Krisitik sortutako altzariak

Zortzi urte pasa dira Enrique Arrillagak Muebles Lufe sortu zuenetik. Altzariak egur ekologikoarekin fabrikatu eta online saltzen dituzte prezio apalean

Muebles Lufek Aizarnazabalen du erakusketa espazioa, baina ez dute denda fisikorik | Argazkia: Lufe Muebles Lufek Aizarnazabalen du erakusketa espazioa, baina ez dute denda fisikorik | Argazkia: Lufe

2008ko krisi ekonomikoak enpresa ugariren porrota ekarri zuen, horien artean, egurrezko altzariak ekoizten zituen Enrique Arrillagaren enpresarena. Krisiak sorrarazitako zulo beltzean murgildurik, Arrillagak bere familiaren egurrezko altzariak fabrikatzeko tradizioari eutsi nahi izan zion nolabait. Gisa honetan, garai hartako testuinguru berrira egokituta, enpresa berri bat jarri zuen abian 2014ean: Muebles Lufe. Bertako materialarekin ekoitzita, prezio apalean, altzarian saltzen hasi zen Internetetik.

Ines Arrillaga da, egun, Muebles Lufeko Giza Baliabideen arduraduna, eta enpresaren sortzailearen alaba. “Web orria zabaldu zuen aitak, eta hiruzpalau altzari mota zituen saltzeko bakarrik. Ohe bat, apalategi batzuk eta litera bat", azaldu du. “Horrela hasi ginen Azpeitian, lau langilerekin. Aita, ama eta aurreko enpresatik zetozen beste bi”, gaineratu du. 2017ra arte enpresak zortzi langile izan zituen, baina urte hartatik aurrera, nabarmen hazi zen, eta egun, 30 langile baino gehiago dituzte.

Krisiak sorrarazitako zulo beltzean murgildurik, Arrillagak bere familiaren egurrezko altzariak ekoizteko tradizioari eutsi nahi izan zion nolabait

Local —bertakoa—, Universal —unibertsala—, Funcional —funtzionala— eta Ecológico —ekologikoa— dira LUFE izenaren atzean ezkutaturik dauden lau kontzeptuak, eta enpresaren printzipioak islatzen dituzte. “Hemengo materialak erabiltzen ditugu eta hemen fabrikatzen dugu. Edozein pertsonak erabili eta muntatzeko produktuak egiten ditugu, funtzionaltasuna bilatuz. Gainera, ekoizteko erabiltzen dugun egurrak PEFC ziurtagiria du”, nabarmendu du Arrillagak. Euskal Herrian asko dagoen Intsinis pinua erabiltzen dute euren altzariak sortzeko. Hasieratik izan zuten argi zein motatako altzariak ekoitzi nahi zituzten: sinpleak, muntatzeko erosoak, prezio baxukoak, jasangarriak eta ekologikoak.

Salmentak online, inongo bitartekaririk gabe

“Gaur 59 eskaera izan ditugu”, erantzun du Arrillagak salmenta kopuruari buruz galdetuta. Pandemiaz geroztik, salmentak zertxobait jaitsi direla onartu du, baina “normaltzat” jo du, izan ere, pandemian “denok izan gara etxean sartuta eta etxea polit-polit laga nahi izan dugu”. Astean, 600-700 eskaera jasotzen dituzte gutxi gorabehera. Bezero gehienak pertsona partikularrak izan ohi dira, baina ostatuetan euren produktuak asko saltzen direla adierazi du, baita inguruko taberna eta jatetxeetan ere.

“Bitartekariak kenduz, bezeroari produktua prezio hobean eskaintzea lortu dugu”, azpimarratu du Giza Baliabideetako arduradunak. Azken finean, bitartekaririk eta banatzailerik gabe, kostuak gutxitzeko parada izan dute, eta low cost edo prezio apaleko filosofia ondu dute modu horretan.

Ines Arrillaga: “Saltzen badakigu, baina benetan ondo egiten duguna fabrikatzea da”

Muebles Lufek ez du denda fisikorik eta euren produktu guztiak online saltzen dituzte, web orritik, hain zuzen. Arrazoiei buruz galdetuta, enpresaren hasierara jotzen du berriz Arrillagak. “Enpresa sortu genuenean ez genuen, ez dirurik, ez lan egiteko lekurik. Beraz, web orri arrunt batekin hasi ginen gure produktuak jendeari erakusten. Pixkanaka web orria hobetzen joan gara. Gure erakusleiho onena izan da”, azaldu du. Web orria ondo zihoanez, ez zuten aldaketa egiteko beharrik ikusi. Halaber, proiektua martxan jarri zutenean, online erosketak egiteko ohitura normalizatzen hasia zela “barneratuta” zuen enpresak. “Gu fabrikanteak gara. Saltzeko, marketineko agentzia baten laguntza izan dugu hasieratik. Saltzen badakigu, baina benetan ondo egiten duguna fabrikatzea da”, aitortu du Arrillagak.

Aizarnazabalen du fabrika LufeK eta hari lotuta showrooma daukate. “Esposizio txiki bat da non bezeroak produktuak ikustera etorri daitezkeen", kontatu du. Pandemia dela eta, hitzordua beharrezkoa da bertaratzeko, baina ezin da bertan zuzenean erosi. “Erosketa beti online egin behar du bezeroak, eta gero etxera bidaltzen dugu edo fabrikara etorri daiteke bila”, argitu du Arrillagak.

Bezeroarekiko zintzotasuna izan da gakoa

2024ean, hamar urte betetzera doa Muebles Lufe. Arrillagak, ordea, ez du horretan pentsatu ere egin. Egindako ibilbide arrakastatsu honen arrazoi nagusia bere aita dela uste du. “Amore ematen ez duen pertsona da nire aita, geldirik egoten ez dakien horietakoa. Proiektua martxan jarri genuenean, bere ilusioa beste lankideei transmititzeko gaitasun handia izan zuen”, nabarmendu du.

Bilakaera oparoaren beste gakoetako bat enpresaren zintzotasuna izan da Arrillagaren iritziz. “Momentu oro oso zintzo eta argi jokatu dugu gure bezeroekin. 2017an espero baino eskaera gehiago izan genituen, eta lanez gainezka aritu ginen. Gure salmentak eten egin behar izan genituen eta bezeroei produktuak hilabete bat beranduago bidali genizkien. Bezeroei garbi azaldu genien arazoa, eta gehienek ulertu zuten egoera. Are gehiago, gure produktuak erosten jarraitu zuten”. Azken finean, zintzotasun horrek eta bezeroari egia esateak gertutasuna transmititzen duela iritzi dio Arrillagak. “Onestidade horrek gerturatzen zaitu bezerora”, adierazi du.

Ines Arrillaga: “Momentu oro oso zintzo eta garbi jokatu dugu gure bezeroekin”

Etorkizunari begira, zenbait produktu berri ekoizten ari dira. Jasangarritasunari eta ekologiari dagokionez, zenbait ideia ere badituzte buruan. Enpresaren karbono aztarna aztertzen ari dira, hura murrizteko asmoz, eta aldi berean, argindarraren kontsumoa gutxitzeko eguzki plaka batzuk jartzea ere pentsatu dute.

Egun, Espainian eta Frantzian dute zabalik euren web orria. Hurrengo pausoa, Portugalera zabaltzea dela dio Giza Baliabideetako arduradunak. “Bezero portugaldar asko ditugu, hori dela eta, hurrengo web orria Portugalen zabalduko dugu, bertako bezeroei arreta pertsonalizatuagoa eskaintzeko”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK