Kutxabankeko grebak jarraipen zabala izan du, sindikatuen arabera, bulegoen %90 itxita

Sindikatuek langileen eskaerak entzuteko eskatu diote Kutxabanki, “muturreko egoeran” daudelako. Enpresaren arabera langileen % 60 batu da grebara

Kutxabanken Bilboko egoitzan langileen elkarretaratzea | Argazkia: EnpresaBIDEA Kutxabanken Bilboko egoitzan langileen elkarretaratzea | Argazkia: EnpresaBIDEA

Ostiral honetan Kutxabanken deitutako grebaren jarraipen "zabala eta historikoa" nabarmendu dute sindikatuek, eta bulego gehienak itxi dituztela azpimarratu dute, "%90 baino gehiago", ELAk emandako datuen arabera. ELA, CCOO, Pixkanaka, ALE, LAB eta Asprobank sindikatuek deitu dute greba, gero eta langile gutxiago daudelako, presio komertziala nabarmen handitu delako, eta “talentu handiko langile askok” alde egin dutelako baldintza ekonomikoak okertu izanagatik. Langileek bizi duten “muturreko egoera” salatu dute.

ELAk zehaztu duenez, 2014 eta 2022 artean 293 bulego itxi ditu Kutxabankek eta 1.448 pertsona gutxiago daude lanean. “Murrizketa hori ez da konpentsatu egin diren kontratazio urriekin”, salatu du. Gogor kritikatu ditu egungo lan-kargak, bai "plantillari ezartzen zaion presio komertziala" eta baita "lantoki askotako segurtasunik eza" ere, eta horrek, sindikatuaren iritziz, lotura zuzena du "langile berriak kontratatu ez izanarekin”.

Langileak "gaizki tratatuak" sentitzen direla eta "haserre" daudela adierazi ostean, enpresak "ez duela egoera horietan sakondu nahi izan eta ez dituela arazo horiek bere gain hartzen" adierazi du, eta, horregatik, uste du gaur egun "langileen eskaerak entzunarazteko eta arazo horiei aurre egiteko bide bakarra langileak mobilizatzea dela".

Egoera horren aurrean, enpresari eskatu dio langileen eskaerak entzun ditzala eta benetako neurri eraginkorrak har ditzala egoera konpondu eta eskainitako zerbitzua hobetzeko.  

Informazio gehiago
Kutxabankeko langileak grebara deitu dituzte sindikatuek ostiral honetarako
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK