Industriak emakumeen talentua behar du

Sektoreko % 24,6 besterik ez dira emakumeak. Hain zuzen ikusgarritasuna eman eta genero arrakalaz hausnartzeko asmoz, 'Women in Industry' jardunaldiak antolatu dituzte egunotan BECen, Biurtekoan

Sandra Montes Cometel enpresako zuzendari orokorra eta ScrapAdeko fundatzailea | Argazkia: Maite Reizabal Sandra Montes Cometel enpresako zuzendari orokorra eta ScrapAdeko fundatzailea | Argazkia: Maite Reizabal

Biurtekotik buelta bat ematea nahikoa da baieztatzeko makina-erremintaren sektorean zeharo maskulinizatuta dagoela oraindik. Fabrikazio aurreratuaren alorreko datu zehatzak ez badira ere, Professional Women Networken (PWN) datuen arabera, industriako langileen % 24,6 besterik ez dira emakumeak, eta gehiengoak administrazio eta kontabilitate postuetan egiten du lan, balio handiko lanpostuetan, alegia, baina ez hainbeste teknikoetan. "Denbora daramagu enpresa esparruko berdintasunaz hizketan, eta ohartzen ari gara ekonomiaren arlo guztietan dagoen arrakala txikitzea zaila dela. Industrian, arrakala hori, are nabariagoa da", azpimarratu du Ana Andueza Bilboko PWNko presidenteak. Hori gutxi balitz, Bizkaiko enpresa industrialen kasuan, konpainien % 40k besterik ez du berdintasun plana. "Uste dugu oztopo bat besterik ez dela haren lehiakortasuna garatzeko. Azken batean, ekonomiaz, jasangarritasunaz, eta eraldaketaz ari gara, eta horretarako talentua behar dugu. Beraz, ikusten dugu industriak indartu behar duela emakumeok zerbait erakargarritzat jo dezagun, garapen profesionalerako aukera gisa ikus dezagun", gaineratu du.

Arrazoi horiek direla medio, WIN Women in Industry izeneko hiru eguneko jardunaldia antolatu du Bilboko PWNk BIEMH makina-erremintaren biurtekoaren testuinguruan, AFM eta BEC azokaren arduradunekin batera, eta Bilboko udalaren babesarekin. Atzo hasi zen, eta bihar bukatuko da. Helburua argia da: industriako zein ekonomiako askotariko sektoreetan ari diren emakumeak ikusarazi, eta haiei ahotsa ematea. "Jardunaldietan ezagutza izugarria duten emakume horiei guztiei ikusgarritasuna eman nahi genien, lidergo eta ardura gaitasun handiak dituztenei alegia, eta gainera ardura postuak edo nolabaiteko lanpostuak lortu dituztenei. Baina euren ezagutzatik hitz egin dezaten nahi dugu. Ahotsa eman nahi diegu teknologia esparruan lan egiten duten emakume bezala", azpimarradu du Anduezak.

Ana Andueza: "Uste dugu genero arrakala oztopo bat besterik ez dela industriaren lehiakortasuna garatzeko"

Horren adibide da atzo egindako industriaren erronka teknologikoei buruzko mahai ingurua, zeinetan Jasone Altuna Ibermaticako Utilities alorreko buruak eta Carmen García IBM Consultingeko bazkideak parte hartu zuten, besteak beste. "Emakumeak ez dira ardura postuetan edo zuzendaritza postuetan emakume izateagatik bakarrik; gaitasun eta konpetentziak dituztelako heltzen dira, hara iristeko borrokatu duelako", azaldu du PWNko presidenteak.

Erreferenteak oholtzara

"Erreferente on asko daude, eta horiek erakustea ezinbestekoa da enpresentzat eta datozen belaunaldietako neska gazteentzat ere", dio Sandra Montesek, Cometelen zuzendari orokorrak. Montesek adierazi duenez, bere ibilbidean "zorte handia" izan du, baina egindakoa nabarmentzekoa da. Ingeniaritza industriala eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzarako gradua ikasi zituen. Hainbat enpresatatik igaro ondoren, Cometelera, Elgoibarren (Gipuzkoara) dagoena, iritsi zen 2014an. Ez zen edozein enpresa; bere familiaren enpresa zen, 1987an sortua, bera jaio baino urtebete lehenago. Beste bi urtez bere burua prestatu eta 2016an konpainiaren ardura hartu zuen, 28 urterekin. "Ardura izan zen, profesionalki eta familiarki. Askotan, enpresa familiarrak duen karga, zentzurik onenean, profesionala izateaz gain, emozionala ere bada. Enpresa toki onean lagatzeak ilusio asko ematen du baina buruhauste asko ere", azpimarratu du. Hondakinen garraiorako eta distribuziorako soluzio adimenduetan dihardu. Gainera, ScrapAd start-uparen fundatzaileetako bat da, eta birziklatutako materialen salerosketarako marketplace edo online plataforma da. Era berean, AFMko administrazio kontseiluko kidea da Montes.

"Cometelera iristean, nagusiki gizonezkoena zen enpresa batekin egin nuen topo. Azken batean, birziklatzeko materialen salerosketako sektorea oso tradizionala eta maskulinoa izan ohi da", nabarmendu du. Prozesua ez zen erraza izan, eta onartzen du zenbait oztopo topatu izana emakume izateagatik. Hala ere, "anekdotatzat" jotzen ditu, eta berriro ere "zortea" izan duela nabarmendu du. Hain zuzen, Montesek zabaldu zuen Women in Industry konferentzia zikoa, Sormena, Berrikuntza eta Generoa izeneko hitzaldiarekin. "Askotan dirudi sormen eta berrikuntza horretan gizonak hobeak direla. Ez dut uste hobeak direnik; soilik gehiago direla, presentzia handiagoa dutela, alegia. Zentzu horretan uste dut erakutsi behar dugula emakumeok arlo horretan egiten dugun lana. Eta neskei esan posible dela, eta nahi beste lortu dezaketeela", adierazi du.

Sandra Montes: "Erreferente on asko daude, eta horiek erakustea ezinbestekoa da enpresentzat eta datozen belaunaldietako neska gazteentzat ere"

Cometelekoaren ustez, lau dira zutabeak. Lehenengoa, enpresa. "Ez soilik enpresa familiarra, lehen ere beste enpresetan izan naiz eta beti eduki ditut oso lankide eta arduradun onak, eta beti asko lagundu didate hazten eta ikasten, beraz, uste dut enpresa oso faktore garrantzitsua dela", azpimarratu du. Bigarrena, formazioa. Kasu honetan, arrakala formakuntzatik bertatik datorrela adierazi du: unibertsitate mailako ikasleen % 56 emakumeak izanik ere, soilik % 26k hautatzen du ingeniaritza eta % 14k informatika. Erdi mailako eta goi mailako graduetan, are nabariagoa da: ikasleen % 46 emakumezkoak izanik, soilik %6,6k hautatzen du fabrikazio mekanikoa, eta % 3k inguru garraio eta mantenuari lotutako zikloak. "Esan dudan moduan, ezin gara enpresa batera sartu eta formazioan ez duguna enpresetan espero", adierazi du. Zentzu horretan, oro har gazteentzat industria erakargarri bihurtzeko erronka garrantzitsua dela aipatu du. "Zerbait zikintzat jotzen da, baina hori erabat aldatu da", kontatu du.

Hirugarrena familia: "familiak bultzatzen duen mentalitatea hor dago". Bere ibilbidean, gainera, behin eta berriro aipatu ditu aitite, gurasoak, anaia eta senarra. Eta, azkenik, gizartea: "askotan emakumeari ematen dizkiogun lan extra horiek nola banatu birpentsatu behar dugu". Azken honi lotuta, zenbaitetan emakumeok "gure buruarekin zorrotzagoak izateko ohitura dugula" azpimarratu du

Adinaren erronka

Aipatutakoez gain, genero arrakalan eragiten duten bestelako faktoreak aipatu dituzte Anduezak eta Montesek, gizarteko esparru guztietan ikusten direnak. Horietako bat da ardura postuetan ordezkari gutxi izatea. Montesek partekatutako Deloitten datuen arabera, enpresen administrazio kontseiluetan % 20 dira emakumeak, eta lehendakarietatik % 6. Ardura postuetan emakumeak direnean, gainontzeko ardura karguen % 34 inguru izan ohi dira emakumeentzat; ardura postuetan gizonak izanez gero, % 19. Anduezak azpimarratu duenez, "sektore feminizatuenetan ere gizonak dira ardura postuetan batez ere". Beste arrazoi batzuk dira kultura enpresarialaren aldaketa beharra, lan eredu ez oso erakargarriak, zaintzaren ardura emakumeen gain —"Pertsona dependiente bat zaintzeko enplegua utzi edo lanorduak murrizten dituztenen % 70 emakumeak dira"—, gaitasun konplementarioak balioan jartzeko beharra, eta emakume erreferenteen falta.

Zikloak industrian eta teknologiaren garapenean fokua jartzeaz gain —bai gaur, bai bihar—, beste bi gai ere jorratuko ditu: talentu seniorra eta gizonak aliatu gisa. Bi gaiei buruzko hitzaldi eta mahai inguruak ostegun goizean egingo dira.

Zikloak industrian eta teknologiaren garapenean fokua jartzeaz gain, beste bi gai ere jorratuko ditu: talentu seniorra eta gizonak aliatu gisa

Lehenengoari dagokionez, abiapuntu izango du nola emakumeek euren burua berrasmatu dezaketen 50 urte betetzen dituztenean eta lanik gabe daudenean. "Egia da berriro ere lanean hasteko zailtasunak gizon eta emakumeentzat berdintsuak direla. Alegia, talentu seniorrak galdu egiten dira erakunde guztietan, nire ustez. Baina emakumeen kasuan, esango nuke, are garrantzitsuagoa dela. Izan ere, Sandrak lehen aipatu bezala, emakumeek are konfiantza gutxiago dute euren buruan oro har, eta 50-55 urteekin enpresa bat uzten duenean, askotan bere burua ez dute gai ikusten berrasmatzeko edo lanerako beste bide bat topatzeko", azpimarratu du Anduezak. PWNko bazkide asko emakume nagusiak dira, eta badira egoera horri aurre egin behar izan diotenak. Horretarako programa eta hitzaldi espezifikoak lantzen dituzte, birziklatu eta ahalduntzeko.

Bigarrenari lotuta, biek ala biek nabarmendu dute ezinbestekoa dela gizonek ere bat egin dezaten, eta emakume eta gizonen arteko osagarritasuna bilatzea. Hain zuzen, bide horretatik ari dira lanean Cometelen, non geroz eta emakume gehiago izanik ere, gizonak gehien diren oraindik; PWNko 260 bazkideen artean ere badira zenbait gizon, tartean administrazio kontseiluko hamahiru kideetako hiru. Edozein kasutan, inertzia puskatzea da gakoa.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK