Kasik ehun urte esnetan bizitzen

1925etik daramate Lazkaomendiko (Gipuzkoa) Iztueta Azpikoa baserrian esnearekin lotutako askotariko elikagaiak egiten

Marije Instausti Iztuetako zenbait produkturekin | Argazkia: Iztueta Marije Instausti Iztuetako zenbait produkturekin | Argazkia: Iztueta

Esnetan bizi dira Marije Insausti eta Eñaut Sala ama-semeak. Azken ehun urteetan familiako aurreko belaunaldiek egindako lanarekin segitzen dute, euren baserriko zelaietan dituzten behiak elikatu eta jetzitako esnearekin hainbat motatako produktuak ekoizten, hain zuzen. “Nire aitonak kalean saltzen zuen esnea, nire amak jarraitu zuen eta gero gu etorri ginen eta berdin jarraitu dugu”, dio Insaustik. Esnetan bizi gara da euren leloa.

Hasiera batean, esnearen salmenta zuzena egiten zuten soilik, baina urteak joan ahala, Iztueta mota askotariko esnekiak egiteaz arduratu da. Egun, esneaz gain, jogurta, izozkiak, gasna zabalgarria, arroz esnea edota natillak egiten dituzte. “Jogurta krematsua egiten dugu, oso modu geldoan sortutakoa. Gure produktuekin lotutako errezetak ere zabaltzen ditugu, jendeak jakin behar baitu zer jan behar duen eta nola egiten den jaten duen hori”. Aipatutako produktuez gain, ez dute baztertzen beste zenbait produktu sortzea, gazta, esaterako.

Insaustiren arabera, euren esnea kalitatezko lehengaia da eurek egiten duten lan guztiaren ondorioz. Esnea edukita, eraldatu egiten dute, hainbat produktu bilakatuz. Ama-semea arduratzen dira prozesu guztiaren kudeaketaz; ekoizpen kate osoa eurek gauzatzen dute. “Guk egiten dugu dena: zelaia zaintzetik, txahala jaio eta behia den arte; esnea atera, eraldatu eta guk geuk hartzen dugu produktua dendetako baldetan”, azaldu du Insaustik. Oso garrantzitsua da hori eurentzat, izan ere, prozesu guztiaren kontrola dute modu horretan. “Zure eskuetan izan duzun produktu horrek kalitatea gordetzen duela bermatzen duzu, eta ziurtasun bat lortzen duzu".

Iztueta, goitik ikusita | Argazkia: Iztueta

Iztueta, goitik ikusita | Argazkia: Iztueta

Lurrari lotutako nekazaritza

Urteetako tradizioa mantenduz, artisauen jakintza eta gaurko teknologia uztartzen ditu Iztuetak. Halaber, kalitatezko esnea lortzeko, baserriko zelaiaren zaintzari garrantzi handia ematen diote, bertan animalien kalitatezko elikadura eta ongizatea bermatzeko. “Lurrari lotutako nekazaritza egiten dugu. Zelaiak zaintzen ditugu eta naturarekiko errespetuan oinarritzen den lan egiteko modu jasangarria dugu. Lan egiteko modu honekin, nahi duguna da atzetik datozenak ere bidea egitea”, adierazi du Insaustik. Hein horretan, baserriaren helburua da sortzen duten elikagai propioekin elikatzea euren ganadua, eta kanpoko dependentzia ahalik eta txikiena izatea.

Marije Insausti: “Zelaiak zaintzen ditugu eta naturarekiko errespetuan oinarritzen den lan egiteko modu jasangarria dugu. Lan egiteko modu honekin, nahi duguna da atzetik datozenak ere bidea egitea”

Baserritik ateratako produktuak hainbat lekutan saltzen dituzte. Hiru esne makina dituzte Lazkao, Ordizia eta Beasainen. Bertan, esneaz gain, beste zenbait produktu ere eskaintzen dituzte. Denda txikietan eta hainbat supermerkatuetan ere badaude, hala nola, Eroski, BM eta Super Amara batzuetan. “Gipuzkoan gaude batik bat”, dio Insaustik, eta oraingoz, ez dute geografikoki beste leku batzuetara iristeko asmorik. “Merkatua dugu Gipuzkoan, eta txikiak gara. Urrutira joan gabe, gertuko salmenta da indartu nahiko genukeena”. Zenbait gozogintza lantegi eta ikastola zein ikastetxeri ere saltzen dizkiete produktuak.

Baserria eta kalea berriz gerturatu

Baserria, zelaiak eta animaliak ikusteko bisita gidatuak ere antolatzen dituzte Iztuetan. Ikastetxeetatik edota 20 pertsona inguruko lagun taldeak joaten dira bi ordu inguru iraun ohi duen bisitara. “Oso garrantzitsua da guretzat jendeari gure baserria erakustea, eta azaltzea nola egiten dugun lan. Kaletik oso gertu egon arren, baserriko ezagutza nahiko murritza dela esango nuke”, nabarmendu du Insaustik. Aldi berean, baserrian jorratzen diren lanak oso aberasgarriak eta zentzuzkoak direla deritzo. “Bisita hauen bidez, kalea eta baserria gerturatzen ditugu nolabait. Garai batean, ez zeunden hain urrun; orain kalea eta baserria urrunduta daudela dirudi, eta nik uste dut gerturatze lan hori berriro egin behar dela”.

Marije Insausti: “Zer jaten dugu, hura gara. Hori ez dugu inoiz ahaztu behar”

Ildo beretik jarraituz, Iztuetan bertako produktua goraipatu nahi dute euren jarduera eta bisiten bidez, eta jaten dugun elikagaien inguruko kontzientzia pizteaz ere arduratzen dira. “Zer jaten dugu, hura gara”, dio Insaustik, “hori ez dugu inoiz ahaztu behar. Modu askotara jan daiteke, baina denok dakigu zer jan eta zer ez, osasuna dela dugun gauzarik garrantzitsuena eta zaindu beharreko gauza da”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK