Laboral Kutxak 154,5 milioi euroko irabazi garbiak izan ditu 2026ko lehen seihilekoan, aurreko urteko aldi berean baino %6,2 gehiago. Aldi berean, erakundearen negozio bolumena %8,1 handitu da, 53.720 milioi eurora iritsita. Entitateak adierazi du emaitza horiek ekonomiaren testuinguru zorrotzago batean lortu direla, Eurogunearen hazkunde apalagoarekin, inflazioaren presioarekin eta interes tasen "aldakortasunarekin".
Banku jarduerari lotutako diru-sarrerak izan dira emaitzen oinarri nagusia. Interes marjina 285,9 milioi eurokoa izan da, iazkoaren aldean %3,2 txikiagoa, baina ordainketa-bideen eta inbertsio-zerbitzuen komisioek igoera izan dute. Horrela, komisio garbiak 73 milioi eurora heldu dira, %4,8 gehiago, eta marjin gordina 368,8 milioi eurora igo da.
Entitatearen finantza-adierazleek ere hobekuntza erakutsi dute. Berankortasun tasa %1,87ra jaitsi da, iazkoarekin alderatuta oinarrizko 45 puntu gutxiago, eta kaudimen maila %24,58ko CET1 ratioan kokatu da. Gainera, hornidura eta zuzkiduren beharra nabarmen murriztu da: 5,8 milioi euro bideratu dira horretara, iaz baino askoz gutxiago.
Familien eta enpresen aurrezkiak 35.295 milioi eurora iritsi dira ekainean, urtebetean %7,6 handituta. Inbertsio funtsen ondarea ere hazi egin da, %23,45, eta kreditu inbertsio osoa 17.036 milioi eurora igo da, %6,8ko hazkundearekin. Hipoteka maileguek, kontsumorako kredituak eta enpresentzako finantzaketak ere gora egin dute lehen seihilekoan. Aseguruen arloan, bildutako primak 112,3 milioi euro izan dira, aurreko urtean baino %2,9 gehiago.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta