• ENPRESAK GAUR
  • Maderas de Llodioko zuzendaritza eta enpresa batzordea, bilduta

Maderas de Llodioko zuzendaritza eta enpresa batzordea, bilduta

Arabako aldundiak hitzordua eskatu dio enpresa zuzendaritzari. Zuzendaritzak 39 langile kaleratu nahi ditu

Maderas de Llodio lantegia | Argazkia: ELA
Maderas de Llodio lantegia | Argazkia: ELA
2025eko irailaren 9a - 15:53

Laudioko (Araba) Maderas de Llodio enpresak 151 langileren enplegua erregulatzeko espedientea iragarri zuen joan den astean, eta kaleratze kolektiboaren xehetasunak definitzea zen hurrengo pausoa. Horiek negoziatu eta eztabaidatzeko lehen aldiz bildu dira gaur enpresa zuzendaritza eta enpresa batzordea. Bada, enpresaren zuzendaritzak 171 beharginetatik 39 kaleratzeko asmoa iragarri du.

 

LAB sindikatuak adierazitakoaren arabera, prozedurari buruzko azalpenak eskatu nahi dizkiote zuzendaritzari, azken horrek ez baitu ezer zehaztu. Sindikatu abertzalea kezkatuta agertu da kaleratze kolektiboagatik eta aldarrikatu du ez duela onartuko, inola ere, halakorik, ezta neurri horrekin lotura duen bestelako proposamenik ere.

Behin kaleratzaeen berri jakinda, langileen ordezkariek bi greba egunera deitu dute datorren asterako. Lanuzteak irailaren 16an eta 18an izango dira. Maderas de Llodiok Errioxako Garnica taldearen beste lantegi batzuetara eraman nahi du ekoizpenaren zati bat.

 

Arabako Foru Aldundiak, bestalde, bilera eskatu dio Maderas de Llodioko zuzendaritza batzordeari hiru helbururekin: azalpenak eskatu, erregulazio espedientearen zergatiak ezagutu eta hura gertatu dadin ekiditeko. Hala azaldu du Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak gobernu osteko kontseiluan.

Gonzalezek esan duenez, enpresarekin harremana etengabekoa da, eta, antza, 151 langileen enplegua erregulatzeko espedientearen erabakia Errioxan dagoen enpresa zuzendaritzak hartu du. Hori dela eta, bilera eskatu diotela zehaztu du diputatu nagusiak.

Prentsaurreko berean Laudion bertan kokatuta dagoen Guardian enpresaren egoeraz ere galdetu diote kazetariek. Labur erantzun du Gonzalezek: "ez dagoela ezer jakinarazteko" eta "zuhurtasunez" ari direla lanean.