Itsasoko plastikoa desagerrarazteko olatuan

Amaia eta Julen Rodríguez anai-arrebek sortutako Gravity Wave ekimenak 7.000 arrantzalerekin egiten du lan Mediterraneoan, eta itsasoko hondakinak produktu bilakatzen ditu

Itsasoko hondakinekin sortutako panelak | Argazkia: utzita
Itsasoko hondakinekin sortutako panelak | Argazkia: utzita
Imagen 122
Kazetaria
2026eko otsailaren 17a - 05:30

Amaia Rodríguez 33 urteko iruindarra Txinako Hangzhou hirian bizi izan zen hiru urtez. Madrilen Enpresen Administrazioa eta Kudeaketa gradua ikasi ostean joan zen Asiako herrialdera, “ur kristalinoak eta are zuriko hondartzak” aurkitzeko esperoan, baina, horren ordez, "plastikozko kutsadura” ikusi zuen nonahi.

 

Txina eta Asiako Hego-Ekialdean ikusitako panoramari buruz hitz eta pitz aritu zen gerora bere ingurukoekin. Tartean, bere neba txikia Julenekin ere aritu zen. Garai hartan LEINN Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza gradua ikasten zebilen Julen Mondragon Unibertsitatean. Bada, anai-arrebek 2019an sortu zuten Gravity Wave proiektua, 2020ko maiatzaren 6an ofizialki enpresa gisa erregistratu zena.

Calpe, egoitza ezin hobea Mediterraneoan

Ekimena hasieratik Alacanteko Calpen (Espainia) finkatu zuten, non bi Rodrígueztarren familiaren zati bat zuten. Gainera, “Valentziako eskualdea oso kokapen aproposa da hango arrantza-jarduera eta birziklatze-industria dela eta”, dio Amaiak.

 

Konpainiako lantaldearen zati batek Madriletik egiten du lan. Kontu komertzialak eta marketinaz arduratzen dira bertan batik bat. Julenek, aldiz, Iruñeatik egiten du lan, bertako bezeroekin “aliantzak” sortzeko helburuarekin.

Egun, Gravity Wave konpainia “lanaldi osoan dauden zortzi pertsonek osatzen dute”, argitu du Rodríguezek, baina horiez gain, azpikontratatutako zenbait langile ditu.

Hasierako akatsak eta ondorengo arrakastak

Hasiera batean, plastikozko zaborrarekin mugikorrentzako azalak eratzea bururatu zitzaien, eta horretarako Alacanteko fabrika batekin elkarlanean hasi ziren, zeinak “inbertitzaile pribatu gisa” jardungo zuen. Hala ere, handik lortutako produktua “oso kalitate txarrekoa” izan zen eta ezin izan zutela saldu gogoratu du Rodríguezek.

Hala, ekintzaileek erabaki zuten B2C (business-to-customer) eredutik B2B (business-to-business) eredu batera aldatzea; hau da, enpresei saltzea, zuzenki kontsumitzaileei saltzearen ordez. Enpresekin jarri ziren kontaktuan, zaborren garbiketaz ardura zitezen, eta hainbat froga egin zituzten birziklatze-instalazioetan, non hondakinekin panelak, hirirako altzariak, apainketak eta bestelakoak sortu zituzten.

unnamed (1)
Itsasoko hondakinen bidez hainbat produktu sortzen ditu The Gravity Wave proiektuak | Argazkia: utzita

Beste eragileekin egindako gako-akordioak

Gravity Waven jarduera hiru ardatzetan oinarritzen da. Lehena “ikerketa” da, zeinaren arabera “egunero aztertzen dira argitalpen zientifikoak", batez ere Nazio Batuen Erakundeak, IUCN Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Erakundeak, gobernuz kanpoko erakundeek eta bestelako entitateek lantzen dituztenak. Izan ere, “ozeanoa oraindik ere oso ekosistema ezezaguna" dela aldarrikatu du Rodríguezek.

Beste ardatzetako bat “ekintza” da, eta hura gauzatzeko, “jarduerak hedatzen dira eta norekin hitz egin behar den identifikatzen da”. Azken ardatza, aldiz, “aliantzak” dira. Horien bidez bezero potentzialak bilatzen dituzte. Hala, hitzarmenak sinatu dituzte arrantzaleekin, edukiontzien hornitzaileekin eta bildutako plastikoa daramaten garraiolariekin.

Orotara, Espainian, Italian, Grezian eta Egipton kokatutako 7.000 arrantzalerekin eta itsas portuetako enpresekin akordioak erdietsi ditu Gravity Wavek. Egipton, esaterako, iaz lortu zuten lehen akordioa, Nilo ibaitik doan plastikoa itsasora irits ez dadin. “Arrantzaleak kofradietan antolatzen dira, eta hauekin jartzen gara kontaktuan elkarrekin lan egiteko”, azaldu du Rodríguezek.

Amaia Rodríguez: “Itsasoan aurkitu daitekeen plastikoaren %40 arrantza-sareetatik dator”.

Gainera, Kanaria Handian (Espainia) ere hasi dira ekimenak egiten, hiriko San Cristóbal portuan, hain zuzen. Rodríguezen hitzetan, “oso urrats handia da”, hondakinen baliabideen kudeaketa eta garraioa “Iberiar Penintsulan baino zailagoa” baita bertan.

Hedapen horri esker, 40.000 tona plastiko kendu dituzte Mediterraneo osoan, eta aurten 120.000 tona kentzea espero dute; hau da, orain artekoa baino hiru aldiz gehiago. Rodríguezek ohartarazi du: “Itsasoan aurkitu daitekeen plastikoaren %40 arrantza-sareetatik dator”.

Sariduna

Cartier Women´s Initiative izeneko nazioarteko ekintzailetza programan 2024. edizioko bigarren saria erdietsi zuen Amaia Rodríguezek. Urtebete lehenago aurkeztu zen programan: “Hautaketa oso zaila eta zorrotza izan zen; elkarrizketak enpresako inbertitzaile, hornitzaile eta bezero guztiei egin zizkieten, eta konpainiaren alderdi guztiak aztertzen zituzten”, azaldu du Gravity Waven sortzaileak. Cartier Women'sekin kolaboratzea “bikaina da, aukera asko eta ikusgarritasun handia ematen digu eta”, gehitu du.

unnamed (2)
Argazkia: utzita

Hedapena eta kontzientziazioa, etorkizunerako eginkizunak

Gravity Wavek ikerketa eta garapenean inbertitu nahi du aurrerantzean, besteak beste, fabrikatzen dituzten panelak nola hobetu ikusteko. Horrez gain, Rodrígueztarren taldeak urte hauetan sortutako marka “nazioartekoagoa” egin nahi du.

Enpresaren jardueraren %90 Espainiako Estatuan gauzatzen da, non “ongi finkatuta” dauden, Rodríguezen esanetan. Hala ere, “enpresari izaera globala” eman nahi zaio, “globala den arazo bati erantzuna ematearren”.

"Merkatuko ekonomia kapitalistan, hondakinen berrerabiltzeari balioa ematea da gai hau kontuan hartzea lortzeko bide bakarra”

Konpainiak kontzientziazioari ere ematen dio garrantzia. Zaborraren murriztea, Rodríguezen ustez, “beharrezko lana da, baikortasunez egin behar dena, konponbideetan zentratuz”.

Helburu horrekin “sentsibilizazio-tailerrak” eskaintzen dizkiete enpresei, ikasleei eta inbertitzaileei. Halako egitasmoak egitea, ordea, erronka izan daiteke; izan ere, “munduko hainbat tokitan, jendeak askotan ez dauka jateko ere, beraz, itsasoko zaborraren murrizketa ez dago haien lehentasunen artean. Merkatuko ekonomia kapitalistan, hondakinen berrerabiltzeari balioa ematea da gai hau kontuan hartzea lortzeko bide bakarra”, ondorioztatu du Rodríguezek.