Lavandula Cosmetica edo nola kosmetika sortzea artisautza lana izan daitekeen

Otxandioko ortuan haziak landatu eta laborategia kosmetika produktuak sortzen dituzte Ainara Beobidek eta Ainhoa Aranburuzabalak. 2019an, euren lanak utzita, abiatu zuten proiektua, eta "astiro" joanez eta ia konturatu gabe lortu dute arrakasta

Ainhoa Aranburuzabala eta Ainara Beobide Lavandula Cosmeticako sortzaileak | Argazkia: Lavandula Cosmetica Ainhoa Aranburuzabala eta Ainara Beobide Lavandula Cosmeticako sortzaileak | Argazkia: Lavandula Cosmetica

Ainara Beobidek eta Ainhoa Aranburuzabalak sortutako proiektua da Lavandula Cosmetica. Otxandion duten laborategian kosmetika naturala, ekologikoa eta gehigarririk gabea ekoizten dute, hala nola, xaboi naturalak, aurpegia eta gorputza zaintzeko kremak edota makillajerako produktuak. Denera, 50 produktu baino gehiago egiten dituztela dio Beobidek.

Ubiden bizi dira bi bazkideak, eta bertako neguak agudo igarotzearren, kasik aisialdi modura, xaboi naturalak egiten hasi ziren elkarrekin orain urte batzuk. Behin xaboiak egiten hasita, kremak egiteari ekin zioten, eta hauek ekoizteko formakuntza ikastaroetan ere izena ematen hasi ziren, bai kosmetika ikastaroak, bai medikuntza naturalekoak (naturopatia), besteak beste. Inguruko jendeari nahiz azoketan saltzen hasi ostean, euren xaboi eta kremek harrena ona zutela jabetu ziren Beobide eta Aranburuzabala, eta 2019an euren lanak utzi eta proiektu berria aurrera ateratzea erabaki zuten.

Euren xaboi eta kremek harrena ona zutela jabetu ziren Beobide eta Aranburuzabala, eta 2019an euren lanak utzi eta proiektu berria aurrera ateratzea erabaki zuten

Proiektua abian jartzeko lokala aurkitzeko zailtasunak izan zituztela aitortu du Beobidek. Izan ere, ez zuten industrialde batera joan nahi; etxetik gertu egin nahi zuten lana, landa eremuan. Azkenean, Otxandion, etxetik hamar minutura, aurkitu zuten haziak landatzeko ortua eta produktuak garatzeko laborategia bermatuko zien esparrua.

Legedia betez

Ortuan hainbat hazi landatzen dituzte, hala nola, calendula, ezkaia, erromeroa, kamamila, baina beste landare batzuk erosi egiten dituzte. “Ainhoa eta nik egiten dugu dena. Formulatzea, fabrikatu, garbitu eta saldu”, kontatu du bazkideak. Dena den, legediak farmazia, kosmetika, kimika eta antzeko arlo bateko ikaskuntzak izatea behartzen du kosmetika produktuak ekoiztu ahal izateko, hortaz, hirugarren pertsona bat dute kontratatuta, zeinak hilabetean gutxienez hamar ordu lan egiten dituen. “Guk egiten ditugun formulak zuzen daudela egiaztatzen du, egin beharreko aldaketak egiten ditu eta gero, formulak Europako portalera igotzen ditu”.

Ainara Beobide: “Ainhoa eta nik egiten dugu dena. Formulatu, fabrikatu, garbitu eta saldu”

Taldetan banatuta dituzte produktuak. Aurpegiko kremak eta serumak egiten dituzte azal mota ezberdinetarako, ilerako txanpu solidoak eta maskarillak, xaboi solidoak esku eta dutxarako eta gorputzerako kremak. Halaber, bezero gehienak emakumeak direla azaldu du Beobidek, “35 urtetik 70 urte arteko pertsonak”, nahiz eta, oro har, adin eta genero guztietako bezeroak eduki.

Lavándula DON9938
Lavandularen hainbat produktu | Argazkia: Lavandula Cosmetica

Euren produktu gehienak belar dendetan, parafarmazia, estetika denda eta kontsumo taldeen bidez saltzen dituzte. Halere, online denda eta Otxandion bertan denda fisikoa ere badute. Hego Euskal Herriko dendetan saltzen dute, batik bat, baina Bartzelona, Madril, Asturias edota Galiziako saltokietara ere iristen dira Lavandula Cosmetikaren produktuak.

Astiro eta bidea ondo zapaltzen

Produktu berriak egiteko asmoa badu Lavandula Cosmetikak, “koadernoa apuntatuta ditugu ideia berriak, eta baditugu hainbat produktu ateratzeko, baina gu apurka-apurka goaz”. Bi langile soilik izanik, lan handia dakar formula berriak pentsatu, frogatu eta saltzeak. “Prozesu osoa guk egiten dugunez, ezin dugu oso arin joan, baina gure filosofia ez da aberatsak egitea; soldata duin bat edukitzearekin pozik gaude”, nabarmendu du bazkideak.

Proiektua hasi zutenean ere ez zuten horrelako ibilbidea egitea espero. "Askotan gogoratzen dugu non hasi ginen, eta nola gauden gaur. Dena den, oso astiro joan gara, pausoz pauso, eta ez da bat-bateko arrakasta bat izan. Ondo zapaltzen joatekoak gara gu", bukatu du Beobidek.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK