Zentro teknologikoen estrategiaren barruan dago teknologiaren transferentzia egitea horien bitartez enpresak sor daitezen. Hain zuzen ere, horrela jaio da Konbus+, Tecnaliak 25 urte baino gehiagotan eginiko ikerketa abiapuntu hartuta, eta balio erantsi handiko proiekzio termikoko teknologietan erreferentziazko laguntzaile gisa kokatzea du helburu.
Orain publiko egin bada ere, 2025eko uztailean eratu zuten Konbus+, eta bertan izan dira lanean geroztik Tecnaliako proiekzio termikoko taldetik bertatik etorritako María Parco, eta proiektuarekin bat egiten duen Enrique Castellanos. "Gure helburua da gaur egun erabiltzen diren estaldura industrialeko teknologiak gainditzen edo ordezkatzen dituen hornitzaile gisa kokatzea, bezeroei kostu txikiagoak eta errendimendu hobeak eskainiz”. Horretarako, bi teknologia aurreratu ditu: HF Detonation eta HVOAF. Pardok azaldu duenez, lehena detonazio klasikoaren hobekuntza bat da, higadurarekiko erresistentzia eta elektrizitatea pasatzen ez duten zeramikazko estaldurak lortzeko aukera ematen duena. Bigarrenak, merkatuan dagoeneko dauden HVOF edota HFAV teknologiak harago ematen ditu, material metalikoak eta zeramiko-metalikoak prozesu-malgutasun handiz aplikatzeko aukera ematen duena.
Lehen pausoa “arau oztopo handiak ez dituzten sektoreen lehen arrakasta kasuen bilduma" osatzea izan da Parcok EnpresaBIDEAri kontatutakoaren arabera. Aztertzen ari diren sektoreetako bat da alanbrea trefilatzeko makineriaren fabrikatzaileena, alegia, metalezko haria diametro txikiagora eramateko makinak fabrikatzen dituzten enpresena. Makina horiek higadura handia eta ordezkapen tasa oso handia duten piezak dituzte, eta Konbus+en prestazioak lehiarako abantaila handia izan daitezke haien bezeroentzako. Epe laburreko beste aplikazio bat kalandratze-arrabolak dira, auto elektrikoetako baterietako elektrodoak fabrikatzeko. Bertan, Konbus+ek merkatuan inoiz lortu ez diren gogortasunak eskain ditzake, eta erdira murriztu makinen geldialdiak.
Hortik abiatuta, helburu nagusia proiekzio termikoko bolumen handieneko merkatuak dira, hala nola sektore aeroespaziala edo petrolio eta gasa, erregulazio baldintza handiagoekin, non Konbus+ek hurrengo urteetan bere teknologiak homologatzeko asmoa duen.
Xede hori abiapuntu, baina, Konbus+ek argi du proiekzio termiko aurreratuen merkatua egun oso kontzentratua dagoela segmentu teknologiko jakin batzuetan, eta teknologia bakoitzak bere posizionamendua duela. Gainera, Castellanosek esandakoaren arabera, HVOF/HVAF sistema ugari daude, mundu mailan estaldura zerbitzuen negozioan diharduten dozenaka enpresa txiki eta ertainetan. Hala ere, sektore gakoa izan daiteke: mundu mailan 12.000 eta 13.000 milioi dolarreko balioa du, urteko hazkunde-tasa sendoa du, 2027-2032 bitartean %6-7tik gorako proiekzioaren.
Zein egitura du egun?
Zentro teknologikoaren spin offa izanik, Konbus+ek Tecnaliaren teknologia osoa izango du eskuragarri, zentroak berak konpainiaren kapital sozialean duen partaidetzaren bidez. Teknologia hori da enpresaren oinarria eta aktibo nagusia. “Bigarrenik, bazkideok sozietatea eratzeko legezko gutxienekoa baino kapital kopuru dezente handiagoa jarri dugu”, adierazi du Parcok. Hirugarrenik, OTEB oinarri teknologikoko enpresa berriei zuzendutako dirulaguntzen hainbat programa daude, eta Konbus+ horietako biren onuradun izan da: Gipuzkoako Foru Aldundiren eta Spriren Txekintek-Ekintzaile, eta Donostiako Sustapenaren Ekinn+.
Enrique Castellanos: “1,5 milioi euro inguru bildu nahi ditugu, instalazio propioak edukitzeko eta teknologia berritzailea merkatuko aplikazio erreal bihurtzeko beharrezkoak diren garapenak egin ahal izateko”
Gauzak hala, kapital pribatua eta publikoa bilatzen ari da egun, bere negozio plana erabat garatu ahal izateko. Plan horrek, besteak beste, proiekzio termikoko instalazio propioa izatea aurreikusten du. Azken eremu horretan, aukerak askotarikoak dira: arrisku-kapitaleko funtsak, venture bezeroak, teknologian interesa duten industria enpresak eta zorraren edo kapitalaren bidezko finantzaketa publikoko beste programa batzuk. “1,5 milioi euro inguru bildu nahi ditugu instalazio propioak edukitzeko eta teknologia berritzailea merkatuko aplikazio erreal bihurtzeko beharrezkoak diren garapenak egin ahal izateko”, esan du Castellanosek.
Proiektuaren erronkak
Konbus+ek argi du merkatuan bere tokia egin eta erabiltzailearen leiatasuna irabazteko hainbat alderdiri heldu behar diela. Lehenik eta behin, ziurtagiriak behar ditu. Aeronautika edo energia nuklearraren sektoreetan, araututa dago zein teknologia mota erabili daitezkeen. Beraz, merkatu horietan sartzeko epeak oso luzeak dira, gutxienez bost urtekoak. Aplikazio bat ziurtatuta dagoenean, ia ezinezkoa da teknologia ordezkatzea. Sarrerako oztopo handia da hori, baina abantaila ere bada merkatuan sartzea lortzen bada, aplikazioa ziurtatu ondoren babesa oso nabaria baita.
Beste sektore batzuek ere—hala nola automobilgintza, petrolio eta gasa, meatzaritza, papergintza edo ehungintzak badituzte erregulazio betekizunak, baina ez dira hain itxiak teknologia berriak ezartzeko orduan. Hala ere, ordezko potentzialarekin lortutako estaldurek ez badituzte lortzen oso prestazio bereizgarriak, zaila da erreferentziazko teknologiari lekua kentzea, prezio-faktorea tarteko. Erronka da prezio lehiakorretik gorako prestazioak eskaintzea, bezeroen kostu operatiboak nabarmen murrizteko.
Aplikazio askotan erreferente gisa ezarri diren diseinuak duela 30 urte baino gehiagokoak dira, eta merkatua oso uzkur dago teknologia berriak ezartzeko garaian
Lehen aipatu bezala, epe laburrerako erronkarik handiena da oinarrizko erreferentzia bat lortzea, merkatuko beste eragile batzuengan konfiantza sortzen duten kasu arrakastatsuekin. Erronka early adoptersak topatzea da, Konbus+ek aukera izan dezan erreferentzia bilduma hori beraiekin sortzeko eta haiekin lankidetza estuan aritzeko emaitza egokiak lortzeko. Konbus+ek integratzaile ospetsu eta merkatuan sartzeko gaitasun handiko eragile batekin aliatu behar du, berez globala den merkatu bati zerbitzua eman diezaiokeena.