• ENPRESAK GAUR
  • Iñigo Echeverria (Krean): “Elikagaien sektorearen eraldaketan erreferente izaten jarraitu nahi dugu"

Iñigo Echeverria (Krean): “Elikagaien sektorearen eraldaketan erreferente izaten jarraitu nahi dugu"

Proiektu integralak eta bezeroekin konfiantzan oinarritutako harremanak funtsezkoak direla dio Krean Groupeko ingeniariak, eta elikadura sektorearen etorkizuna jasangarritasunaren, digitalizazioaren eta berrikuntzaren bueltan kokatzen du

Iñigo Echeverria  | Argazkia: Krean
Iñigo Echeverria | Argazkia: Krean
2025eko uztailaren 10a - 05:30
Eg. 2025eko uztailaren 11a - 13:27

Iñigo Echeverria Aldunate (Iruñea, Nafarroa, 1977) ingeniaria da eta gaur egun Krean Groupen Elikadura eta Edariak saileko arduraduna da. Elikadura industriaren inguruko ingeniaritza proiektuen diseinuan eta garapenean esperientzia handia du, eta sektoreko enpresa erreferenteekin lan egin izan du. Gaur egun, elikadura sektorearen erronka berriei aurre egitea eta proiektu jasangarriak sustatzea ditu ardatz.

 

Zer egiten duzue zehazki Elikadura eta Edarien sailean?

Gure jarduera elikagaien industriarako ingeniaritza-proiektuetan oinarritzen da. Ekoizpen-planta berriak diseinatzen ditugu, edo lehendik dauden instalazioetan esku hartzen dugu, hala nola prozesu-lerro berriak ezarriz, energia-sistemak edo ingurumen-sistemak hobetuz, handitzeak eginez... Elikaduraren arloan espezializazio handia duen ikuspegitik koordinatzen ditugu diziplina guztiak.

 

Nolakoa da zuen eguneroko jarduna?

Oso dinamikoa da. Etengabeko koordinazioa eskatzen du hainbat profiletako teknikoen artean, eta harreman estua bezeroekin zein hornitzaileekin. Proiektu bakoitza bakarra da, eta horrek gure lana askotarikoa eta aberasgarria bihurtzen du.

Zein dira elikadura-instalazioak diseinatzerakoan izaten dituzuen erronka tekniko nagusiak?

Ezinbestekoa da elikagaien segurtasuna bermatzea. Horretarako, ondo ezagutu behar da jarduera bakoitza, eta kontuan hartu behar dira, besteak beste, pertsonen eta produktuen fluxuak, erabilitako materialak eta ingurumen-baldintzak. Gainera, badira beste ezaugarri batzuk ere, hala nola lehengai jakin batzuen urtarokotasuna edo produktu askoren bizitza erabilgarri mugatua. Bestalde, gero eta zorrotzagoa den ingurumen-araudiari egokitu behar gatzaizkio, eta noski, eraginkortasun ekonomikoa eta energetikoa ere bermatu behar ditugu.

Nolakoa da zuen harremana bezeroekin proiektuak garatzen dituzuen bitartean?

Gure eredua laguntza integralean oinarritzen da, proiektuaren hasierako definiziotik martxan jarri bitarte. Hurbileko eta epe luzeko harreman baten aldeko apustua egiten dugu. Bezero askorekin urteak daramatzagu elkarlanean, eta horrek konfiantza eta haien espektatibei benetan erantzuten dieten proiektuak gauzatzen laguntzen du.

Zuen proiektuen artean Mahou San Miguel, PepsiCo, Florette eta IAN taldea bezalako enpresak nabarmentzen dira. Zein izan da zuretzat bereziki esanguratsua edo erronka handiena?

Proiektu bakoitzak bere erronkak ditu: kokapena, eskala, epeak, berrikuntza teknikoak eta abar. Gure lanaren alderdirik interesgarriena da ez daudela bi proiektu berdin, eta, horren ondorioz, beti ari gara ikasten. Batzuk inguruneko baldintzengatik dira konplexuak; beste batzuk, berriz, erabiltzen dituzten teknologiengatik. Proiektu guztiek uzten dute nolabaiteko arrastoa gure taldean.

"Proiektu bakoitzak bere erronkak ditu: kokapena, eskala, epeak, berrikuntza teknikoak eta abar. Gure lanaren alderdirik interesgarriena da ez daudela bi proiektu berdin"

Instalazio industrialez gain, enpresen garapen estrategikoan ere laguntzen duzue. Zein garrantzi du ikuspegi estrategiko horrek arkitektura eta ingeniaritza proiektuetan?

Kasu askotan, etorkizuneko ikuspegia errealitate egituratu bihurtzen laguntzen diegu enpresei, plan gidarietan islatuz eta epe ertain eta luzeko helburuei modu ordenatuan heltzeko urrats zehatz eta errealistak ezarriz. Konpainien eraldaketa eta hazkundea ikuspuntu tekniko batetik gidatuko duten ibilbide-orriak lantzen ditugu.

Zein joera nagusi ikusten ari zarete gaur egun sektorean?

Automatizazioa, iraunkortasuna eta digitalizazioa dira norabidea markatzen ari diren ardatzak. Instalazioek gero eta produktiboagoak izan behar dute, eta, aldi berean, ingurumenarekiko errespetutsuagoak eta eraginkorragoak. Elikagai osasungarriago eta pertsonalizatuagoen aldeko apustu argia ere ikusten ari gara. Ildo horretan, proteina alternatiboekin lotutako proiektu berritzaileetan lan egin dugu, hala nola intsektuetan, mizelioetan edo haragi kultiboan oinarritutakoetan. Horien industrializazio eskalatua izango da etorkizuneko erronka handietako bat.

Jasangarritasuna eta digitalizazioa geroz eta presenteago daude. Zein punturaino daude txertatuta zuen eguneroko lanean?

Jasangarritasuna eta digitalizazioa gure eguneroko lanean erabat txertatuta daude dagoeneko. Gaur egun, ezinbesteko bektoreak dira. Uraren kontsumoa, energia berriztagarrien erabilera edo hondakinen kudeaketa bezalako gaiak hasieratik hartzen dira kontuan.

Era berean, prozesuen monitorizazioa eta kontrola ezinbesteko elementuak bihurtu dira. Duela urte batzuk bereizgarriak ziren alderdi horiek, baina gaur egun derrigorrezkoak dira eta hasieratik daude txertatuta proiektu guztietan.

Zein erronka nagusi ikusten dituzu elikadura-sektorean datozen urteetarako?

Iraunkortasunaren eta digitalizazioaren bidean aurrera egiten jarraitzeaz gain, kontsumitzaile informatuago batera egokitu behar da sektorea, baita araudi berrietara eta gero eta zalantzazkoagoa den testuinguru global batera ere. Klima-aldaketak edo ezegonkortasun geopolitikoak eragin zuzena dute elikadura-katean. Beste erronka nagusietako bat da teknikoen talentua erakartzea eta fidelizatzea.

Krean Mondragon taldearen barruan dagoen kooperatiba bat da. Zure ustez, nola eragiten du kooperatiba izaerak zuen eguneroko lanean edo bezeroekin duzuen harremanean?

Kultura kooperatiboak gure lan egiteko modua errotik zehazten du. Proiektu bakoitzean inplikatzen gara, gure propioa balitz bezala. Epe luzeko harremanetan sinesten dugu, konfiantzan oinarrituta, bai talde barruan eta bai bezeroekin. Eredu honek konpromisoa sustatzen du, eta horrek emaitza sendoak dakarzkigu.

"Gure helburu nagusia elikadura eta edarien sektorean erreferentziazko ingeniaritza izaten jarraitzea da. Proiektu eraginkorrak, seguruak, jasangarriak eta teknologikoki aurreratuak garatzen jarraitu nahi dugu"

Zer nabarmenduko zenuke Kreanen lan egiteko moduan?

Elkarlana. Garatzen ditugun proiektuak konplexuak dira eta diziplina anitzeko taldeek egiten dituzte. Aniztasun handiko perfilek parte hartzen dute, elkar ulertu, koordinatu eta bakoitzak bere ezagutza espezifikoaren inguruko ekarpenak egiten ditu. Profesional bakoitzak bere esperientzian oinarrituta hitz egiten du, benetan menperatzen duen hori partekatu eta proiektuaren zerbitzura jarrita.

Zer aholku emango zenioke elikadura eta edarien industriaren barruan lan egin nahi duen ingeniari edo arkitekto gazte bati?

Alde batetik, ondo prestatzeko aholkua emango nioke, baina, batez ere, uneoro jakin-mina izatearen garrantzia nabarmenduko nioke. Elikadura industria zirraragarria da eta etengabe aldatzen doa. Begiak eta belarriak zabalik mantenduz gero, inoiz ez diozu ikasteari utziko.

Zein da Kreanen Elikadura eta Edariak sailaren hurrengo helburu estrategikoa?

Gure helburu nagusia elikadura eta edarien sektorean erreferentziazko ingeniaritza izaten jarraitzea da. Proiektu eraginkorrak, seguruak, jasangarriak eta teknologikoki aurreratuak garatzen jarraitu nahi dugu. Laburbilduz, sektorean bereizgarri izango diren eta erreferente diren proiektuetan parte hartuz sendotu nahi dugu.