Nazioarteko merkatuetan haztea eta tokiko sustraiei eustea bateragarriak direla dio Ibon Imaz Ampoko zuzendari nagusiak. Euskal industriak munduko merkaturik zorrotzenetan lehiatzeko gaitasuna baduela sinetsita dago Imaz, eta kooperatibaren etorkizuna berrikuntzan, dibertsifikazioan eta epe luzeko ikuspegian oinarrituta irudikatzen du.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Ampok historiako emaitzarik onenak lortu ditu. Zer ikasi duzue azken urteetako hazkundetik?
Azken urteetako hazkundeak berretsi digu epe luzerako estrategia sendo batek emaitzak ematen dituela. Gure kasuan, nazioartekotzearen aldeko apustua, dibertsifikazioa, berrikuntza teknologikoa, eta bezeroekin dugun gertutasuna izan dira giltzarriak.
Baina, batez ere, ikasi dugu hazkundeak ez duela helburu bat izan behar bere horretan. Inguruan aberastasuna eta enplegu egonkorra sortu, lehiakorragoak izan eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko baliabide bat izan behar da hazkundea.
Hazkundeak beti dakar arriskuren bat. Zerk kezkatzen zaitu gehien gaur egun zuzendari nagusi gisa?
Ziurgabetasun geopolitikoa eta merkatuen aldakortasuna dira gaur egun kezka nagusienetakoak. Energia sektorea eta gure jarduera oso nazioartekoa denez, munduko edozein herrialdetan gertatzen diren gatazka geopolitikoek, merkataritza-neurriek, hornidura-kateetako gorabeherek edo energiaren merkatuetako aldaketek eragin zuzena izan dezakete gure bezeroengan eta, ondorioz, baita gure jardueran ere.
Hala ere, ziurgabetasun hori ez dugu mehatxu gisa soilik ulertzen, baizik eta etengabe egokitzeko beharra gogorarazten digun testuinguru gisa. Horregatik, gure estrategia dibertsifikazioan oinarritzen da: merkatu, sektore eta bezero desberdinetan presentzia izatea, berrikuntzaren aldeko apustua egitea eta epe luzeko ikuspegiarekin jardutea. Horrek aukera ematen digu arriskuak hobeto kudeatzeko eta egoera aldakorren aurrean sendoago erantzuteko.
"Gure bezeroek konfiantzazko bazkide teknologiko bat nahi dute, erronka tekniko konplexuenak konpontzeko gai dena"
Ampo Idiazabalen sortutako kooperatiba da, baina gaur egun mundu osoko proiektuetan dago presente. Zein da nazioartean lehiatzeko euskal enpresa baten indargune nagusia?
Gure ustez, euskal industriaren indargune nagusia kalitateaz haratago doa; ezagutza teknologikoa, berrikuntzarako gaitasuna eta bezeroaren erronka konplexuenei soluzio aurreratuak emateko ahalmena dira benetan bereizten gaituztenak. Ampon ez dugu osagai edo produktu bat soilik fabrikatzen; ingeniaritza, teknologia eta esperientzia uztartzen dituen balio erantsi altuko ingeniaritza soluzioak eskaintzen ditugu, baita gertuko zerbitzua eskaini ere.
Munduko energia-proiektu estrategikoenetan lehiatzeko, ezinbestekoa da abangoardian egotea. Horregatik, etengabe inbertitzen dugu I+Gn, digitalizazioan eta gure gaitasun teknologikoak indartzen. Gure bezeroek ez dute hornitzaile huts bat bilatzen; konfiantzazko bazkide teknologiko bat nahi dute, erronka tekniko konplexuenak konpontzeko gai dena.
Ezagutza teknologiko horrek, gure nazioarteko esperientziarekin eta bezeroekiko epe luzeko konpromisoarekin batera, nazioarteko erreferentziazko proiektuetan parte hartzeko aukera eman digu.
"Kooperatiba eredua lehiarako abantaila bat dela uste dugu"
Hazkundea eta nazioartekotzea uztartzen diren heinean, nola mantentzen dira tokiko sustraiak eta kooperatiba izaera?
Gure sustraiak eta izaera ez dira oztopo bat ez hazteko eta ez nazioartekotzeko; alderantziz, gure nortasunaren parte dira. Idiazabalen jaio ginen, eta bertan mantentzen dugu gure erabaki estrategikoen erdigunea. Handik eraikitzen dugu mundurako dugun proiektua.
Aldi berean, tokiko hornitzaileekin, hezkuntza-zentroekin, unibertsitateekin, teknologia eta ikerketa zentroekin eta inguruko eragileekin dugun lankidetza indartzen jarraitzen dugu. Nazioartean hazteak ez du esan nahi tokiko konpromisoa ahultzea; biak batera joan daitezke.
Ildo beretik, kooperatiba izateak zer nolako eragina du enpresaren lehiakortasunari dagokionez?
Kooperatiba eredua lehiarako abantaila bat dela uste dugu. Kooperatiba izaera eta gure kudeaketa ereduaren ondorioz, pertsonen inplikazioa handiagoa da, proiektuarekiko konpromisoa sakonagoa eta erabakiak epe luzera hartzeko gaitasuna ere handiagoa. Horrek egonkortasuna ematen digu.

Industria-politikaz asko hitz egiten da Europan. Zer behar dute euskal enpresek lehiakorrak izaten jarraitzeko?
Europak industria berriz ere lehentasun estrategikotzat hartu behar du. Azken urteotan argi geratu da industria sendoa izatea ez dela soilik ekonomia kontua; Europak bere gaitasun industriala eta erabakitzeko ahalmena indartzeko, hau da, bere autonomia estrategikoa sendotzeko, ezinbestekoa da. Horrez gain, ongizatearen oinarrietako bat ere bada.
Horretarako, euskal enpresek lehiakortasunerako baldintza egokiak behar dituzte: berrikuntza eta inbertsioa sustatuko dituzten politikak, energia eta lehengai eskuragarri eta lehiakorrak, araudi egonkorrak, eta industria garatzeko epe luzeko ikuspegia, besteak beste. Europak ezin du lehiakortasuna galdu bere enpresen jarduera zailduz; industria indartu behar du, munduko gainerako herrialdeekin baldintza orekatuetan lehiatzeko.
Energia-kostuak, araudia, talentua... zein da gaur egun euskal industriaren ahulgune handiena?
Euskal industriak gaitasun teknologiko handia, nazioarteko esperientzia eta berritzeko kultura sendoa ditu. Erronka nagusia da ingurune gero eta zorrotzago batean lehiakortasun hori mantentzea.
"Digitalizazioarekin lotutako profesionalak eta sektorean esperientzia teknikoa duten hainbat lanbide gero eta zailagoak dira aurkitzen"
Zein arrisku da handiagoa: kostu txikiagoko herrialdeen lehia ala berrikuntza teknologikoaren lasterketa?
Berrikuntza teknologikoan ezin da inoiz erlaxatu; etengabe berritzen jarraitu behar da. Baina gaur egun, guretzat, arrisku handiena ez dator gaitasun teknologikotik. Arlo horretan posizionamendu sendoa mantentzen saiatzen gara etengabe. Kezka nagusia da kostuen lehiakortasuna mantentzea, nazioarteko merkatuan gero eta desoreka handiagoak baitaude.
1.000 langile inguru ditu taldeak. Zer profil profesional kostatzen zaizue gehien aurkitzea?
Digitalizazioarekin lotutako profesionalak eta sektorean esperientzia teknikoa duten hainbat lanbide gero eta zailagoak dira aurkitzen. Industria gero eta teknologikoagoa da, eta horrek prestakuntza maila altua eskatzen du.
Horregatik, guretzat funtsezkoa da talentua Ampora erakartzea.
Zein negozio edo merkatu dira gaur egun Amporen etorkizunerako estrategikoenak?
Energia-sektoreak izaten jarraitzen du gure jardueraren ardatza. Gaur egun, gas naturala, kimika eta petrokimika, fintze-industria eta meatzaritza dira gure merkatu estrategiko nagusiak. Hala ere, gure benetako fokua ez dago sektore jakin batean bakarrik, baizik eta eskakizun tekniko handiko eta balio erantsi altuko aplikazioetan, non gure ezagutza, ingeniaritza-gaitasuna eta teknologia bereizgarri bihurtzen diren.
Imaz: "Hidrogenoa, CO₂aren atzipena eta biltegiratzea (CCS), bioerregaiak eta erregai sintetikoak bezalako teknologiek gero eta protagonismo handiagoa izango dute datozen urteetan"
Etorkizunari begira, gure helburua ez da balbulak soilik hornitzea. Gero eta gehiago, bezeroei balio handiagoa emango dieten soluzio integralak eskaintzea da gure estrategia, balbulak, kontrol-sistemak, automatizazioa eta ingeniaritza uztartzen dituzten sistema integratuen bidez.
Era berean, energia-trantsizioak eskaintzen dituen aukeretan ere aktiboki lanean ari gara. Hidrogenoa, CO₂aren atzipena eta biltegiratzea (CCS), bioerregaiak eta erregai sintetikoak bezalako teknologiek gero eta protagonismo handiagoa izango dute datozen urteetan, eta Ampon gure ezagutza eta gaitasun teknologikoa sektore horien garapenean jartzen ari gara jada.
Euskal Herriko industriaren etorkizunari erreparatuta, baikorra zara?
Baikorra naiz. Euskal industriak behin eta berriz erakutsi du munduko merkatu zorrotzenetan lehiatzeko gai dela. Gure erronka gaitasun hori etorkizunean ere indartzen jarraitzea izango da.
Zein da Amporen helburua bost edo hamar urtera begira? Nola irudikatzen duzu kooperatiba?
Etorkizunean ere erreferente industrial izaten jarraitu nahi dugu mundu mailan, balio erantsi handiko ingeniaritza soluzioetan oinarrituta. Hazten jarraitu nahi dugu, baina betiere modu jasangarrian.
Ampo nazioarteko enpresa gero eta indartsuagoa irudikatzen dut, baina sustrai kooperatiboei eutsiz: pertsonak erdigunean jarriz, berrikuntzaren aldeko apustua eginez eta gure ingurunearekin konprometituta. Hori da gure etorkizunaren oinarria.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta