• ENPRESAK GAUR
  • Lur Errekondo: "Telebistagatik ere ezagutuko nau jendeak, baina kirolaritzat daukat neure burua"

Lur Errekondo: "Telebistagatik ere ezagutuko nau jendeak, baina kirolaritzat daukat neure burua"

Kirola izan da beti Errekondoren abiapuntua, nahiz eta telebistak eta ekintzailetzak haren ibilbidea osatu duten

Lur Errekondo Zarautz Academyn | Argazkia: Andoni Canellada / Foku
Lur Errekondo Zarautz Academyn | Argazkia: Andoni Canellada / Foku
Garazi Etxaniz Idarreta
EnpresaBIDEAko kazetaria
2026ko abuztuaren 7a - 05:30

Zarautz Academyko instalazio berrietan elkartu gara Lur Errekondorekin. Harri-jasotzaile gisa egin zen ezagun lehenik, eta telebistak ere ikusgarritasuna eman dio azken urteotan. Orain, ordea, kirolari lotutako beste erronka bati heldu dio, bazkide gisa Zarautzen ireki berri duen mugimendu zentroarekin.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Jende gehienak bi aurpegi ezagutzen dizkizu: harri-jasotzailearena eta telebistako aurkezlearena. Nola definitzen duzu zuk zeure burua?

Nik beti kirolari gisa definitu dut neure burua. Hori izan nahi izan dut txikitatik. Agian jada ez naiz izango profesionala, eta telebistagatik ere ezagutuko nau jendeak, horra egin nuelako salto, baina kirolaritzat daukat neure burua.

 

Nola bizi izan zenuen kiroletik telebistara egindako salto hori?

Pixka bat arraroa izan zen. Entrenatzen ari nintzela, aldagelan harria garbitzen ari ginen eta Naufragoak programako zuzendariak deitu zidan. Harrituta geratu nintzen, esaten bezala “ni gizarte-hezitzailea naiz, harria altxatzen ibiltzen naiz… ez daukat zer ikusirik telebistaren munduarekin!”. Errespetua ematen dit arrotza zaidan gauza batean aritzeak, bi konturengatik: batetik, ez delako nire ogibidea eta nirea ez den toki batean sartzen ari naizelako; bestetik, normala den moduan, ez dakidalako behar adinako maila izango dudan. Gainera, jakina da leku batetik edo bestetik kritikatuko zaituztela, are gehiago horrelako programa batean sartuz gero. Baina bueno, azkenean joan nintzen castinga egitera eta lasai hartu nuen. Esan zidaten beste hainbat neska gehiagok ere castinga egingo zutela, eta Conquis [El conquistador del fin del mundo] programako partaideei ere dei egin zietela, baina askok ezetz esaten zutela hain justu aipatu ditudan gauza horiengatik: kritikengatik, segurtasun ezagatik… Alde horretatik pena eman zidan, egia esan, baina tamalez halakoa da gaur egungo gizartea. 

Gerora, beste casting batera joateko eskatu zidaten, ikusteko nola moldatuko ginatekeen nire kidea izango zena eta ni batera. Hortik aurrera, esan ziguten elkarrekin egingo genuela, eta di-da batean hasi ginen grabaketekin. Naufragoak grabatzea ondo egon zen. Euskaraz zen, nire ama hizkuntzan. Ez dut esango erraza izan zenik, nire aurreneko proiektua zen eta bitxia zen programa, bai formatuari zegokionez, bai eduki behar genuen paperari dagokionez… Egia da gidoia ondo landuta zegoela eta nahiko naturala zela, baita zuzendariak asko laguntzen zigula ere. Beraz, telebistara saltoa ongi, baina arraroa. 

 A740205
Lur Errekondo | Argazkia: Andoni Canellada / Foku

Badirudi ondo atera zela, ez?

Bai, bai, ematen du baietz. Gainera justu castinga egin nuenean esan zidaten Conquiserako ere neska bat bilatzen ari zirela, Julian Iantziren kide izateko. Une hartan nik Conquis oso urruti ikusten nuen, baina azkenean ondo atera zen, eta jada lau denboralditan hartu dut parte.

"Conquiseko lehenengo urtea oso gogorra egin zitzaidan. Julian bezalako kide bat nuen alboan, milaka urtez telebistan izan dena, hainbat eta hainbat programatan"

Nolakoa izan zen esperientzia, bai Naufragoak saioan, bai Conquisen?

Polita. Naufragoak grabatzen oso ondo pasa nuen. Nire buruari asko exijitzen nion. Bai Iñigok [Naufragoak saioko beste aurkezlea], bai nik esaten genion geure buruari: “Konturatu zein lekutan gauden, zer ari garen egiten, hau ez zaigu-eta berriro pasako…”. Momentu bakoitza bizitzen saiatu ginen, ahal genuen onena ematen, noski. 

Conquiseko lehenengo urtea oso gogorra egin zitzaidan. Julian bezalako kide bat nuen alboan, milaka urtez telebistan izan dena, hainbat eta hainbat programatan. Ni hasi nintzenean jada 18 urte edo bazituen Conquisen. Berak oso erraz egiten zuen dena, oso barneratuta zeukan; oso segurua zen, eta gainera bere izateko modua ere hor dago. Horrelako pertsona bat ondoan edukitzean zeure burua oso behean ikusten duzu, nahi gabe ere konparatzen hasten zarelako. Bestalde, nire ama hizkuntza ez da gaztelania, eta hizkuntzaren kontu hori asko kostatu zitzaidan. Elkarrizketak jarraitu nahi nituenean, zerbait pentsatu eta erantzuna jakiterako jada beste kontu batez hitz egiten ari ziren. Alde horretatik, eta, segurtasunari dagokionez, nahiko zaila egin zitzaidan, baina ikaskuntza gisa ere hartu nuen. 

Une honetan telebistan ikus zaitzakegu?

Orain ez. Geldialdia. Urri-azaro aldera berriro joango gara Conquis grabatzera, eta abenduan bueltatuko gara hona. Gero, programa urtarriletik ekainera bitartean emititzen da.

Eta kirola egiten jarraitzen duzu?

Bai, baina modu lasaiagoan. Bere garaian eskubaloian aritzen nintzen, baina operazio asko izan nituen eta alde batera utzi behar izan nuen. Gero harri-jasotzaile gisa hasi nintzen, urte eta erdiz edo bi urtez, baina gero laga egin nuen lepoan lesioa eduki nuelako. Orain crossfitean ibiltzen naiz, nahiz eta ariketa asko egokitu egiten ditudan segun eta nola sentitzen naizen gorputzari dagokionez. Saiatzen naiz egunero entrenatzen eta astean egun batez deskantsatzen.

"Aurten ireki dugu zentroa, eta azkenean, berez lanean hasi behar nuen arren, bazkide gisa sartu nintzen. Lau bazkide gara, nire bikotekidea eta ni, eta beste bi"

Orain, ekintzailea ere bazarela esan dezakegu: Zarautz Academy mugimendu zentroko bazkide zara. Nola sortu zen proiektua?

Nire bikotekideak crossfit egiten du, eta bere ideia izan zen proiektu hau martxan jartzea. Aurrez Zarautzen, Azpeitian eta Ordizian crossfiteko gimnasioak izan ditu, nahiz eta orain soilik birekin jarraitzen duen. Berak beti nahi izan du gimnasio —orokorra, ez crossfitekoa— bat izan, ilusioa egiten zion, eta pasa den urteko otsailean-edo zein makina aukeratu pentsatzen hasi zen.

Berea zen ideia, eta nik baietz. Nahi bazuen lagunduko niola, edo lanean sartuko nintzela, beti ikusi izan dudalako neure burua kirolean. Eskubaloia utzi nuen garaian ez nuen neure burua entrenatzaile gisa irudikatzen, inondik inora. Beste alor batzuetan bai, ordea, eta egokitze fisikoari buruzko ziurtagiri profesionala (CPE, Certificado de profesionalidad en acondicionamiento físico) atera nuen bertan lan egin ahal izateko. Gizarte langintzaren alderdia alde batera utzi eta kirolean buru-belarri sartu naiz. 

Aurten ireki dugu zentroa, eta azkenean, berez lanean hasi behar nuen arren, bazkide gisa sartu nintzen. Lau bazkide gara, nire bikotekidea eta ni, eta beste bi, dirua jarri eta lagundu digutenak proiektua martxan jartzen.

 A740158
Lur Errekondo Zarautz Academyn | Argazkia: Andoni Canellada / Foku

Zer nolako prozesua izan da proiektu hau martxan jartzea?

Denetik izan dugu. Zentroa ireki aurreko hilabeteak izan dira okerrenak: baimenak, obrak, denbora… Ireki ondoren ere gauza pila ikusten dituzu. Zuk nolabait gauzak bideratu nahi dituzu, baina konturatzen zara errealitateak beste nonbaitetik joan behar duela. Denbora guztian pentsatzen ari gara denak perfektu egon behar duela, gauzak hobetu daitezkeela, halako proiektuetan normala izaten den bezala.

Pixkanaka, moldatzen zoaz, eta martxan jartzea gogorra izan da, baina egia da jendeak oso ondo erantzun duela. Guk mimo handiarekin egin dugu bai gimnasioa, bai aldagelak, bai sala guztiak… Ez dugu erdizka egin izan nahi, eta jendeak hori baloratu du. Zentzu horretan oso gustura gaude. Prozesu osoa oso ikaskuntza ona izaten ari da.

"Entrenamendu pertsonalizatuak ere eskaintzen ditugu, baita errehabilitaziorako zerbitzua ere. Nutrizionistak ere badaude, bai klinikoak, bai kiroletakoak, eta fisioterapeutak ere bai, baita terapia neurala egiten duen pertsona bat ere"

Zer eskaintzen duzue zentroan?

Batetik osasun arloa deituko genukeena, eta bestetik gimnasioa. Gimnasioa zentrora sartzean ikusten duzuna da, makinez eta ariketa fisikoa egiteko guneez osatutakoa. Zona desberdinak daude, besteak beste, hyrox egiteko, eta aldagelen parean gela bat dugu entrenamendu funtzionaletarako. Bertan, sei pertsonaz osatutako klase murriztuak egiten ditugu, intentsitate mailaren araberakoak, ariketak lasaiago egin nahi dituzten edo bestelako behar batzuk dituzten pertsonak banatzeko. Entrenamendu pertsonalizatuak ere eskaintzen ditugu, baita errehabilitaziorako zerbitzua ere. Nutrizionistak ere badaude, bai klinikoak, bai kiroletakoak, eta fisioterapeutak ere bai, baita terapia neurala egiten duen pertsona bat ere.

Eta zu irakasle gisa aritzen zara?

Ni monitorea naiz, eta pixka bat gimnasioaren kudeaketaz arduratzen naiz. Bueno, pixka bat ez, gimnasioaren kudeaketan aritzen naiz. Entrenamendu funtzionalak ere egiten ditut, crossfiteko boxean. Hemendik ehun metrora dago gune hori.

Ekintzaile izatetik zerk harritu zaitu gehien? Izan duzu espero ez zenuen sorpresarik?

Ardura izate horrek. Pertsona batek enpresa batentzat lan egiten duenean, ni orain arte ibili naizen moduan, lana egiten du, soldata bat dauka eta listo. Zure ardurak edo buruhausteak izango dituzu, baina ez dira maila batetik aurrera pasatzen. 

"Orokorrean, eskubaloian soldatak oso urriak ziren, oso txikiak, 600 eurokoak edo halako zerbait"

Negozioa zurea denean, batez ere mentalak diren beste gauza asko sartzen dira jokoan. Proiektuaren kudeaketa, loa ezin hartzea, exijentziak, denbora… Kalitatezko zerbitzua eskaini nahi duzu, eta une oro zer hobetu pentsatzen ari zara. Egia da asko gustatzen ari zaidala prozesua, baina iruditzen zait pertsona horiek, edo gu kasu honetan, jakin behar dugula alde batera uzten gauza horiek lasai bizi ahal izateko. Ni sartu berria naiz eta oraindik ez zait halakorik gertatu, baina nire bikotekideak urte asko daramatza esku artean proiektu asko dituela, eta autonomoei ere gertatzen zaie, buruhaustez beteta edukitzea beraien egunerokotasuna. Oporretara joan eta ezin deskonektatu ahal izatea. Nik garrantzi handia ematen diot horri, eta horretan nabil.

Lur Errekondo | Argazkia: Andoni Canellada / Foku
Lur Errekondo | Argazkia: Andoni Canellada / Foku

Kirolari gisa, ekonomikoki bizitzeko moduko jarduera izan al da zuretzat?

Segun eta zertan. Eskubaloiari dagokionez, nire garaian nahiko eskasa zen asuntoa. Orokorrean soldatak oso urriak ziren, oso txikiak, 600 eurokoak edo halako zerbait. Agian kanpotik etortzen zirenei, batzuei, etxea jartzen zieten. Ez naiz ondo gogoratzen. Gero selekzioan ibiltzen ziren jokalariek, ibilbide luzea zutenek edo kanpotik etorritako fitxaketek gehiago kobratzen zuten, 2.000 euro edo horrelako zerbait. Baina esandakoa, egoera prekarioa zen. 

Esaterako, Lizarran kokatutako Itxako taldeak, urte luzez Espainiako Estatuan ekiporik onena izan zenak, fitxaketa pila bat egiten zituen, selekzioko jokalari gehienak zeuzkan, eta badakit bertako jendeak asko kobratzen zuela. Asko esaten dudanean 6.000 euro edo esan nahi dut, eta beste kirol batzuetan hori ez da ezer. Baina talde horrek kiebrara jo zuen. 

"Ekintzaile izan nahi duenari gomendatuko nioke burokraziari eta administrazioari dagokionez dena ondo kudeatuko duen norbait izateko. Ilusioa, motibazioa eta pazientzia ere bai"

Eta harri-jasotzaile gisa?

Irabazten nuen dirua, bai txapelketetan, bai erakustaldietan. Txapelketetan ematen zizuten diru kopuru bat irabaziz gero, eta bigarren edo hirugarren postua lortuz gero batzuetan ere bai. Erakustaldietan 150 euro ematen zizkizuten edo dena delakoa. Hor zuk jartzen duzu cachea deituko dioguna. Ez zait gustatzen hitz hori erabiltzea baina bueno… Zuk erabakitzen duzu ala beraiek esaten dizute “kopuru hau emango dizugu”, eta zuk baietz.

Askotan hitz egiten da telebistako prekaritateaz. Zer esan dezakezu horri buruz? 

Telebistan suposatzen dut denboraldiz denboraldi aldatzen dela kontua. Aurkezle gisa, funtzionatzen duzu ala ez duzu funtzionatzen, balio duzu ala ez duzu balio. Baina prekaritatearena nabarmentzen da; alor desberdinak daude eta asko ez ditut ezagutzen, baina segun eta zenbat lan dagoen katean bertan, ba ratio handiagoa egongo da ala txikiagoa. 

Badakit EITBn diru falta dagoela. Bere momentuan izan zen zalaparta, EITB 3 katea kentzearen harira, azken finean murrizketak egon behar zirelako. Guri ere [Conquis programan] debatea kendu ziguten. Nabaritzen da jende gutxiago dagoela lanean, nik ikusi izan dut, esaterako, makillajean. Programa gutxiago daudela ere nabari da. 

Gero beste kontu bat da lana nola dagoen pagatuta, zenbat jaiegun dauden… telebistan aurkezle gisa nik proiektuka kobratzen dut, eta azken hiru-lau urteetan berdina kobratu dut. Ez dakit esaten besteek zenbat kobratzen duten, lankideok ez dugu horri buruz hitz egiten, eta ez dut jakin nahi… [barrez]. Baina bai, badakit zein den egoera, eta telebistarena gustatzen zaidan alorra izanik ere, erdara hutsez esaten dena: siempre le veo las orejas al lobo. Esan nahi dut ez naizela sekula fidatzen, badakidalako sektoreak nola funtzionatzen duen. Ez dakit ondo egiten dudan hori egiten eta ez entregatzen dena horretara, baina gauza hauek [Zarautz Academyri erreferentzia] ere baditudanez, agian horregatik ez dut sakondu hainbeste alor hori. 

"Beste kontu bat da lana nola dagoen pagatuta, zenbat jaiegun dauden… telebistan aurkezle gisa nik proiektuka kobratzen dut, eta azken hiru-lau urteetan berdina kobratu dut"

Telebista, kirola eta orain, enpresa mundua. Zer gomendatuko zenioke alor horietako batean ekin nahi duen norbaiti?

Batez ere aholkularitza egokia jasotzeko, antzeko esperientzia izan duen norbaitengandik. Burokraziari eta administrazioari dagokionez, dena ondo kudeatuko duen norbait izateko. Ilusioa, motibazioa eta pazientzia ere bai. Denbora behar da, iritsiko zaizkizu emaitzak, eta denbora guztian eboluzionatzen joango da proiektua. Ni hasi berria naiz, baina inguruan dudan jendea ekintzailea da aspalditik, eta gauzak beste perspektiba batzuetatik ikusten ikasten duzu. Eta noski, zuk ere egiten dituzu ekarpenak, zuk ere badaukazu zer eskaini. 

Lur Errekondo | Argazkia: Andoni Canellada / Foku
Lur Errekondo | Argazkia: Andoni Canellada / Foku

Zein asmo eta proiektu dituzu buruan etorkizunerako?

Lehenik, gimnasioari [ekonomikoki] buelta ematea, inbertsioa handia izan delako… Nik hona sartu baino lehen beste proiektu bat neukan esku artean, baina albo batera uztea erabaki nuen. Oraindik ere buruan dut ideia, baina lotsa ematen dit esateak! Lasaitzen banaiz eta motibazioa izaten jarraitzen badut beste proiektu batean sartzeko, orduan aurrera egingo dut. Bestela, hemen oraingoz nahikoa daukat!

Egingo zenuke beste zerbait telebistan?

Ez dakit. Conquisen formatua gustatzen zait. Realityak bere horretan ez dira gehien motibatzen nauten formatuak, baina probak, bizikidetza, abendura, zeure burua muturreraino eramanda ezagutze hori… esperientzia bezala asko gustatzen zait. Grabaketak egitea munduaren beste puntan, lau pareta dituen ohiko lantokia ez den toki batean, non ez den inoiz gauza bera gertatzen, jende desberdinarekin lanean, talde lan izugarriarekin, naturan… ordu pila lan egiten dira, baina gustura egiten duzun zerbait da eta oso gustuko dut. Platoan lan egitea ere ondo dago, noizean behin egiteko gustatzen zait, baina galaren bat grabatzeko; egunerokotasunean ez dakit ez gai izango nintzatekeen, ezta balioko nukeen lan hori egiteko ere.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain