beste.
Hazkunde prozesuetan kapitalaren beharrak handiak izaten dira eta hauspo hori eman dezaketen bertako eragile barik, kapital merkatuetara jotzen dute enpresa askok. Ohikoa da hala jokatzea, baina abantaila beste desabantaila dute halako erabakiek. Batez beste bost urte inguru gelditzen dira halako funtsak enpresen kapitalean, gerora parte-hartzea saltzeko. Heldu, polito jarri eta garestiago saldu. Uvescoren kasuan, Carrefour taldeari saltzeko aukerak alarma gorriak piztu zituen eta jatorrizko bazkideek, oraindik kapitalaren zati minoritarioa kontrolatzen zutenak, euskal labeldun aliantzaren beharra nabarmendu zuten, errotzea mantentzeko. Duela urte gutxi batzuk saldu zutenak errotzearen salbatzaile. Nola aldatzen diren gauzak, kamarada.
Noël D´Anjou Eusko Jaurlaritzako Ogasun Sailburuak mehatxu gisa definitu ditu duela egun gutxi halako funtsak. Bitxiak iruditu zait, egia esan, hitz horiek Jaurlaritzako kide bati entzutea, mehatxu diren horrelako funtsak eragiketa korporatibo askoren protagonista izan direla ikusita.
Errotzearen erronka gako esanguratsua izan zen Eusko Legebiltzarreko azken hauteskundeetan, eta alderdi politikoak norgehiagoka bizian sartu ziren eratu nahi zuten funts subiranoaren baliabideak direla eta ez direla. Jaurlaritzak bide horretan urrats garrantzitsuak eman ditu euskal finantza eragile nagusiekin aliantzak eratze aldera, Uvescoren itzulera operazioan agerian gelditu denez.
Ibermaticarena, ordea, erabat ezberdina da. Aurrezki kutxena izan zen harri bitxia Kutxabankek zatika saldu zuen Europako Banku Zentralak parte hartze industrialak zigortzen zituen legediak bultzatuta. Ayesa konpainia andaluziarra da egun Ibermaticaren jabe. Beste garai batzuk ziren, eta, EBZren presioaz gain, Kutxabankek bere kaudimena eta independentzia bermatzea zuen helburu nagusi. Garaiak aldatu dira, eta behin baino gehiagotan entzun diogu egungo Kutxabankeko zuzendaritzari euskal ekonomian funtsezko eragilea izan nahi duela, eta enpresen errotzearen alde egingo duela. Eratu berri duen Indar Kartera funtsa horretarako gako izan daiteke, Uvescoren kasuan, esaterako. Indar Kartera funtsa Uvesco erosteko ahaleginetan da, beste hainbat erakunderekin batera, hala nola, Stellum Capital (Artizarra) eta Geroa EPSVrekin. Caixabankek Criteria Holdingekin egin bezala, ematen du euskal bankuak enpresetan hartu ditzakeen parte hartzeak beste egitura baten bidez kudeatuko dituela, modu horretan EBZren araudi zorrotza ekidinda. Badirudi, gainera, Kutxabanken akziodun nagusi diren BBK, Kutxa eta Vital Fundazioak ere ildo berean jarduteko asmoa dutela, Talgoren kasuan ikusi genuen bezala.
Ibermaticaren kasuan, BBKk Ayesaren dibisio teknologikoa (Ayesa IT) erosteko asmoa azaldu du. Ez du bide erraza izango muskulu finantzario oso handia duten funtsak dituelako lehiakide, Blackstone, HIG eta CapVest nazioarteko funtsak, besteak beste.
Albiste ona da, zalantza barik, euskal enpresen errotzea lortze aldera ezagutzen ari garen mugimenduak. Bi kasu hauetan, baina, bitxia da saldu zutenen eskutik (edo gertuko eremutik) abiatzea berriro etxera ekartzeko ahalegina. Erraza da atzera begira jarrita kritikak egitea, baina garrantzitsua da unean-uneko erabakiak kokatzeko gakoak ezagutzea.