
Mohammed Jabri Marokon Nazioarteko Merkataritzako masterra egindakoa zen, eta Crédit Agricole Bankuan lanean ariturikoa. Gipuzkoan zegoela, lan-aukerak bilatzeko nahian, Oarsoaldea Garapen Agentziako enplegu zerbitzura jo zuen, eta Administrazio Kudeaketa ikastaroa egiten hasi. "Orientatzaileak esan zidan garraio enpresa bat zegoela langile bila. Elkarrizketa egin ostean, haiekin hasi nintzen lanean", kontatu dio EnpresaBIDEAri. Enpresaren izena Transnatur zen, Irunen kokatua, Gipuzkoako lehenengo hiru garraio enpresen artean dagoena. "Gu beti prest gaude formazio zentroekin lan egiteko. 140 langile gara, eta %90 praktiketan hasi gara hemen lanean. Oso formatzaile gara", azaldu du Unai Puebla Mejías Transnaturreko trafiko arduradunak.
Patxi Arrazola (Oarsoaldea): "Banan-banan haiekin bildu ginen eta planteamendu pertsonalizatuak egin genituen. Eta, aldi berean, haiek lan egin zezaketen hainbat eremu identifikatu genituen"
Jabriren eta Transnaturren bideak gurutzatzeko W izeneko proiektua izan da gako, Oarsoaldea Garapen Agentziak sustaturikoa. Izan ere, agentziaren ildoetako bat da enplegu zerbitzuaren bitartez enplegagarritasuna sustatzea, Lanbiderekin eta gainerako instituzioekin lankidetzan. "W proiektuak bi erronkari erantzuten die: paperik gabeko pertsonak trebatzea, lan baimena, erresidentzia eta, oro har, erregularizazioa lor dezaten; eta enpresei laguntzea, pertsonak formatu eta bertan lanean has daitezen", adierazi du Patxi Arrazola Oarsoaldea Garapen Agentziako Enplegu Zuzendariak. "Win-win bat", gehitu du.
Erregularizaziorako bidea
Proiektua orain hiru urte jarri zuten martxan. Izenaren zergatia esanguratsua da. "Paperik gabeko pertsona batek enplegu zerbitzuan izena ematen duenean, w hizkiarekin identifikatzen da bere egoera", kontatu du Arrazolak. Hiru ezaugarri bete behar ziren proiektuan parte hartzeko: paperik ez izatea, DBE Diru-sarrera Bermatzeko Errenta kobratzea eta, gutxienez, hiru urte erroldaturik egotea Gipuzkoan. Lanbideren datu basean zeudenetatik 200 lagunek betetzen zuten baldintza hori Oarsoaldea eskualdean. "Banan-banan haiekin bildu ginen eta planteamendu pertsonalizatuak egin genituen, eurak ezagututa, lan ibilbidea ikusita euren herrialdeetan eta geurean. Eta, aldi berean, haiek lan egin zezaketen hainbat eremu identifikatu genituen, baita enpresak bisitatu ere", esan du Oarsoaldeakoak.
Gauzak hala, 35 hautatu zituzten enpresetan lanean aritzeko, Berpiztu programaren baitan lorturiko finantzaketari esker. Azken hori Eusko Jaurlaritzak EAEko eskualde zaurgarrienei laguntzeko duen programa da. Pertsonen egoerak, baina, ez zuen ahalbidetzen zuzenean lan kontratua eskaini ahal izatea. "Enpresei eskaintzen geniena zera zen: pertsonak lehenik praktikak eta plan formatiboa egitea bertan, eta behin hori eginda, ikustea aurrera egiten zuten edo ez", azaldu du Arrazolak. Aurrera egiten zuten kasuetan, dokumentazioa prestatzeko pausoak abiatu ziren. Zifra zehatzak partekatu ditu Arrazolak: 35etik 30 kasuetan prestatu zuten dokumentazioa, eta 23k erregularizazioa lortu, Jabrik tartean.
Unai Puebla (Transnaturreko langilea): "Gu beti prest gaude formazio zentroekin lan egiteko. 140 langile gara, eta %90 praktiketan hasi gara hemen lanean. Oso formatzaile gara"
"Gu oso pozik gaude. Azken batean Mohammed hasi zenean Oarsoaldea ere hor izan zen. Jarraipena egiten zuten, helburuak jartzen zizkiguten astean eta hilean... Eta egun beste langile bat da", gaineratu du Pueblak. Esportazio departamentuan aritzen da Jabri, zerbitzu administratiboetan, eta hiru urte beteko ditu enpresan. Norvegiara, Finlandiara, Suediara, Danimarkara eta Marokora esportatzen du enpresak besteak beste. "Marokotik etorrita, bere ikuspegia eskaintzen du, eta ezagutza hori ere baliotsua da enpresarentzat", mahaigaieratu du Transnaturrekoak. "Ni ere pozik nago: jendearekin, arduradunekin... Zortea da Transnaturren lanean aritzea", dio Jabrik.
Ongizatea eta eskubideak
W proiektua bigarren edizioan murgilduta dago. Edizio honetan 15etik 13k lortu dute erregularizazioa, Arrazolak kontatzen duenaren arabera. Baina lorpenez harago, inklusioa lehiakortasunaren motor gisa aintzat hartzen duen proiektutzat jo daiteke W. Ongizate eta duintasun kontuaz gain, bizi den testuinguruari erantzuna emateko beharrezko bidea da. "1970eko hamarkadan genuen pertsona aktibo kopuru bera dugu lan-merkatuan; aldiz, pertsona horien adina hamarkada horretakoa baino askoz altuagoa da", azpimarratu du Mercedes Oleaga Orkestrako Antolakuntza arduradun eta Ongizate Labeko kideak. "Era berean, garai horretan populazioaren %2 ziren migratzaile, eta egun %12az ari gara", gehitu du.
Modu orokorrean —ez soilik migratzaileen kasuan—, laneko merkatutik eta alderdi sozialetik at geratzen diren pertsonak badirela gogorarazi du Orkestrakoak. "Inklusio hori, euren parte hartze aktiboa, hainbat ildotatik sustatu daiteke: ongizate edo osasunari loturiko dimentsioetan, baina baita ongizatearen zerbitzura dagoen lehiakortasunean egiten duten ekarpenean ere, lanaren, formakuntzaren, kapital sozialean parte hartzearen eta abarren bitartez". Beste hitz batzuetan, hori baita inklusioa ongizatearen zerbitzura dagoen lehiakortasunaren ikuspegitik.
Mohammed Jabri (Transnaturreko langilea): "Ni ere pozik nago: jendearekin, arduradunekin... Zortea da Transnaturren lanean aritzea"
Oleagak, baina, beste elementu bat mahaigaineratu du: zertaz ari garen talentuaz ari garenean. "Badirudi zenbaitetan talentua soilik kualifikazio altuko pertsonak direla. Nire ustez gaitasunak dituzten pertsonez ari gara, lan merkatuak dituen beharrei erantzuna eman diezaieketenak, besterik gabe". Izan ere, erreleboa ezinbestekoa izango da.
Horretan, baina, badira albo batera utzi ezin diren bi elementu Oleagaren ustetan. Bata da elkarlan publiko-pribatua. "Gobernantza kolaboratibotik heldu behar zaie trantsizio demografikoaren erronkei: erakunde publikoetatik, bitarteko eragileetatik, unibertsitateetatik, LH zentroetatik, Lanbidetik...". Egiten ari den lan horren adibidetzat jarri du 2023ko Enpleguaren Euskal Legea.
Mercedes Oleaga (Orkestra): "Literaturak dio enpresen kudeaketa ereduek eta pertsonak kontratatzeko ereduek arau jakin batzuk jarraitu ohi dituztela. Hala, zenbait pertsona hortik kanpo geratzen dira, eta enpresen pertzepzioa da jendea falta dela. Jakin behar da beste modu batera lan egiten"
Beste elementua da enpresen parte hartzea eta egin beharreko txip aldaketa, bai belaunaldi berrien eskakizunak aintzat hartzeko, bai pertsonen hautaketa prozesuak gauzatzeko moduei dagokienez. "Literaturak dio enpresen kudeaketa ereduek eta pertsonak kontratatzeko ereduek arau jakin batzuk jarraitu ohi dituztela. Hala, zenbait pertsona hortik kanpo geratzen dira, eta enpresen pertzepzioa da jendea falta dela. Jakin behar da beste modu batera lan egiten dagoeneko hemen errotuta dagoen pertsona horien gaitasunak aprobetxatzeko", plazaratu du Oleagak. Zentzu horretan, nabarmendu du W proiektuak bide interesgarria zabaldu duela.