Tubacexek aldi baterako lan erregulazio espedienteari ekingo dio bihar, kontsulta aldiak akordiorik gabe amaitu ostean. Erregulazio espedienteak 600 langiletik ia 430i eragingo die, eta bai ELAk, bai LABek pasa den astean iragarri zuten erregulazioaren aurkako ekintzak abiatuko zituztela.
Hain zuzen ere, horixe berretsi du gaur LABek: konpainiak espedientea behar bezala justifikatu ez duela iritzita, neurria inpugnatzeko epaitegietara joko du sindikatuak.
Konpainiak lan-karga faltaren ondorioz ekin dio espedienteari, baina sindikatuek uste dute egoera ez dela ustekabekoa izan, "zuzendaritzak berak hartutako antolakuntza-ondorio dela" baizik. "Tubacexek nahita sortutako egoerak erabiltzen ditu gero baliabide publikoekin finantzatutako enplegua eteteko neurriak justifikatzeko", salatu dute LABekoek. Era berean, sindikatuak kezkagarritzat jo du administrazio publikoek horrelako jardunak "behar bezala ez fiskalizatzea", eta ondorengo galdera plazaratu du: "Noiz arte onartuko dute erakundeek diru publikoarekin finantzatutako tresnak enpresen interes partikularren mesedetan erabiltzen jarraitzea?".
Hala, epaitegien esku utziko du LABek erregulazio espedientea.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta