Izarkomek bulego berri bat irekiko du Iruñean

Kooperatibak bi bulego izan ditu orain arte: Irunen eta Bilbon. Euskal pilota sustatzeko elkarlanean arituko da Goiener, Gipuzkoako Pilota Federazioa, Hamaika Telebista eta Tokikomekin batera

"Elkarlan estrategikoa" abiatu du Izarkomek | Argazkia: Izarkom
"Elkarlan estrategikoa" abiatu du Izarkomek | Argazkia: Izarkom
2026eko urtarrilaren 14a - 11:31

Izarkomek bulego berri bat izango du Iruñean. Euskal Herriko telekomunikazio operadore kooperatiboaren hirugarren bulegoa izango da, Irungoaren (Gipuzkoa) eta Bilbokoaren ondotik, eta datorren urtarrilaren 22an irekiko ditu ateak ofizialki.

 

Nafarroako hiriburuko Kale berria 10 zenbakian izango da bulegoa. Izarkomek 15 langile ditu egun (5 Bilbon eta 10 Irunen) eta ikusteko dago ea bulego berriarekin lantaldea handituko duten.

Espazio berriaren inaugurazio ekitaldia arratsaldeko 19:00etan egingo da. Kooperatibak azaldu duenez, ekitaldi bateratua, jan-edana eta kultur eskaintza izango da, Mintxo Astitz eta Ainara Yeregi bertsolariak eta DJ Moreiraren eskutik.

 

Iazko apirilean jazotako itzalaldia dela eta, Goiener eta Izarkom kooperatibek energia eta telekomunikazio esparruko lankidetza estrategikoari ekin zioten, eta horren lehen urratsa Itzali sistema, piztu alternatiba izeneko manifestua izan zen. Ekimenak “babes zabala” jaso duela azaldu du kooperatibak, eta Iruñeko bulegoa irekitzea bide berri horren bigarren urratsa dela nabarmendu.

Euskal pilota sustatzeko elkarlana

Orain arteko lankidetzarekin jarraiki, Izarkomek eta Goienerrek, Gipuzkoako Pilota Federazioarekin eta Tokikom eta Hamaika Telebistarekin batera, “elkarlan estrategikoa” abiatu dute. Euskal pilotaren sustapena eta gizarteratzea helburu duen egitasmoa izango da. “Honen bitartez, kirol hegemonikoen aurrean tokia galdu duen gure ondare kirol eta kulturala indartu, zabaldu eta gazteengana hedatzea bilatzen dugu”, argitu dute Izarkometik.

Hala, Gipuzkoako Pilota Federazioaren txapelketa finalen ikus-entzunezko seinalea zabaltzeko proiektuak gauzatuko dituzte elkarlanean. Izarkomek Internet konexioa eta ikus-entzunezko estaldura bermatuko du, eta partidak federazioaren YouTube kanal ofizialean, Hamaika TB eta Tokikom telebista kateetan transmitituko dira. Horrekin batera, Izarkomek Trinkete txapelketa guztiak babestuko ditu (Izarkom Saria izena hartuz).