STEAM bokazioak sustatzeko beharra hainbat eragilek identifikatu dute. Hori da, hain zuzen ere, Kutxa Fundazioak abian jarritako Gipuzkoa Ahalbidetuz dirulaguntza sortaren lerroetako bat. Horren baitan finantzatutako proiektuetako bat izan da Goierri STEAM LanBidean, zeinak bilatzen duen Goierri eskualdeko gazteen artean STEAM bokazioak sustatzea eta egoera zaurgarrian dauden etorkinen laneratzea eta gizarteratzea bultzatzea. Juanjo Igarzabal da egitasmoaren arduradunak nabarmendu du "estrategia partekatua garatzeko eta hiru urterako ikuspegia lantzeko aukera eman" diela jasotako dirulaguntzak. Proiektua Goierri Eskolak koordinatzen du, Goierri Valley/Goieki, Lortek, Maizpide eta Ikaslan Fundazioarekin elkarlanean.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Zein beharretatik sortu da proiektua?
Duela bi urte hausnarketa estrategikoa egin genuen Goierri Eskolan, eta ikusi genuen datozen urteetan lan egiteko adinean dagoen biztanleriaren kopurua nabarmen jaitsiko dela. Enpresek zailtasunak dituzte belaunaldi-erreleboa egiteko: baby boom belaunaldiko langileak erretiroa hartzen ari dira, eta langile berriak behar dituzte.
Gazteen beharrak eta lehentasunak ere aztertu genituen. Enpresen beharrak eta gazteen nahiak elkarrengana hurbildu nahi genituen, bien arteko elkarrizketa sustatuz. Horretaz gain, funtsezkoa iruditzen zaigu emakumeak bokazio tekniko eta teknologikoetara erakartzea.
Atzerriko nazionalitatea duen biztanleriaren proportzioa ere kontuan hartu genuen: Ordizian %20,8koa da, Goierri osoan %14,6koa, Gipuzkoan %9,7koa eta EAEn %9,6koa. Pertsona horiek ere industria-sarera erakartzea ezinbestekoa da. Haien beharrak ezagutzeko, gizarte-zerbitzuekin, udalekin eta laguntza-erakundeekin bildu ginen. Ikusi genuen formakuntza jasotzeko prest daudela, baina laneratze-prozesuari ekin aurretik oinarrizko beharrak asetzea ezinbestekoa dela, hala nola etxebizitza, elikadura eta egonkortasuna.
Zer egingo duzue gazteen artean STEAM bokazioak sustatzeko?
Goierri STEAM LanBideanen kokatzen diren hiru azpi-proiekturen bidez landuko dugu: Maker Goierri, STEAM Aurpegiak eta Industria Zabalik. Maker Goierriren bitartez, lantegi teknologiko eta sortzaileak antolatuko ditugu, teknologia praktikan ezagutzeko.
STEAM Aurpegiak ekimenaren bidez, Goierriko profesionalen esperientziak ezagutarazi nahi ditugu. Batez ere emakumeak izango dira protagonistak, gazteek eta, bereziki, neskek industria- eta teknologia-sektoreetan emakumezko erreferenteak badituztela ikus dezaten.
Industria Zabalik ekimenaren bidez, gazteek enpresetan mikro-praktikak egingo dituzte, lanbideak eta egunerokoa bertatik bertara ezagutzeko.
"Ez dugu esperientzia pilotu hutsa izaterik nahi: urtero ikasle berriak hartuko dituen ibilbide iraunkorra sortu nahi dugu"
Zein aukera eskainiko dizkiezue egoera zaurgarrian dauden etorkinei?
LanBidean eta GoierriLan izango dira bi ardatz nagusiak. LanBideanek prestakuntza teknikoa, oinarrizko gaitasunen garapena eta enpresetako praktikak uztartuko ditu; praktikak ordainduak izango dira. Lehen ikasturtean oinarrizko ezagutzak landuko dituzte, eta praktikak Ikaslan Fundazioan egingo dituzte. Bigarrenean, bailarako enpresetara bideratuko ditugu, lan-munduan sartzeko aukera izan dezaten.
Ez dugu esperientzia pilotu hutsa izaterik nahi: urtero ikasle berriak hartuko dituen ibilbide iraunkorra sortu nahi dugu.
Zer garrantzi izango dute euskarak eta kulturartekotasunak?
GoierriLan azpi-proiektua Maizpide euskaltegiaren eskutik garatuko da. Etorkinen bi ikasturteko ibilbidean euskara eta euskal kulturarekiko hurbilketa landuko ditugu. Ez dugu espero bi urtean euskarazko maila oso altua lortzea, baina bai euskararekiko jarrera positiboa eta euskal kulturarekiko hurbiltasuna sustatzea.
Zer ekarpen egingo dio proiektuak Goierriko enpresa-sareari?
Belaunaldi-erreleborako errefortzua emango dio. Gazteak arlo teknologikoetara erakartzea lortzen badugu, etorkizunean enpresek behar duten talentua izango dugu. Arlo horietan sartzen den jende kopurua murrizten ari dela ikusten dugu, eta ez da soilik demografiaren ondorioa: lanbide horiek ez dira beti erakargarri ikusten, askotan ez direlako behar bezala ezagutzen.
Bestetik, etorkinen laneratze-prozesuak zuzeneko ekarpena egingo die enpresei. Gure asmoa da hemendik bi ikasturtera lehenengo parte-hartzaile taldea inguruko enpresetan lanean aritzea. Lehenengo esperientziaren ondoren, beste talde bat abiarazi nahi dugu, ekimenari jarraipena emateko.
Ez dugu proiektuaren inpaktua zenbakietan soilik neurtu nahi. STEAM eta arlo teknologikoekiko gazteek duten jarreran aldaketa eragitea nahi dugu: interesa piztea eta, aldi berean, etorkinei gure industria-sarean aukera duinak eskaintzea. Azken batean, hezkuntza, enpresak eta komunitatea elkarlanean jartzea da gakoa.
"Proiektuak belaunaldi-erreleborako errefortzua emango dio Goierriko enpresa-sareari"
Zer ekarri dizue Kutxa Fundazioaren dirulaguntzak?
Laguntzak aliantza bat sortzera bultzatu gaitu. Deialdi honen ezaugarri nagusietako bat da helburu komun baten alde hainbat erakunderen arteko lankidetza sustatzen duela. Gure kasuan, bost entitate elkartu gara: Goierri Eskola, Lortek, Ikaslan Fundazioa, Maizpide eta Goieki. Ohiko deialdiek urtebeteko proiektuak babesten dituzte; honek, berriz, estrategia partekatua garatzeko eta hiru urterako ikuspegia lantzeko aukera ematen digu.
Zer aukera ematen dizue hiru urteko marko horrek?
Hiru urteko epe horrek gure estrategian jasotako erronka batzuk burutzea ahalbidetzen digu, gure kabuz garatzea ezinezkoa izango litzatekeena. Batetik, etorkinen integrazio osoa lantzeko ibilbide bat definitu nahi genuen, euskara, prestakuntza teknikoa eta teknologikoa uztartuz. Bestetik, belaunaldi-erreleboari erantzuteko gazteak eta neskak STEAM arloetara hurbiltzea genuen helburu. Erronka horiei bakarrik aurre egitea ezinezkoa izango litzaiguke. Kutxa Fundazioaren laguntzak, beraz, lankidetza sendotzeko eta hiru urtean helburu horiek garatzeko behar dugun babesa eman digu.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta