
Gasteizko LEA enpresak industria-pabiloi bat aurkitu berri du, 13.000 metro karratukoa, Gamarrako poligono industrialean. Enpresak azaldu duenez, pabiloi horretan jarriko dute martxan produkzioa irailaren amaierarako. Denboraldi baterako leku aldaketa izango da, fabrika berria eraikitzen den arte, zeina oraindik ez dagoen argi non kokatuko den.
Izan ere, Lascaray LEA konpainiak Gasteizen zuen fabrikak su hartu zuen pasa den ostiralean. Antza, makineria batek hartu zuen sua 13:45 inguruan, eta suhiltzaileak lantegira bertaratu arren, ezer gutxi berreskuratu ahal izan zuten.
Hala ere, konpainiatik azaldu dute astebetean “sekulako aurrerapenak” egin dituztela, baina argi dute oraindik ere “sakrifizio eta esfortzu handia” egin beharko dutela, enpresaren jarduera eta enpleguak bermatzeko.