Irene Molero Gurrutxaga (Tolosa, 1980), Euskadiko Garapenerako Gobernuz Kanpoko Elkarteen Koordinakundeko (Euskadiko GGKE koordinakundea) koordinatzaile nagusia da 2012az geroztik. Zientzia Politikoak eta Administrazioetan lizentziatua da, Nazioarteko Garapenerako Lankidetzan eta Berdintasunerako Politika Publikoetan masterduna eta Giza Eskubideetan graduondokoa burututakoa.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Zuk zuzentzen duzun Euskadiko GGKE koordinakundearen eta hura osatzen duten erakundeen lana ezagutzen ez duenarentzat, zein da sektoreak EAEn mugitzen duen ekonomia-, finantza- eta enplegu-muskulua?
Gaur egun 85 erakundek osatzen dugu Koordinakundea. 2025ean, denera 949 proiektu egin ditugu, erakunde publiko zein pribatuen dirulaguntzei esker 90 milioi euroz hornituak. Pertsonei dagokionez, 429 langile gaude 85 elkarte horietan, eta horietatik %73 emakumeak dira. Oso profil kualifikatua da: %90ek baino gehiagok goi-mailako ikasketak ditu eta horietako askok baita graduondokoak ere.
Dimentsio kuantitatibo hori beharrezko erreferentzia dugu eboluzioa jarraitzeko, krisien beherakadak identifikatzeko eta politikariengan intziditzeko, baita gizartean gure lana ezagutzera emateko ere.
Nola eragiten diete egungo krisi sistemikoek (inflazioak, krisi klimatikoak eta tentsio geopolitikoek) Hegoalde Globaleko tokiko ekonomiei, eta hortaz, Koordinakundea osatzen duten erakundeen lanari?
Geopolitikak lankidetza eredua oztopatzen du; herrialde askotatik botatzen gaituzte edo lana administratiboki trabatzen digute, eta egokitzea tokatzen zaigu. Ekonomikoki zein politikoki egoera oso zaila da. Sektorean ez dago inflazioari egokitutako hazkunde bat eta ez dago konpromiso politikorik. Eusko Jaurlaritzaren kasuan, duela 20 urteko aurrekontuekin mugitzen gara. Proiektuak ere aldatu dira: lehen azpiegiturak egiten ziren; gaur egun batez ere autonomia prozesuak lantzen ditugu eta horien kostuak txikiagoak dira. Dena dela, guztia oso era prekarioan egiten dugu eta eragina du langileen soldatetan eta proiektuen eragiteko gaitasunean.
Euskadiko GGKEen Koordinakundearen ikuspegitik, zein neurritan jarraitzen du Iparraldeko herrialdeen eredu ekonomiko eta komertzialak garapen bidean dauden herrialdeekiko desberdintasun-arrakala betikotzen?
Munduak hartu duen bidearekiko nahiko modu alternatiboan ari gara gu. Munduko arazoak interkonektatuta daude eta arazo estrukturalak berdinak dira, baina eragina ez. Europan arazoek jendearen egunerokoan eragina duten arren, pribilegio egoera batean gaude beste leku askorekin alderatuta. Guk ikuspegi horrekin egiten dugu lan: hemengo gizarte zibil antolatuaren bidez, hango gizarte zibilek eskubideen murrizketen aurrean abiatzen dituzten prozesuekin bat egin eta elkarlanean aritzen gara.
Erakunde publiko batzuek %0,7ko konpromisoa betetzen dute, baina beste batzuek ez. Gasteizko Udala %0,7tik gertu dago; Donostia eta Bilbo ez dira iristen, baina kantitate duinetan daude, eta Aldundiek ere gorakada bat eman dute. Eusko Jaurlaritza, ordea, murrizketak egiten ari da
Ba al dago benetako koherentziarik Eusko Jaurlaritzaren garapen-politiken eta eskualdeko korporazio handientzako inbertsio-erabakien artean?
Iaz modu parte-hartzailean onartu zen Euskal Lankidetza Legea, baina gerora Eusko Jaurlaritzak 10.4 artikulua aldatu du bere kabuz, armekin zerikusia duten negozioetan parte hartzea galarazten zuena. Aldaketa hori inbertsio ekonomikoei begira koherentea da, baina ez garapen jasangarrirako ereduarekin. Katalunian, adibidez, Giza Eskubideen Institutuak ikertzen du bertako enpresek zer-nolako jarrera eta ekonomia modelo sustatzen duten munduan. Hemen horrelako zerbait egitea gustatuko litzaiguke, baina ez dago Giza Eskubideetan oinarritutako gauzetan inbertitzeko borondate politikorik; gure aldarria hortik doa.
GGKEek ekonomia sozial eta solidarioa (ESS) edo bidezko merkataritza bezalako eredu eraldatzaileak defendatzen dituzte. Zure ustez, zer urrats urgente eman behar dituzte euskal erakundeek alternatiba horiek nitxo izateari utzi eta produkzio-sistemaren erdigunera igaro daitezen?
Zoritxarrez, beste logika batek irabazi du kontakizuna eta alternatibak oso periferikoak edo osagarriak balira bezala ikusten dira. Gu geu ere sistemaren parte gara eta badugu zer hobetu; adibidez, ziur Koordinakundeko erakundeek ere banka tradizionalarekin etikoagoarekin baino gehiago lan egiten dugula. Azken batean uste dut bidea dela alternatibei zentralitatea eskaintzea, periferikoak izan ez daitezen, baina gauza horiek gizarte antolatutik eta kaletik ere etorri behar dira; ezin dugu GGKEak izan erantzule bakarrak.
Enpleguaren eta genero-ekitatearen ikuspegitik, nola laguntzen du Hirugarren Sektore Sozialak "zainketen ekonomia" esaten diogunari eusten, bai tokiko mailan, bai nazioartean?
Gizartearen parte garen heinean, arrakala badagoela ikusten dugu egiten ditugun barne genero diagnostikoetan. Halere, irla bat garela iruditzen zait; kontzientzia dugu eta hausnartzeko guneak bideratzen ditugu. Nazioartean laguntzen ditugun prozesuek ere oso sistematikoki jartzen dute fokua horretan. Oso gogorrak gara gure buruarekin eta akatsei gehiegi erreparatzen diegu, baina lanketa handia egin dugu. Gure sektorean dagoen arrakala mutur batean dago eta industria sektorekoa beste mutur batean; ez daukagu zerikusirik inguruarekin.
Mugimendu soziala politika publiko bilakatu da dirulaguntzen bidez, eta eguneroko energia gehiena prozesu burokratiko zailak kudeatzen joaten zaigu
GGKEek lankidetzarako aurrekontu publikoen %0,7ko konpromisoa betetzea eskatzen duzue. Zein da euskal GGKEen egungo finantza-errealitatea gastuari eusteko egoera ekonomiko honetan?
Erakunde publiko batzuek etxeko lanak nahiko ondo egiten dituzte eta %0,7ko konpromisoa betetzen dute, baina beste batzuek ez; batez beste erdian gaude. Gasteizko Udala %0,7tik gertu dago; Donostia eta Bilbo ez dira iristen, baina kantitate duinetan daude, eta Aldundiek ere gorakada bat izan dute. Eusko Jaurlaritza, ordea, murrizketak egiten ari da. 2008ko datu absolutuetan gaude eta portzentajeetan dezente okerrago; horrek galera dakar proiektuetan zein langileengan.
Dirulaguntzen burokratizazio gero eta handiagoaren eta justifikazio ekonomikoaren eskakizunen aurrean, GGKEek proiektu-kudeatzaile huts bihurtzeko arriskua al dute, eraldaketa politiko eta sozialeko eragile bihurtu beharrean?
Mugimendu soziala politika publiko bilakatu da dirulaguntzen bidez, eta eguneroko energia gehiena prozesu burokratiko zailak kudeatzen joaten zaigu. Lan administratiboak jendearekin konektatzeko denbora kentzen digu eta horrek gizartetik urrundu eta zilegitasun arazoak ekarri dizkigu. Hala ere, tresna aproposa gara, gobernantza eredu berriei eta demokrazia inklusiboari ekarpen handia egiten diegulako partaidetza espazioetan. Koordinakunde bezala zubi-lan hori egin dezakegu.
Nahiz eta oso etsigarria izan, ezin diegu injustizia guztiei erantzuna eman. Gure aurrekontua aurrekontu publikoaren %0,3a da, ezin dugu gainontzeko %99,7a gure gain hartu.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta