Langileak enpresaren jabe bihurtzeko aukerak

Zuzenbidetik ezarritako arau nagusiak

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Langileak enpresaren jabe bihurtzeko aukera beren-beregi jaso du Espainiako Konstituzioak. Bada, 129.2 artikuluan xedatu da botere publikoek bitartekoak ezarriko dituztela langileek ekoizbideen jabetza eskuratzea errazteko. Horretarako, kontuan hartu behar da artikulu berak kooperatiba-sozietateak suspertzeko agindua ezarri duela. Gainera, martxoaren 29ko Legeak gizarte-ekonomia arautu zuenetik, bertan aipatutako erakundeak ere aintzat hartu behar dira. Edonola ere, gizarte-ekonomiako erakunde guztietatik bi dira langileak enpresaren jabe bihurtzeko aukera ematen dutenak: kooperatibak eta lan-sozietateak.

Kooperatibak eta lan-sozietateak ekintzailetza kolektiboa sustatzeko tresna gisa baliatzen dituzte Administrazio publiko desberdinek, euren eskumenen arabera.

Enplegu-politikei dagokienez, esate baterako, nabarmendu behar da irailaren 28ko 818/2021 Errege Dekretua, Enpleguaren Sistema Nazionalaren enplegua aktibatzeko programa erkideak arautzekoa. Bada, Lanaren eta Gizarte Ekonomiaren Ministerioak onetsi zuen errege-dekretu hori, estatuak honako bi gai hauen gainean dituen eskumen esklusiboak oinarri: lan-legegintza eta jarduera ekonomikoaren plangintza orokorrari buruzko oinarriak zehaztu eta horren koordinazioa egitea.

Kooperatiba eta lan sozietateak bultzatzeko neurriak

Errege-dekretu horren edukiari erreparatuz gero, neurri desberdinak daude kooperatibak eta lan-sozietateak bultzatzeko. Aurrena, enplegu-prestakuntzarako ekimen publikoen baitan, enplegua eta prestakuntza uztartzen dituzten esperientzia-programak daude, xede dutenak aldi baterako proiektuen bidez langabezian dauden pertsonak laneratzeko aukerak hobetzea. Hain zuen, horrelako programen baitan proiektu bereziak sor daitezke pertsona ekintzaileentzako, betiere, helburua bada enpresa-proiektu bat abian jartzea, besteak beste, kooperatiba edo lan-sozietate bat eratuz.

Hurrena, kooperatibak eta lan-sozietateak eratu edo horietan lan egitea sustatzeko xedea duen programa dago. Zehatzago bi dira programa horrek dituen neurriak. Lehenengo neurrian kooperatibetan edo lan-sozietateetan iraupen mugagabeko bazkide langile edo lan-bazkide bihurtzea langabezian dauden pertsonak edo kooperatibaren nahiz lan-sozietatearen baitan aldi baterako zein iraupen mugagabeko lan-kontratua duten pertsonak edo aldi baterako bazkide diren pertsonak.

Errege-dekretu horren edukiari erreparatuz gero, neurri desberdinak daude kooperatibak eta lan-sozietateak bultzatzeko. Aurrena, [...] enplegua eta prestakuntza uztartzen dituzten esperientzia-programak daude. Hurrena, kooperatibak eta lan-sozietateak eratu edo horietan lan egitea sustatzeko xedea duen programa dago

Neurri horri finantzatzeko erreferentziazko diru-laguntzaren zenbatekoa 7.000 eurokoa da, kasuan kasuko kooperatiba edo lan-sozietatearentzako. Gainera, bazkide bihurtzen dena emakumea bada 500 euro gehiago eman behar dira eta posible da eskumenak izan ditzaketen osterantzeko Administrazio publikoek bestelako kolektibo batzuentzako finantzaketa handitzea. Baina bazkide bihurtzen dena kooperatiban edo lan-sozietatean aldi baterako edo iraupen mugagabeko lan-kontratua duen pertsona bada, neurri hori finantzatzeko erreferentziazko zenbatekoa 5.500 eurokoa da.

Bigarren neurria da, berriz, kooperatibak edo lan-sozietateak sortzeko eta modernizatzeko proiektuak babestea. Gainera, bigarren neurri horretara biltzen da aurretiaz zegoen enpresa-proiektu bat eraldatzea, ordeztea edo subrogatzea, hain justu ere, kooperatiba edo lan-sozietate bihurtzeko, elkartzea erabaki duten langileen edota langabetuen ekimenaren ondorioz.

Neurri horri finantzatzeko erreferentziazko diru-laguntzaren zenbatekoa 18.000 eurokoa da, baina egoera eta baldintza desberdinak hartu behar dira kontuan, konparazio baterako, kooperatiba edo lan-sozietate bat eratu eta abian jartzeko diru-laguntza izango da, gehienez, aldez aurreko enpresa eskuratzeko kostuaren %50ekoa.

Langileak enpresaren jabe bihurtzeko aukera beren-beregi jaso du Espainiako Konstituzioak. Bada, 129.2 artikuluan xedatu da botere publikoek bitartekoak ezarriko dituztela langileek ekoizbideen jabetza eskuratzea errazteko

Neurri horiez landa, diruz laguntzen dira, berebat, askotarikoak izan daitezkeen laguntza teknikoak, hala nola, proiektuaren bideragarritasuna aztertzeko eta gizarte-ekonomiari buruzko prestakuntza-jarduerak finantzatzeko. Lehenengo kasuan, erreferentziazko diru-laguntzaren zenbatekoa 18.000 eurokoa da, baina, gehienez, kontratatutako zerbitzuen kostuaren %75 estali ahal izango da. Bigarren kasuan, aldiz, jarduera bakoitzeko erreferentziazko diru-laguntzaren zenbatekoa 90.000 eurokoa da, jardueraren kostu osoa estal daitekeela.

Nolanahi ere, errege-dekretu horrek esanbidez aitortu du Euskal Autonomia Erkidegoan (EAEn) eta Nafarroako Foru Komunitatean programa horiek guztiak finantzatzeko izan daitezkeen berezitasunak, euren foru-araubideak direla bide. Orobat, kontuan hartu behar da bi autonomia-erkidego horiek kooperatiben gaian duten eskumen esklusiboa.

EAEren politikak kooperatibak eta lan-sozietateak sustatzeko

Esangura horretan, nabarmentzekoak dira EAEko Lan eta Enplegu Sailak gizarte-ekonomia sustatzeko eman ohi dituen dirulaguntzak. Esate baterako, 2022ko irailaren 28ko Aginduaren bidez diru-laguntzak eman ziren, besteak beste, gizarte-ekonomiako enpresak eratu eta sustatzeko, izaera hori ez duten enpresak gizarte-ekonomiako enpresa bihurtzeko aukerarekin; eta gizarte-ekonomiako enpresa eratu berriak finkatzeko. Diru-laguntza horien onuradunez diharduten xedapenei helduz gero, zehaztu behar da gizarte-ekonomiako erakunde guztietatik kooperatibak eta lan-sozietateak baino ez direla aintzat hartzen.

Nabarmentzekoa da EAEko Lan eta Enplegu Sailak gizarte-ekonomia sustatzeko eman ohi dituen diru-laguntzak.Esate baterako, 2022ko irailaren 28ko Aginduaren bidez emandakoak

Halaber, diru-laguntza horiek bateragarriak izan daitezke Foru Aldundietako Ekonomia Sustatzeko Sailek, euren ardatz estrategikoen arabera, arautu ohi dituzten diru-laguntzekin eta laguntza teknikoekin.

Bukatzeko, fiskalitatearen ikuspuntutik Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek forua-arau bereziak dituzte kooperatiben araubide fiskala ezartzeko.

Gizarte Segurantzaren prestazioak baliatzea

Gizarte Segurantzaren langabezia-prestazioak eta lan jarduerari uztearen ondoriozko prestazioak balia daitezke kooperatiba eta lan-sozietateetako bazkide egiteko, baita kooperatibak eta lan-sozietateak eratzeko ere.

Bada, urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren, Gizarte Segurantzako Lege Orokorraren testu bategina onestekoaren, 296.3 artikuluak ahalbidetu du, enplegua sustatzeko programen baitan, prestazio horiek kapitalizatzea, hots, ordainketa bakarrean gauzatzea.

Oraintsu onetsi den 3/2023 Legeak, enpleguari buruzkoak, kapitalizazio hori onartu du langabezia-prestazioak baliatu eta enplegu-programen bidez gizarte-ekonomiako ekimenak bultatzeko

Ildo bertsutik, oraintsu onetsi den 3/2023 Legeak, enpleguari buruzkoak, kapitalizazio hori onartu du langabezia-prestazioak baliatu eta enplegu-programen bidez gizarte-ekonomiako ekimenak bultatzeko, betiere, programok ekimena bideragarria izango dela bermatuko duen auditoretza aurreikusten badute eta ekimena praktikan jartzeko laguntza teknikoa eskaintzen badute, genero-perspektibarekin.

Gizarte-ekonomiari buruzko hiru programak

Etorkizunenean sor daitezkeen enplegu-programa berriak gorabehera, gaur egun, hiru programa daude, denak ere martxoaren 29ko 5/2011 Legeak, gizarte-ekonomiari buruzkoak, araututakoak, hurrenez hurren, 10, 10bis eta 12. artikuluetan.

Aurrena, langabezia-prestazioa kapitalizatzea kooperatibetako edo lan-sozietateetako bazkide egiteko edo horrelako erakundeak eratzeko. Baldintzak: kontribuzio-bidezko langabezia-prestazioa jasotzeko eskubidearen titularra izatea; kapitalizazioa eskatu aurreko 4 urteetan kapitalizaziorako eskubidea egikaritu ez izana; langabezia-prestazioa gutxienez beste 3 hilabetetan jasotzeko eskubidea izatea; lan-jarduerari behin betiko utzi izana, nahiz eta hori enpresa ixtearen ondorio izan eta langile izandakoek enpresa haren jarduerari eutsi, eratuko duten kooperatiba edo lan-sozietate berria baliatuta; Gizarte Segurantzan egiaztatzea kooperatiba edo lan-sozietate batean jarduera gauzatuko dela; kapitalizazio-eskabidea kooperatibara edo lan-sozietatera bazkide gisa bildu aurrekoa edo erakunde horiek eratu aurrekoa izatea.

Hiru programa daude: langabezia-prestazioa eta autonomoen larani uzteagatiko prestazioa kapitalizatzea kooperatibetako edo lan-sozietateetako bazkide egiteko edo erakunde horiek eratzeko, eta konkurtso-egoeran dauden merkataritzako sozietateetako akzio edo partaidetzak eskuratzeko

Hurrena, langabezia-prestazioa baliatzea konkurtso-egoeran dauden merkataritzako sozietateetako akzio edo partaidetzak eskuratu, eta horren bidez sozietate horiek kooperatiba edo lan-sozietate bihurtzeko. Baldintzak: kontribuzio-bidezko langabezia-prestazioren onuradun izateko baldintza guztiak betetzea, langabeziaren legezko egoeran izatearena izan ezik; kasuan kasuko merkataritzako sozietatean iraupen mugagabeko lan-kontratua izatea; merkataritzako sozietatea konkurtso-egoeran egotea eta merkataritzako epaileak akordatzea sozietate hori kooperatiba edo lan-sozietate bihurtzea, maiatzaren 5eko 1/2020 Legegintzako Errege Dekretuaren, konkurtso-legearen testu bategina onestekoaren, 219 edo 224 bis artikuluetan eta horiekin bat datozen artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Azkena, lanari uzteagatiko prestazioa kapitalizatzea kooperatibetako edo lan-sozietateetako bazkide egiteko edo horrelako erakundeak eratzeko. Baldintzak: autonomoa izatearen ondorioz prestazio hori jasotzeko eskubidearen titularra izatea; prestazioa gutxienez beste 6 hilabetetan jasotzeko eskubidea izatea; mutuan egiaztatzea lan elkartuko kooperatiba edo lan-sozietate batean jarduera gauzatuko dela; kapitalizazio-eskabidea kooperatibara edo lan-sozietatera bazkide gisa bildu aurrekoa edo erakunde horiek eratu aurrekoa izatea.

Kooperatiba-balio eta printzipioak sustatzeko premia

Aipatu neurri guztiak eragingarriak izan daitezen, kooperatiben kasuan funtsezkoa da bertako bazkide izango direnak kooperatiba balio eta printzipioetan heztea. Izan ere, bazkideek horiek barneratu eta egunerokotasunean praktikan jarri ezean, kooperatiba faltsuak sortzeko arriskua egongo da.

Informazio gehiago
Erretiroaren ondoren, langileak bazkide
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK