Euskaltel telekomunikazio operadoreak jakinarazi du Jasone Altuna Palacios izango dela konpainiaren zuzendari nagusi berria, ekainaren 1etik aurrera. Euskaltelek prentsa-oharrean jakinarazi duenez, izendapen berriak helburu du EAEn eta Nafarroan inbertsioaren, berrikuntzaren eta digitalizazioaren aldeko estrategia indartzea. Kargu berri horretaz gain, Altuna MasOrangeko Hego Euskal Herriko arduraduna ere izango da. Hala, zuzendari nagusi berriak Jon Ander de las Fuentes ordezkatuko du, eta, gainera, Euskaltelen Administrazio Kontseiluko kide izango da.
Konpainaiko Kontseilluak eskerrak eman dizkio de las Fuentesi azken urteetan egindako lanagatik. Bere agintaldian, Euskaltelen egiturazko aldaketak gauzatu dira, besteak beste, talde handiagoetan integratzea (MasMovil eta MasOrange) eta sarearen modernizazioa. Halaber, azken urteetan merkatu-kuotan eta bezeroen asebetetzean lortutako emaitzak nabarmendu dituzte konpainiatik.
Jasone Altunak 25 urte baino gehiagoko ibilbidea du aholkularitzan eta teknologia arloan, eta bere ibilbide profesionala EAEn garatu du batez ere. Enpresa ezberdinetan eskarmentua pilatu ondoren, eraldaketa digitalarekin, negozio-garapenarekin eta bezero handien kudeaketarekin lotutako lanetan aritu da. Telekomunikazio sektorean ere jarduna izan du, eta horrek "merkatuaren eta sektorearen beharrei buruzko ikuspegi estrategikoa duela" bermatzen du.
Zuzendari berriak azaldu duenez, bere helburuen artean egongo da administrazio publikoentzat eta enpresentzat irtenbide berriak garatzea, lurraldearen garapen digitala bultzatzeko. “Konpromiso osoz hartzen dut ardura hau, bezeroei zerbitzu egokia eskaintzen jarraitzeko eta konpainiaren posizioa sendotzeko”, adierazi du Altunak.