Kautxuzko zinta garraiatzaieen etxea

50 urteko esperientzia du Siban Peosa taldeak mota guztietako industrientzat zinta garraiatzaileak garatzen

Argazkia: Siban Peosa Argazkia: Siban Peosa

Zinta garraiatzaileak, zeharkako takoak, materiala eusteko ertz izurtuak, gomazko plantxak zein muntaia eta erreparaziorako produktuak egiten ditu Abanto-Zierbenan kokatutako enpresa taldeak. “Harria garraiatzeko, harrobia alde batetik bestera gurutzatzen duen estrukturaren barruan dauden kautxuzko zintak dira zinta garraiatzaileak”, esan du Susana Echeverriak, taldeko zuzendariak, eta hori da, hain zuzen, Siban taldeak egiten duen produktua.

Dena den, ez dituzte zintak harrobietarako bakarrik egiten, ez eta gutxiago ere. Hainbat motatako zintak lantzen dituzte, gerora, hauek industria askotako fabriketan ezartzeko. “Industriaren arabera, zinta garraiatzaile bakoitzak zehaztapen propioak izan ohi ditu”, nabarmendu du Echeverriak. Izan ere, ez da berdina zinta elikagai enpresa bati, automozio edo fundizio arloko enpresa bati edota meategi bati egitea. “Bezero bakoitzak bere ezaugarri eta eskakizunak ditu, eta hori da kontuan hartzen duguna. Hego Amerikako harrobi batean kobrea garraiatzeko zintak, edo goxoki batzuk garraiatzeko behar denak ez ditu ezaugarri berdinak izango”, gehitu du.

Susana Echeverria: “Hego Amerikako harrobi batean kobrea garraiatzeko zintak edo goxoki batzuk garraiatzeko behar denak ez ditu ezaugarri berdinak izango”

Familia enpresa da Siban Peosa. Echeverriaren aitak jarri zuen proiektua martxan duela 50 urte baino gehiago, eta egungo zuzendaria bigarren belaunaldiko kidea da. Garai hartan, meategi ugari zeuden Bizkaian eta oso probintzia industriala zen. “Ia dirurik gabe eta laguntzaile bakar batekin jarri zuen martxan aitak prozesua. Kautxua eta ibilgailuen gurpilen mundutik zetorren bera, eta jarduera hori ustiatu zitekeela ikusi zuen”. Bigarren belaunaldia sartzearekin batera, negozioa hazten joan zen, eta nazioartekotze estrategiaren alde egin zuten.

Industria ezezaguna

“Gurea, industria ezezaguna da gehiengoarentzat, baina uhal garraiatzaileak kasik jarduera guztietarako beharrezkoak dira. Materialak lan postu batetik bestera garraiatzeko modua da. Gainera, zinta puskatzen den unean, fabrika oso baten ekoizpena eteten da”, azpimarratu du Echeverriak.

Blexiflex Bondabond markapean garatzen ditu Siban taldeak euren zinta garraiatzaileak. Horien segurtasuna eta iraunkortasuna bermatzeko, tenperatura beroan bulkanizatzen dituzte. Nahiz eta mota guztietako uhalak egin, plano oso inklinatu eta motzetarako daude espresuki diseinatuak. “Ertz izurtua duten zintak egiten ditugu, materiala alde batetik edo bestetik erori ez dadin, eta ondo helduta joateko, zintetan takoak jartzen ditugu zeharka”, dio Echeverriak.

Susana Echeverria: “Gurea, industria ezezaguna da gehiengoarentzat, baina uhal garraiatzaileak kasik jarduera guztietarako beharrezkoak dira. Materialak lan postu batetik bestera garraiatzeko modua da"

Bezeroen planifikazioan zein instalakuntza eta zerbitzua martxan jartzeko garaian, Siban Peosak aholkularitza eskaintzen du; fabrika bakoitzerako zein zinta mota izan daitekeen egokiena aztertzen dute. “Zinta garraiatzaileen mundua oso handia da”, dio zuzendariak. “Oliorako erresistenteak diren zintak daude, baita berorako erresistenteak direnak ere. Inpaktuak jasaten dituzten zintak ere egiten ditugu. Bezeroak zer produktu mota egiten duen esan diezazuke, baina ez daki hori garraiatzeko material egokiena zein den. Guk hori badakigu”, azaldu du.

Mundu osoko fabriketan

Ingeniaritza enpresak dira taldearen bezero nagusienetakoak. “Proiektu bateko instalakuntza osoa egin behar duen ingeniaritza enpresa batek, beste osagai askoren artean, uhal garraiatzaileak behar ditu”, dio taldeko buruak. Horrez gain, hainbat banatzaileei, nazioartean euren produktuak saltzen dituzten enpresei zein azken bezeroei saltzen dizkiete produktuak.

Produktuen %70 baino gehiago esportatu egiten du Siban Peosak eta aurten, %75 inguruan ibiliko dira

Echeverriaren arabera, produktuen %70 baino gehiago esportatu egiten du Siban Peosak, eta aurten %75 inguruan ibiliko direla dio. Europan saltzen dute gehien, Espainiar estatua eta gero Frantzia izanik bigarren herrialde garrantzitsuena. “Hego Amerikan ere asko saltzen dugu, baita Arabiar Emirerri Batuetan, Saudi Arabian edota Afrika iparraldeko zenbait herrialdeetan ere”.

Nazioarteko estrategia horren lekuko da taldeak Portugalen, Ekuadorren eta Txilen dituen enpresak. Ingalaterran, Austrian eta Alemanian ere delegazioak dituzte. Euskal Herrian, Abanto-Zierbenan hiru planta edukitzeaz gain, Gasteizen ere badituzte.

Munduko lurralde askotan presentzia izan arren, taldeak ez du baztertzen merkatu berriak esploratzea. Halaber, zuzendariak dioenez, berrikuntza arloan, “prozesuak zein produktuak hobetzen” jarraitu nahi dute.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK