Kutxabankek 461,7 milioi euroko irabazia lortu du urteko lehen bederatzi hilabeteetan, iaz baino %16,5 gehiago. Konpainiak azaldu duenez, hazkunde hori "merkataritza-dinamismo indartsuak eta hazkunde-ekimen estrategiko nagusien errendimendu sendoak” bultzatu dute.
Bankuaren “core” diru-sarrerak 1.409,3 milioi eurora iritsi dira, iaz baino %6,9 gutxiago, baina galera hori konpentsatu dute zerbitzu eta aseguruengatik jasotako diru-sarreren bolumen handiagoak eta egindako ekarpenen hazkundeak, guztira %5,6ko igoerarekin.
Kutxabanken datuek erakusten dute hazkunde- eta dibertsifikazio-estrategia sendoa dagoela atzean. Etxebizitza-erosteko maileguek %36,5 egin dute gora 2024ko epe bereko datuekin alderatuta, 3.257 milioi eurora iritsita. Kontsumorako kredituak ere %9,8 handitu dira (611 milioi euro) eta saltegi maileguek %8 egin dute aurrera.
Banka korporatiboaren jarduerak ere gorakada izan du: enpresentzako finantzaketa %12 igo da (6.935 milioi eurora) eta enpresa ertain eta txikientzakoa %19 (2.625 milioi eurora). Finantzaketa jasangarriaren atalean ere, Kutxabankek %65eko hazkundea izan du, 2.965 milioi euroraino. Aldi berean, erakundeak gogorarazi du azken hilabeteetan abiarazi dituela Benetan 2025-2027 plan estrategikoa eta Indar Kartera Kutxabank programa, eta aurrerapausoak eman ditu Cajasurren integrazio osoan.