ITP Aerok eta Idekok lankidetza berretsi dute

2007an hasi ziren elkarlanean, eta gaur hala jarraituko dutela baieztatu dute bi erakundeek BIEMHen

BIEMHen sinatu dute akordioa | Argazkia: Ideko
BIEMHen sinatu dute akordioa | Argazkia: Ideko
2026eko martxoaren 5a - 12:24

2007 urteaz geroztik elkarrekin lan egin dute ITP Aerok eta Idekok, eta badirudi aliantzak beste zenbait urtez jarraituko duela bizirik. Gaur bertan berretsi da bi erakundeen arteko akordioa, Makina-Erremintaren Biurtekoan elkartu baitira hitzarmena sinatzeko Rafael Lizarralde Idekoko zuzendari nagusia eta Jaime Fernández Castañeda ITP Aeroko I+G zuzendaria.

 

Hala, bi eragileek lankidetza sustatzen jarraituko dute, eta azaldu dutenez, funtsezko ardatzak izango dira fabrikazioari aplikatutako adimen artifiziala, prozesuen monitorizazio adimenduna, simulazioa eta datuen analitika bezalako teknologia aurreratuen garapena eta ezarpena.

Idekoko zuzendari nagusiak “motibatuta” daudela adierazi du, eta bi erakundeen arteko konfiantza “urteak aurrera egin ahala sendotu” egin dela baieztatu du. ITP Arokoak ere “giltzarritzat” jo du Idekorekin duten lankidetza, “sektore aeroespazialaren eraginkortasuna eta jasangarritasuna bultzatuko dituzten teknologiak garatzen jarraitzeko”.

 

Ia 20 urte elkarrekin

2007an lehen elkarlan akordioa sinatu zutenetik, zenbait alor lantzen joan dira bi erakundeak, eta urteak pasa ahala fokua non jarri aldatzen joan dira. Hasiera batean, zehaztasun ingeniaritzaren, bibrazioen eta makinen portaera dinamikoen arloan egin zuten lanketa, eta ondoren soluzio mekatronikoen garapenera pasa ziren.

2015. urtean sortutako Aeronautikako Fabrikazio Aurreratuaren Zentroak (CFAA) “funtsezko eginkizuna” izan duela adierazi dute bi enpresek, “bi erakundeen konpromosioaren isla” baita “industria aeroespazial jasangarriago, digitalago eta lehiakorrago baten alde”.

Zenbait fase ondoren, 2020. urtean “jauzi esanguratsua” izan zuen lankidetzak: digitalizazio industrialaren garaiari hasiera eman zioten. Garai hartatik, Idekok prozesuen monitorizazio aurreratuan laguntzen dio ITP Aerori.