• ENPRESAK GAUR
  • Jon Gurrutxaga (GFA): "Re-Think Industry ETEak elkar ezagutu eta bizipenak elkarbanatzeko plaza da"

Jon Gurrutxaga (GFA): "Re-Think Industry ETEak elkar ezagutu eta bizipenak elkarbanatzeko plaza da"

Enpresen kasu praktikoak eta hitzaldi inspirazionalak izateaz gain, Gipuzkoako eragile ekonomikoen mahaia izango du aurtengo edizioak lehen aldiz

Jon Gurrutxaga Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzako zuzendaria da | Argazkia: GFA
Jon Gurrutxaga Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzako zuzendaria da | Argazkia: GFA
Maite Reizabal Arregi
EnpresaBIDEA egunkariko zuzendaria
2026ko urriaren 21a - 05:30
Eg. 2026ko urriaren 21a - 08:43

Gaur abiatuko da Re-Think Industryren V. edizioa, Kursaalen (Donostian). Beste urtebetez, enpresa txiki eta ertainen topagune izateko asmoarekin antolatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, baita haiei laguntzeko asmoz ere. Jon Gurrutxaga erakundeko Berrikuntza zuzendariarekin hitz egin du EnpresaBIDEAk jardunaldiaren nondik norakoak zehazteko.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Re-Thinkek V. edizioa du aurtengoa. Zergatik jarraitzen du beharrezko izaten?

Ongizate maila mantentzeko ekonomia indartsua behar dugu. Horretarako gure enpresek iraunkor eta lehiakorrak izaten jarraitu behar dute. Re-Think Industry lurraldeko enpresa txiki eta ertainak elkar ezagutu eta bizipenak elkarbanatzeko plaza da. Izan ere, Gipuzkoa lurralde txikia izanik ere, handi egiten gaituena hori delako: etorkizuneko erronkei elkarlanean aurre egitea. 

 

Gure lurraldea ETEz osatua dago, beraz, zentzu guztia du horrelako ekitaldi bat eurei bideratuta izatea. Horren adierazle da jauregia bete egiten dela. Eta bost urte pasa eta gero, esango nizuke, itxuraz, asmatu genuela, eta gaur egun ekitaldia inoiz baino biziago dagoela.

"Bost urte pasa eta gero, esango nizuke, itxuraz, asmatu genuela, eta gaur egun ekitaldia inoiz baino biziago dagoela"

Aurtengo edizioa zerk bereiziko du aurreko edizioetatik?

Ekitaldiak orain arte hiru atal bazituen ere, aurtengoak lau izango ditu. Labur-labur azalduko dizkizut. Lehen hitzaldia inspirazionala izaten da; mundu eta Europa mailan bisio estrategikoa duten pertsonak ekartzen ditugu, eta Gipuzkoan zer nolako indargune eta ahulezia ditugun aztertzea eskatzen diegu. Aurten Iván Martén Orkestrako presidentea izango da. 

Ondoren, eta hor dator ezberdintasuna, lehenengo mahai ingurua izango dugu, Gipuzkoako eragile ekonomiko nagusiekin, besteak beste Adegi, Gipuzkoako ganbera, Kutxa Fundazioa eta Aldundia bera. Horretan industriaren lehia posizioa indartzeko gakoak aztertuko dituzte.

Hirugarren atalean, bi mahai inguru izango ditugu, eta protagonistak, ohikoa den bezala, ETEak izango dira. Aurten, enpresen lehiakortasuna mantentzeko ezinbestekoak diren bi gai horratuko ditugu: talentua eta berrikuntza teknologikoa. 

Eta bukatzeko, teknologikoagoa eta joerei lotuagoa izaten den hitzaldia edukiko dugu, David Hurtado, Microsofteko berrikuntza arduradunak eskainiko duena, adimen artifizialari buruz.

Labur-labur azaldutako horretan sakondu dezagun pixka bat. Lehen hitzaldi inspirazionalerako zergatik hautatu duzue Iván Martén aurtengo ediziorako?

Esan bezala, lehen hitzaldia mundu mailako bisio zabala duen norbaitek ematen gustatzen zaigu, baina Gipuzkoako errealitatea ondo ezagutzen dutenak. Aurreko urteetan horrela egin dugu. Eta Iván Martének ere Gipuzkoako eta Euskadiko errealitatea zein den jakiteaz gain, ikuspegi zabalago hori ere badu. Horregatik jo dugu beregana.

Gipuzkoako eragileen solasaldian, aurten lehen aldiz egingo denean, industriaren lehia-posizioa indartzeko gakoez arituko zarete. Zuretzat, Berrikuntza zuzendari gisa, zeintzuk dira mahai gainean izan behar diren elementu batzuk?

Gaur egun enpresen erronka nagusia azkartasuna da. Gerrek, lehengaiek, energia kostuek, lehiak... egokitzera behartzen gaituzte, baina batez ere, teknologiaren abiadurak, AArekin bereziki. Hori are nabarmenagoa da ETEentzat, zailagoa egiten baitzaie horri guztiari bakarrik aurre egitea. Horren aurrean berrikuntza da palanka nagusietako bat, eta hiru faktore nabarmenduko nituzke: teknologia, lankidetza eta talentua. 

Teknologian Gipuzkoak oinarri ona du. I+G gastua lurraldeko BPGaren %2,74 da, eta digitalizazioak, automatizazioak eta AAk aukera ematen dute produktu zein zerbitzu berriak garatzeko, eta ekoizkortasuna eta malgutasuna irabazteko. Era berean, erronka da berrikuntza-inbertsioak inpaktu zuzena izatea eta islatzea enpresen hazkundean eta lehiakortasunean. Horretarako ez da nahikoa gehiago inbertitzea, baizik eta inbertsio hori ETEen eguneroko errealitatera iristea.

Eta horretarako, nire ustez, beste bi faktoreak funtsezkoak dira. Batetik, enpresek, zentro teknologikoek, Lanbide Heziketak, unibertsitateek eta administrazioak elkarrekin lan egin behar dugu. Aldundiaren eginkizuna da ezagutza hori enpresa txikietaraino eramatea, mahaian aurkeztuko dugun Betek bezalako ekimenekin. Eta bestetik, talentua oso garrantzitsua da, teknologia aprobetxatzeko jende prestatua behar dugulako. Hura erakarri eta nolabait fidelizatu behar dugu. 

"Gaur egun enpresen erronka nagusia azkartasuna da. Hori are nabarmenagoa da ETEentzat, zailagoa egiten baitzaie horri guztiari bakarrik aurre egitea"

Talentuaren mahaian zein berrikuntza teknologikoarenean enpresek beraien esperientziak partekatuko dituzte. Zergatik iruditzen zaizue inportantea esperientziak izatea partekatzen direnak? 

ETE bakoitzari zer-nolako proiektua garatu duen azaltzea eskatuko diogu. Azalduko duten proiektu hori ez da edozein proiektu enpresarentzat, baizik eta hobekien egokitzen zaiona dituen erronkei aurre egiteko. Beraz, kasu errealak dira, eta hala diren heinean, ispilu bezala kokatzen ditugu oraindik prozesu eraldatzaileak eta berritzaileak sustatzera animatu ez diren ETE horientzat, ea proiektu horiek ikusita animatzen diren. Esango nuke, baita ere, proiektuak ez ezik, daukagun ekosistema azaleratzen dugula prozesu hauetan, lankidetzazko bidetik, enpresek ikus dezaten ez daudela bakarrik proiektu hauek garatzerakoan. 

Iazko edizioan 650 profesionaletik gora bildu zenituzten; edizio honetan zeintzuk dira aurreikuspenak?

Aurreko urteetan bezala, Kursaal jauregia betetzea espero dugu, 650 pertsonekin, zeinetatik %50 baino gehiago ETE-etatik etorriko diren.

Hemen aipatu nahiko nuke azken edizioetan asko hazten ari den ikasleen kopurua. Ekitaldia ETEetara bideratuta badago ere, ikasketak amaitzear dituzten ikasle horientzat ere oso aproposa da; izan ere, lehen pertsonan jabetu daitezke enpresek zein erronkei egin behar dieten aurre. Aurten 80 ikasle inguru espero ditugu, hainbat unibertsitatetik etorrita.
 

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain