• ENPRESAK GAUR
  • Izaro Fernandez: “Lehen pausoa genero-rolak apurtzea da"

Izaro Fernandez: “Lehen pausoa genero-rolak apurtzea da"

IIS Biobizkaiako Postdoc ikerlariak garuneko irudien analisirako metodologia berriak garatzen ditu

Izaro Fernandez ISS Biobizkaiako doktoretza osteko ikertzailea | Argazkia: utzita
Izaro Fernandez ISS Biobizkaiako doktoretza osteko ikertzailea | Argazkia: utzita
IMG 0321
Kazetaria
2026eko otsailaren 11a - 05:30

Izaro Fernandez Iriondo IIS Biobizkaiako Postdoc ikerlaria da. Fisikako Gradua EHUn ikasi zuen, eta, ondoren, Konputazio Ingeniaritza eta Sistema Adimendunak (KISA) masterra egin zuen Donostiako Informatika Fakultatean. Emakume zientzialariaren egunean gogorarazi nahi izan du emakumeen presentziaren garrantzia eta haien ikusgarritasuna sustatzeko beharra.

 

Noiz hasi zinen IIS Biobizkaian?

Fisikako Graduko azken ikasturtea Granadan egin nuen SICUE programari esker. Bertan, “Sistemas Complejos” irakasgaian, neuronen sinkronizazio-eredu bat garatu nuen, eta esperientzia horrek asko motibatu ninduen. Une horretan argi izan nuen arlo horretan lanean jarraitu nahi nuela. Granadan egindako lagun batek Jesus Cortés ikerlariari buruz hitz egin zidan eta haren kontaktua eman zidan; izan ere, bera IIS Biobizkaiako Neuroimagen Computacional departamentuko zuzendaria da. Horrela jarri nintzen harekin harremanetan, eta, ordutik, gradu amaierako lanetik doktorego tesia amaitu arte, berarekin aritu naiz lanean IIS Biobizkaian.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Zer egiten duzu bertan?

Gradu amaieratik gaur egun arte garuneko erresonantzia magnetiko bidezko irudien analisian aritu naiz. Irudi horiek sare moduan irudikatzen ditut grafoen teoriaren bidez, eta sare horien egitura eta dinamika aztertzea da nire lan nagusia. Garun-sareak testuinguru desberdinetan nola aldatzen diren ikertzen dut, bai egitura aldetik, bai funtzioari dagokionez. Horretarako, fisikako, estatistikako eta neurozientziako kontzeptuak uztartzen ditut, garuna ikuspegi global batetik ulertzeko.

Ez dut gaixotasun zehatz bati buruzko ikerketa egiten, baina garun osasuntsuaren funtzionamendua ulertzea funtsezkoa da ondoren agertzen diren alterazio atipikoak eta horien ondoriozko patologiak hobeto interpretatzeko.

Ikerketa horiek nori zuzenduta daude?

Nire ikerketa-lerroa, batez ere, garuneko irudien analisirako metodologia berriak garatzera bideratuta dago, eta horrek zuzenean lotzen gaitu osasun-sektorearekin. Gure helburu nagusia garatzen ditugun tresnak eta ezagutzak aplikazio errealetara eramatea da, eta bide horretan, gero eta lankidetza gehiago ari dira sortzen osasun-arloko profesionalen eta ikerlarion artean. Oraindik badago zer hobetu, baina elkarlan hori indartuz gero, ikerketaren inpaktua handitzeko eta pazienteen ongizatean benetako eragina izateko aukera handiak daude.

Nolakoa da zure eguneroko lana?

Duela gutxi Ingeniaritza Informatikoko doktorego tesia defendatu dut, baina egia esan, eguneroko lan-dinamika ez da gehiegi aldatu. Alde nagusia da orain askatasun handiagoa dudala ikerketa-lerro berriak esploratzeko, eta ez nagoela proiektu bakar batera hain estu lotuta. Horrek aukera ematen dit interes-arlo berrietan sakontzeko eta gauza desberdinak probatzeko, eta hori oso motibatzailea da niretzat. Izan ere, nire lana oso dinamikoa da: etengabe agertzen dira ideia eta erronka berriak, eta horrek azken berrikuntzen berri izatera eta etengabe eguneratzera bultzatzen gaitu. Gainera, etengabe pentsarazten duen lana da, buruari buelta asko ematea eskatzen duena, eta erronka intelektual hori da, hain zuzen ere, gehien gustatzen zaidana.

"Funtsezkoa iruditzen zait hezkuntzan eta erreferenteetan arreta jartzea, emakume zientzialariak badaudelako, baina askotan ez direlako behar adina ikusarazten"

Egunerokoan, denbora asko ematen dut ordenagailu aurrean: proiektuak garatzen, datuak aztertzen eta artikuluak idazten. Horrez gain, talde-bileretan parte hartzen dut, kongresuetan gure lanak aurkezteko aukera izaten dugu, eta beste ikerlarien lanetatik ikasteko espazioak ere baditugu. Hala ere, ikerketa-munduaren errealitatearen parte da burokrazia ere: beka eta diru-laguntzen mende gaudenez, denboraren zati handi bat eskaerak prestatzen, dokumentazioa betetzen eta administrazio-lanetan ematen dugu.

Fisikako Gradua EHUn ikasi zenuen, argi zenuen gaztetatik hori egin nahi zenuela?

Fisikako Gradua Euskal Herriko Unibertsitatean egin nuen, Leioan. Egia esan, batxilergoan nengoenean ez nuen oso argi zer ikasi nahi nuen, eta hori askori gertatzen zaigun zerbait dela uste dut. Gauza asko interesatzen zitzaizkidan: lehen postuan Fisika jarri nuen, baina Filosofia eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak ere kontuan hartu nituen. Txikitatik matematikak gustatu izan zaizkit eta arazoak ebazteak asko motibatzen ninduen, eta horrek STEAM arloko ikasketetara bideratu ninduen azkenean. Garrantzitsua iruditzen zait belaunaldi berriek jakitea ez dela dena hasieratik argi izan behar: jakin-mina izatea, probatzea eta beldurrik gabe aukerak esploratzea nahikoa izan daiteke bide propioa eraikitzen hasteko.

Masterra ere egin duzu?

Bai, Konputazio Ingeniaritza eta Sistema Adimendunak (KISA) masterra egin nuen Donostiako Informatika Fakultatean. Fisikako gradu amaierako lana egiten ari nintzela konturatu nintzen datuen analisiarekiko interes handia sortzen ari zitzaidala, baina, aldi berean, oinarri sendoagoak behar nituela, bai maila teorikoan, bai praktikoan. Inguruko pertsona batzuek master honen berri eman zidaten, eta aukera polita iruditu zitzaidan nire profila osatzeko.

Ikasturte hartan Donostian bizitzea ere esperientzia oso berezia izan zen niretzat. Akademikoki asko ikasi nuen, baina pertsonalki ere asko hazi nintzen. Gaur egun, nire lanean erabiltzen ditudan tresna eta kontzeptu askoren oinarriak bertan ikasi nituen, eta atzera begiratuta, nire ibilbidean pauso oso garrantzitsua izan zela uste dut.

"Oso garrantzitsua da inguruan beste emakume batzuk izatea, elkarri eustea, esperientziak partekatzea eta sareak sortzea"

Gaur, egun garrantzitsua da: emakume zientzialariaren eguna ospatzen da, teknologia munduan emakumearen ikusgarritasuna sustatzea helburu duena. Zure kasuan, zer nolako esperientzia izan duzu?

Nire ibilbidean bizi izan dudana gizartean dagoen errealitatearen isla da. Gradutik, masterretik eta doktoregotik igaro naizen etapa guztietan, gehienetan gizonezkoak izan dira nagusi inguruan, eta emakumeen presentzia txikiagoa izatea ez da kasualitatea. Horregatik, funtsezkoa iruditzen zait hezkuntzan eta erreferenteetan arreta jartzea, emakume zientzialariak badaudelako, baina askotan ez direlako behar adina ikusarazten.

Ikasketek eta ikerketak presio handia dakarte askotan, eta halako momentuetan ez da nahikoa soilik laneko babesa izatea. Oso garrantzitsua da inguruan beste emakume batzuk izatea, elkarri eustea, esperientziak partekatzea eta sareak sortzea. Nire kasuan, egia da ibilbide honetan zehar ez dudala emakume askorekin topo egin, baina ezagutu ditudan horiek gaur egun nire lagun onenetako batzuk dira. Sortzen diren loturak oso bereziak dira, elkar ulertzeko modu berezi bat sortzen delako. Hala ere, atzera begiratuta, asko eskertuko nuke etapa hori emakume gehiago inguruan izanda egin izana.

Zergatik uste duzu emakumeek gaztetatik zientzia munduarekin deskonektatzen dutela?

Nire esperientziatik abiatuta, uste dut horren atzean erreferente faltak eta transmititzen diren mezu sozialek eragin handia dutela. DBH hastear nengoenean, nik behintzat, ez nuen emakume zientzialari erreferenterik: ez irakasgaietan, ez testuliburuetan, ezta inguruko diskurtsoetan ere. Ikusten nituen emakume zientzialari gutxiak, gainera, askotan film edo istorio idealizatuetan agertzen ziren, ia beti aparteko talentua zuten “genio” moduan aurkeztuta, salbuespen gisa.

"Oraindik ere askotan lotzen ditugu zientzia, teknologia edo ingeniaritza mutilen eremuarekin, eta horrek eragin zuzena du neskon konfiantzan"

Irudi horrek kalte handia egiten du, mezu inplizitu bat bidaltzen duelako: zientzian aritzeko berezia izan behar zara. Eta hori ez da egia. Ez dugu jenioak izan behar, ezta gaitasun berezirik izan ere. Baina errealitatea da nesken eta mutilen artean jasotzen dugun motibazioa eta hezkuntza soziala ez direla berdinak. Askotan ematen du guk gehiago frogatu behar dugula toki berera iristeko, eta hori ez da normala. Aldatu beharreko zerbait da, eta horretarako hezkuntzan, ereduen ikusgarritasunean eta diskurtsoetan eragin behar dugu.

Zer egin beharko genuke hori ez gertatzeko?

Lehen pausoa genero-rolak apurtzea da, txikitatik jasotzen ditugun mezuak zalantzan jartzea eta neskek zein mutilek aukera berdinak dituztela argi transmititzea. Oraindik ere askotan lotzen ditugu zientzia, teknologia edo ingeniaritza mutilen eremuarekin, eta horrek eragin zuzena du neskon konfiantzan, motibazioan eta hartzen ditugun erabakietan.

Horrez gain, ezinbestekoa da emakume zientzialariei ikusgarritasun handiagoa ematea: ikastetxeetan, testuliburuetan, komunikabideetan eta sare sozialetan. Ez soilik izen handiak edo kasu bereziak erakutsiz, baizik eta gaur egun ikerketan, unibertsitateetan eta enpresetan lanean ari diren emakumeak ere agerian jarriz, neska gazteek beren burua hor islatuta ikusi ahal izan dezaten.

"Ikertzen jarraitzea, irakastea eta uneoro ikasten jarraitzea da nire etorkizunerako ametsa"

Eta, jakina, ingurune seguruak sortzea ere oso garrantzitsua da: galderak egiteko, huts egin eta ikasteko espazioak, presiorik eta estereotiporik gabe. Horrela bakarrik lortuko dugu neska gehiago STEAM arloetan geratzea, gustura, konfiantzaz eta beren buruengan sinetsita.

Zergatik da hain garrantzitsua kalitatezko ikerketak eta berrikuntza eraginkorra bultzatzea?

Ikerkuntzak gizartea babesten duelako eta gure bizi-kalitatea hobetzen duelako. Osasun-arloko ikerketan oso argi ikusi genuen Covid-19aren garaian: ikerkuntzak bizitzak salbatzen ditu. Mundu osoko ikerlariak eta osasun-profesionalak elkarlanean jarri ziren egoera horri aurre egiteko, eta horrek erakutsi zuen zientziak gizartearentzat duen balioa zein handia den.

Baina, aldi berean, kontraesana da oraindik ere ikerlarion lan-baldintzak askotan prekarioak izatea. Ezin dugu ikerkuntza pasio hutsean oinarritu, ezta bokazioarekin justifikatu ere. Baldintza duinak, egonkortasuna eta zientzia-politika sendoak behar ditugu, ikerketa-sistema jasangarria izan dadin eta epe luzera benetako eragina izan dezan.

"Ikerkuntzan inbertitzea ez da gastu bat: etorkizunean inbertitzea da"

Azken finean, ikerkuntzan inbertitzea ez da gastu bat: etorkizunean inbertitzea da. Eta etorkizun hori sendoa, bidezkoa eta jasangarria izatea nahi badugu, gaurtik hasi behar dugu zientziari dagokion tokia ematen.

Etorkizunari begira, non ikusten zara?

Ikerketa-munduaren funtzionamenduagatik, egia da etorkizuna ezin dela oso zehazki planifikatu, proiektu, beka eta kontratuen araberakoa delako neurri handi batean. Horrek ziurgabetasuna dakar, eta hori errealitate bat da sektorean lanean gabiltzanontzat.

Nire kasuan, gustatuko litzaidake unibertsitatean irakaskuntzan aritzea, zientzia gizartera hurbiltzea eta belaunaldi berriak motibatzea. Aldi berean, ikerketa-proiektuak garatzen jarraitu nahiko nuke, bi alderdi horiek (irakaskuntza eta ikerkuntza) uztartzea oso aberasgarria iruditzen zaidalako. Azken finean, ikertzen jarraitzea, irakastea eta uneoro ikasten jarraitzea da nire etorkizunerako ametsa.