Inbertsio-funts berria aurkeztu du Laboral Kutxak

Bankuaren lehen 'buy and hold' motako funtsa da, MSIMek kudeatua

Laboral Kutxaren bulego bat | Argazkia: Laboral Kutxa
Laboral Kutxaren bulego bat | Argazkia: Laboral Kutxa
2026eko martxoaren 18a - 12:34

Inbertsio-zerbitzuen aldeko apustu berria egin du Laboral Kutxak, bezeroei “balio erantsi handiko irtenbideak” eskaintzeko asmoz: Laboral Kutxa Focus 2030 by MSIM izeneko inbertsio-funtsa merkaturatu du. Bankuak eskaintzen duen lehen buy and hold (erosi eta eutsi) erako inbertsio-funtsa da, eta izenean irakur daitekeen moduan, MSIMren (Morgan Stanley Investment Management) esku egongo da haren gestioa. Funts mota horiek estrategia oso zehatza jarraitzen dute: finantza-aktiboak erosi eta epe luzera mantentzen dituzte, zorroan ia aldaketarik egin gabe.

 

Bankukoek azaldu dutenez, zerbitzu berriak aukera emango dio inbertitu nahi duen erabiltzaileari abantaila fiskalak eta kostu-efizientzia handiagoak ematen dituen tresna erabiltzeko, nazioarteko gestoreen irizpideak jarraituta.

“Nabarmentzekoa da produktua diseinatzeko eta kudeatzeko prozesuan MSIMko errenta finko globaleko taldeak parte hartu izana”, nabarmendu du Laboral Kutxak. Izan ere, talde horrek esperientzia handia du sektorean, nazioarteko ospea du eta 60 profesional baino gehiagoz osatuta dago. “Horren ondorioz, zorro bat eratu dute inbertsio-mailako errenta finkoko merkatuetan identifikatutako inbertsio- eta aukera-ideiarik onenetan oinarritutakoa”, gaineratu du bankuak.