Kristina Elkoro: "Ikuskaritza euskaraz egiteak lan handia ekarri digu, baina emaitza oso ona da"

Prozesuan Elayren eta Deloitteren arteko elkarlana ezinbestekotzat jo du Elayko kontseilari delegatuak

Kristina Elkoro, Elayko kontseilari delegatua | Argazkia: Elay (utzitakoa) Kristina Elkoro, Elayko kontseilari delegatua | Argazkia: Elay (utzitakoa)

Euskararen eguna egunero dela sinesten duen enpresa horietako bat dirudi Elayk. Aurten pauso esanguratsua eman dute merkataritza-erregistroan kontuak euskara hutsean egin eta erregistratu ostean. Lehen enpresa da hori egiten. Mugarria, baina, hainbat urte iraun duen prozesu baten emaitza da. Jabetzak aldeko apustua egin izana gakotzat jo du Kristina Elkoro Ayastuy kontseilari delegatuak. Haren aitak eta aitonak —amaren aitak— sortu zuten Elay.

Zer da, labur, Elay?

1965ean Jose Luis Elkorok eta Claudio Ayastuyk sortutako familia enpresa da. Euskal Herriko enpresa da, egun ere Elkoro eta Ayastuy familien eskuetan jarraitzen duena. Gure jarduera nagusia ebaketa zehatza da, haren teknologia. Estanpazio mota bat da, kualifikatua. Horren bitartez lortzen da kalitate eta zehaztasun handiko piezak ekoiztea. Automobilgintzako merkaturako egiten dugu lan, batez ere segurtasuneko piezen ekoizpenean, halako kalitate berezia eskaintzen baitute: autoen sarraiak, segurtasun uhalen lotura piezak...

Hiru ekoizpen planta ditugu. Bata, Mexikon, Amerikako merkatua hornitzeko; beste bat Kunshanen, Txinan, Asiako merkaturako. Eta egoitza nagusia, Antzuolan (Gipuzkoan), Europako merkaturako. Guztira 600 eta 650 langile tartean gaude, eta gure fakturazioa 100 milioi euro inguruan kokatzen da.

Kontuak euskara hutsean egin eta erregistratu dituen lehen enpresa izan zarete. Baina zer esan nahi du horrek?

50 langile baino gehiagoko enpresak behartuta gaude urtero, legez, kontu ikuskaritza egitera. Prozesu hori kanpo aholkularitzarekin egiten da, gure kasuan, historikoki, Deloitterekin. Behin aholkularitza enpresak kontuak ikuskatuta txosten eta memoria prestatzen ditu, eta enpresako administrazio kontseiluari aurkezten zaizkio, hark aztertu eta egiaztatu ditzan. Oniritziarekin, kontuak formulatu eta bazkideen batzarrean aurkezten ditu, horiek onartu ditzaten. Onarpen horiekin guztiekin, merkataritza-erregistroan erregistratzea da azken pausoa. Beraz, kontuak euskaraz erregistratu ditugula esan nahi du merkataritza-erregistro eramaten dugun txosten eta memoria euskara hutsean erregistratu ditugula. Antza, badirudi lehenak izan garela pauso hori ematen.

"Kontuak euskaraz erregistratu ditugula esan nahi du merkataritza-erregistrora eramaten dugun txosten eta memoria euskara hutsean erregistratu ditugula"

Gazteleraz aurkeztu ohi dira.

Normalean erregistro merkantilera eramaten diren txosten eta memoriak gaztelerazkoak izaten dira, hala formulatzen baitira. Kasu batzuetan, txosten eta memoria horiek itzuli egiten dira gazteleratik euskarara, edo bestelako hizkuntzetara. Kontua da momentu baten arazoren bat badago edo erreklamazioa egingo balu kontu horiekiko, balizko bertsioa formulatu den hizkuntzakoa dela.

Noiz hasi zen kontuak euskaraz erregistratzeko bide hori Elayn?

1992tik euskalduntze prozesuan gaude. Baina prozesu horretan, 2010 urtetik aurrera gutxi gora behera, Elayko zuzendaritza eta kudeaketako organo guztiek euskaraz funtzionatzen dute, bazkide batzarrak eta administrazio kontseiluak barne, eta bertako aktak euskaraz egiten dira. Urte horien bueltan, derrigorrezkoa zen kontuen onarpen aktak erregistratzea erregistro merkantilean, eta ondorioz, bilera jakin horietako aktak gazteleraz ere jasotzen ziren.

2012tik aurrera, ikusi zen organo horietan euskara erabiltzen bazen, aktak euskaraz erregistratzea aukera izan behar zuela. Merkataritza-erregistroarekin harremanetan jarrita, kontsulta egin genuen ea aukerarik zegoen. Erantzuna izan zen eurak ez zutela gaitasunik euskarazko txostena erabiltzeko. Dena den, adierazi zuten gure eskubidea zela euskaraz egin ahal izatea, baina kasu horretan beraiek itzuliko zutela gaztelerara, eta azken hori izango zela erregistratuta geratuko zena. Kasu horretan guk ez genuen izango zeresanik gaztelerazko bertsioaren gainean. Eta erabaki genuen ezin genuela baldintza horietan erregistratu.

Zer aldatzen da ondoren, azkenean zuek euskaraz kontuak erregistratu ditzazuen?

2021ean lege aldaketa izan zen. Horren arabera, ordura arte urteko kontuen onarpena soilik aurkeztu behar bazen, lege berriarekin administrazio kontseiluko bilera guztietako akta guztiak erregistratu behar ziren. Testuinguru horretan, ikusi genuen ezin genituela akta guztiak gazteleraz ere jaso, eta erabaki genuen saiakera egitea euskaraz erregistratzeko. Eta horrekin batera, ez soilik kontuen onarpen aktak euskaraz erregistratu, baizik eta kontuen ikuskaritza guztia euskaraz egikaritzen saiatzea. Hala luzatu genion proposamena Deloitteri.

"2021ean lege aldaketa izan zen. [...] Testuinguru horretan, ikusi genuen ezin genituela akta guztiak gazteleraz ere jaso, eta erabaki genuen saiakera egitea euskaraz erregistratzeko, [baita] ikuskaritza guztia euskaraz egikaritzen saiatzea [ere]"

Zein izan zen haien erantzuna?

Egia esan, oso erantzun ona eman zigun. Borondate guztia erakutsi zuten. Azaldu ziguten ez zutela jendea kalitatezko prozesu hori bermatzeko, eta denbora behar zutela pertsonak prestatu pauso hori eman ahal izateko. Eta hala egin dute.

Bestelako bidelagunik izan duzue prozesu horretan?

Elay eta Deloitteren artean egin dugu kasu honetan. Azken batean, ikuskaritza prozesua eta hainbat hilabetetako lana ikuskariek egiten dute euren jendearekin. Horrek eskatzen du hizkuntza maila bat izatea. Eta ondoren enpresak eramaten du erregistrora.

Lan handia izan da?

Bai, esan behar da lan handia suposatu digula bai Deloitteri, bai Elayri. Aurkeztutako dokumentazio guztian hizkuntza tekniko eta legediari loturiko hitz ugari erabiltzen da. Eta hori guztia ez dugu sortuta topatu. Guk egin dugu, elkarlanean. Uste dut emaitza oso ona izan dela.

Era berean, saiatu gara ulergarria izan dadin, ikuskaritza prozesuek eskatzen duten baldintza guztiak betetzen. Ohartu naiz orain erdarazko hori ere hobeto ulertzen dudala [barrez]. Izan ere, askotan gertatzen zaigu arlo horretan erabiltzen den hizkuntzan itzulpenak egiten direla, euskaratik gaztelerara, eta ez dira ondo ulertzen, eta gauza bera gertatzen da hizkuntza teknikoarekin berarekin.

"Saiatu gara ulergarria izan dadin, ikuskaritza prozesuek eskatzen duten baldintza guztiak betetzen. Ohartu naiz orain erdarazko hori ere hobeto ulertzen dudala [barrez]"

Familia enpresa izateak bidea naturalago egin du?

Naturalago baino, agian errazago, familia-jabetza guztiz lerrokatuta egon baita lehen egunetik langileekin. Are gehiago, jabetzak lehen momentutik egin zuen apustu honengatik, eta hori ezinbestekoa izan da. Prozesuak eskatzen du inbertsio ekonomiko handia, baliabideetan, besteak beste. Adibidez informatikako aplikazio asko itzuli behar izan ditugu, langileen ordu batzuk ordaindu euskara ikasteko...

Euskal Herritik kanpo bi planta dituzue. Aparteko lanketarik egitea suposatu dizue aipaturiko urratsa emateak?

Ez dugu lanketa berezirik egin izan behar. Gure kontuak publiko egiteko edo bezeroentzat prestatzeko ingelesera itzultzen ditugu. Ondorioz, gure beste bi plantekin ez da arazorik sortzen. Kontrara, susmoa izan genuen planta horiek izateak ea gure eguneroko euskararen erabileran eragin zezakeen, baina aztertu egin genuen, eta ez da hala.

Kontuak erregistratu, erregistratu dituzue euskaraz, eta epe bat zuten erantzuteko. Onarpena iritsi al zaizue?

Heldu zen. Kezkatuta geunden dena onartuko zuten, baina heldu zen. Gaztelera hutsean, hori bai, eta idatziz. Beraz, onartuta daude.

"Jabetzak lehen momentutik egin zuen apustu honengatik, eta hori ezinbestekoa izan da. Prozesuak eskatzen du inbertsio ekonomiko handia, baliabideetan, besteak beste"

Esperientzia ezagutu nahi izan duen enpresaren baten bisitarik jaso duzue?

Maila honetan egia da jakinmina sortzen dela batez ere euskalduntze planetan ari diren enpresen aldetik. Indeusen, Jaurlaritzak —SPRIren bitartez— bultzatzen duen euskara eta industria taldean, sortu zen jakinmina. Euskalitetik ere deitu gintuzten praktika on bezala azaltzeko enpresei. Bai, sortu da. Beste kontu bat da zenbat enpresa dauden fase horretan. Hori ez dakigu.

Kontu ikuskaritza prozesuaz harago, zein garapen izan du euskararen erabilerak enpresaren baitan?

Arestian aipatu bezala, 1992an abiatu zen proiektua. Interesa zegoen bai jabetzatik, bai langileen aldetik euskalduntzea bultzatzeko. Euskaldun asko zeuden lanean enpresan, baina dena erdaraz egiten zen. Asanblada orokor baten iragarri zen, eta %90etik gorako babesa jaso zuen. Eta hala jarri zen abian. Lehen pausoa izan zen  —1992tik 1996ra gutxi gora behera— euskara ikaste prozesua martxan jartzea, %35ek ez zekielako euskaraz. Eta horrekin batera komunikazio taldea sortu zen dokumentuak euskaratzeko lanerako.

Hurrengo pausoa izan zen sistematizatzea eta zuzendaritzako organoetan hastea txertatzen euskara. Eta mugarri garrantzitsua izan zen euskarazko prozeduren sorrera, 1998an. Hau da, finkatzea hizkuntzari dagokionean zein zen enpresaren politika eta zein betebehar zuen langileak ezarritako plan horretan. Bitartean, ikasketa eta alfabetatze lanekin jarraitu zuten askok. Heldu zen momentu bat non konturatu ginen euskaraz egiten genuela, eta naturaltasun handiarekin. Era berean, organo guztietan zabalduta zegoela euskaraz egite hori, nahiz eta legezko dokumentuak oraindik ere gazteleraz egin.

"2013an euskara taldea sortu zen [...]. Eta talde horren egitekoa da bermatzea euskaraz lan egite hori mantentzen dela, eta egunerokotasunean sortzen diren egoerei nola aurre egin aztertzea"

Euskalduntze planari eusten diozue oraindik ere?

2013an euskalduntze planari itxiera ematea erabaki genuen, eta fase berri bat zabaltzea, gaur egundainokoa. Euskara taldea sortu zen, arlo desberdinetako pertsonek osatua —langileek eta zuzendaritzako kideek, ni neu barne—. Eta talde horren egitekoa da bermatzea euskaraz lan egite hori mantentzen dela, eta egunerokotasunean sortzen diren egoerei nola aurre egin aztertzea. Taldea urtean behin edo bitan biltzen da, eta adierazle batzuk ditu helburu batzuekin neurketa eta kontrola egiteko.

Kontu ikuskaritza eta erregistroarena izan da eman dugun azken urratsa.

Euskararen presentzia indartzen ari al da oro har enpresa ehunean edo asko dago egiteko oraindik?

Indartzen ari da, eta euskara planak, duela 30 urterekin erkatuz gero, askoz enpresa gehiagotan daude. Bide bat egiten eta pausoak ematen ari dira, esaterako, lehen aipatu dudan Indeus taldetik beretik.

Baina, bestalde, azpimarratuko nuke oraindik ere oso-oso ahul ikusten dudala, eta asko dagoela egiteko. Iruditzen zait enpresa askok urte asko daramatzatela euskara planetan, eta falta zaiela ezinbesteko pauso bat ematea: erabakitzea hizkuntza bakar baten lan egitea. Bi hizkuntzen elkarbizitzan, euskara beti ahultasunean izaten da. Testuinguru horretan ematen diren pausoak zailak dira, oso geldoak, eta ez dakit benetan enpresa euskalduntzerik dagoen. Guk, behintzat, gure esperientzian ikusi dugu ez dela oso bideragarria bi hizkuntzak mantentzea, azkenean inbertsioa delako.

Beraz, esan bezala, bagoaz, baina sentsazioa dut moteldu ere egin dela abiadura. Eta moteltasun horretan gakoa izan daiteke pauso hori ez eman izana. Horregatik, ez naiz guztiz baikor, gure sentsazioa askotan izaten baita oso bakarrik gaudela. Maila bateraino bai, baina ez dugu hainbeste ikusten maila batetik aurrera enpresak heltzen direnik.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK