Lilaz gozotutako txokolatea

Badira markak hain daudela egonkortuta merkatuan, ezen beren kolorea ez baitutela aldatu behar izan sekula: horietako bat da Milka. 1901 sortua, marka suitzarra mundu osoan da ezagun

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
Joanes Marquet Lopetegi
EnpresaBIDEAko kazetaria
2026ko irailaren 12a - 05:30

Gorriak dira gereziak eta piperrak, pasioa eta plazera, Coca Cola eta politikoki ezkertiarrak —AEBn izan ezik—. Urdinak eskuindarrak. Berdea esperantza eta halakorik ez balego beltza etorkizuna. Laranja da zukua eta Euskaltel. Horia eguzkia eta Orioko San Nikolas trainerua, baita Correos edo Glovo ere. Morea da ubeldura eta borroka feminista. Baita txokolatea ere?

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Logikak dio kolore marroiarekin lotu beharko genukeela txokolatea, baina baliteke ez izatea elikagaia erakargarrien egiten duen tonua. Marroia da kakaren kolorea, lurrarena, eta emozioen munduan, asperdura edo monotoniarena. Baliteke XX. mendearen hasieran, Suitzako alpeen magalean, baserritarren batek halako gogoeta egitea eta ur errota batean ekoitzitako txokolatearen bilgarria bestelako kolorez apaintzea. Lilaz, esaterako?

Morearen kolore gaman tonu argixeagoa duen kolorea da lila, 1901az geroztik, Milka txokolatearen bidelagun leiala, eta egun, Milka mundu mailako markarik ezagunenetakoa da. Aitzitik, bere jatorria 75 urte lehenagokoa da, 1826an Philllipe Suchard izeneko suitzar batek gozotegi bat ireki baitzuen Neuchatelen, eta beste produktu askoren artean txokolatea egiten hasi zen. Urtebete beranduago ondoko Serrières herrira lekualdatu eta ur errota bat baliatu zuen egunean 20-25kg txokolatea ekoitzi eta bere negozioari ekiteko, Chocolat Suchard izenpean.

 

XIX. mendearen azkenekotan Suchard hil eta bere ondorengoek jarraitu zuten bere negozioarekin, Eugenie alabak eta bere senar Carl Russ-Suchardek, hain zuzen. Negozioaren bigarren belaunaldiz hark bi erabaki garrantzitsu hartu zituen: txokolatea esnearekin egitea (Daniel Peter txokolategile suitzarra izan zen txokolate mota hura asmatu zuena) eta 1901etik aurrera esnezko txokolatea Milka markapean merkaturatzea.

1826an Philllipe Suchard izeneko suitzar batek gozotegi bat ireki zuen Neuchatelen, eta beste produktu askoren artean txokolatea egiten hasi zen

Esnearekin eginiko txokolatearen ospea eztabaidaezina da, baita Milka markaren arrakasta ere. Hasiera hartatik izan zen lila kolorekoa Suchardtarren negozioa babestu zuen estalia, zeinak azalean behi txuri beltz baten eta Suitzako Alpeen irudia baitzuen. Ehun urte baino gehiagotan markaren aldaketa bakarra 1973an eman zen, Young & Rubicam publizitate agentzia estatubatuarrak behia ere lila kolorez apaintzea erabaki zuenean.

Suchard eta Milka: 115 urteko harremana

Alemanieraz, milch (esnea) eta kakao (kakaoa) hitzak elkartzetik dator Milka izena, eta kakaoa esnetan bezala, konpainia ondo baino hobe murgildu zen XX. mendean zehar garatutako nazioarteko merkatuan. 1909rako, Austrian hasi ziren beren produktuak merkaturatzen, eta diotenez, 1910eko hamarkadan 1880an baino 18 aldiz txokolate gehiago produzitzen zuten Serrièreseko lantegian. Handik gutxira, esneaz eginiko txokolateaz gain, Gabonetarako eta beste ospakizunetarako zenbait gozo ekoizten hasi zen konpainia.

Herrialdez herrialde hedatu zen Milka, Europan batez ere, harik eta 1965erako txokolateen merkatuan kuota handiena zuen fabrikatzailea bilakatu zen arte, beste nazioarteko marka ospetsuenen aurretik. Espainiako Estatura, esaterako, 1974an iritsi zen, diktadura frankista amaitzear zela.

1970ean, Chocolat Suchard Toble konpainiarekin (Tobleroneren fabrikatzailea) elkartu zen Interfood taldea sortzeko, eta hura, aldi berean, 1982an Alemaniako Jacobs kafe konpainiak xurgatu zuen, Jacobs Suchard taldean sartuta

Chocolat Sucharden bilakaera arrakastatsuak eta kapitalismoaren hazkunde geldiezinak, halaber, eragin zuen garai hartatik aurrera enpresa-jabetza mailako zenbait erabaki garrantzitsu hartzea. 1970ean, Chocolat Suchard Toble konpainiarekin (Tobleroneren fabrikatzailea) elkartu zen Interfood taldea sortzeko, eta hura, aldi berean, 1982an Alemaniako Jacobs kafe konpainiak, Klaus Johann Jacobsen enpresaburu suitzar ospetsuarenak, xurgatu zuen, Jacobs Suchard taldean sartuta, Europako elikadura multinazional handienetako batean.

Baina Chocolat Sucharden jabetza aldaketak ez ziren hor amaitu. 1990ean, AEBeko Kraft Foods multinazionalak Jacobs Suchard bere gain hartu eta Milka markaren nazioartekotze prozesua areagotu zuen, negozioa Europatik harago zabaldu zuelarik, besteak beste, gozo-produktu gama zabalduta.

2012an, Kraft Foods desagertu eta bi konpainietan banatu zen: Kraft Foods Group eta Mondelēz International. Milka, egun, azken honen jabetzakoa da, nahiz eta Suchard enpresa, 2016an, Carambar & Co talde frantziarrari saldu. Hots, Suchard eta Milka banandu egin ziren urte hartan, 115 urteko ezkontza baten amaiera izan zen.

iStock 1272426979
Suitzako Neuchatel herria, Milka txokolatea sortu zen lekua | Argazkia: iStock

150.000 produktu orduko

Egun, Milkaren askotariko produktuak 150 herrialde baino gehiagotan saltzen dira. Mondelēz International multinazionalak 38.500 milioi dolareko fakturazioa izan zuen iaz. Zaila da jakitea kopuru horretatik zenbat dagokion Milkari, izan ere, taldearen barruan dira Oreo, Cadbury, Chips Ahoy! edota Toblerone bezalako beste txokolate marka indartsu batzuk. Hori bai, mundu osoan zehar, orduro Milkaren 150.000  produktu saltzen omen dira.

AEBeko multinazionalak 120 bat fabrika ditu mundu osoan. Milkaren fabrika nagusia Alemaniako Lorrach herrian dago, zeinetan 50 herrialdeetarako txokolatea egiten den. Bigarren fabrika handiena Austriako Bludenz udalerrian aurki daiteke. Halaber, Milka ekoizten den fabrikak daude Polonian, Frantzian, Txekian, Italian edota Grezian. Hego Amerikako merkatuan, 2012an ireki zuten planta Argentinan.

Gauzak horrela, eta mundu osoan hedatu bada ere, Milkaren indargunea Europa da oraindik ere, eta txokolatea gehien saltzen den herrialdeak dira, besteak beste, Alemania, Austria, Frantzia, Espainia, Italia edota Belgika.

Suitzatik Euskal Herrira

Milka ez da sekula Euskal Herrian ekoiztu, baina badugu aukera Milkaren istorioa gure lurrarekin lotzeko. Izan ere, Milkaren jabe Mondelēz International multinazional estatubatuarrak badu fabrika bat Euskal Herrian, Nafarroako Vianan, hain zuzen. Bertan gailetak ekoizten dituzte, Oreo, Fontaneda, Digestive edota Chips Ahoy! markakoak. 400 bat langile ditu, eta iaz marka horietako gailetak ekoizteko labe erabat elektrikoa erabili zuen lehen lantegia izan zen mundu osoan.

Hortaz, ekoitzi ez, baina Euskal Herrian Milkak saldu eta saldu jarraitzen du, baita mundu osoko supermerkatuetan, azken ehun urte baino gehiagotan bezala. Suitzako ur errota batean sortutako txokolate lilak gure hozkailuetako bazterrak koloreztatzen jarraitzen du; eta gure sabelak goxatzen.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain