Malerrekako lurretatik Euskal Herriko eraikuntza eta obretara

Lur mugimenduak, obra zibilak eta eraikuntza proiektuak burutzeaz arduratzen da 1996ean eratutako Sasoi Eraikuntzak enpresa nafarra

Argazkia: Sasoi Eraikuntzak Argazkia: Sasoi Eraikuntzak

Malerreka eskualdearekiko konpromiso beteaz jaiota, egun Euskal Herriko hainbat zonaldeetaraino hedatu dira Sasoi Eraikuntzaken lur mugimendu, obra zibil eta eraikuntza jarduerak. Hastapenetan lur mugimenduak burutzen zituzten soilik; gerora, ordea, ondasun, makinaria, langile zein bestelako baliabideak eskuratzearekin batera, “handitze orekatua” izan zutela esan du Eneritz Lanz enpresako kalitate eta ingurumen arduradunak. Gaur egun, inguruneko erreferentziazko eraikuntza enpresa bilakatu dela esan daiteke.

Bost langiletik 46 izaterainoko mende laurden pasatxoko bilakaeran, lur mugimenduez aparte, obra publikoen jardueran sartzeko hautua egin zuen enpresak momentu jakin batean. Egun, urbanizazio berriak, zerbitzu-sareak, bideak eta komunikabideak, espazio libreen egokitzea, egonkortze lanak eta zoladurak egiten dituzte, besteak beste. “2010 inguruan enpresa oso sendo bat izatera pasa ginen, eta gure lan eremua Euskal Herri maila osora zabaldu zen”, dio Lanzek.

Eneritz Lanz: “Poliki-poliki tokia geureganatu eta gaur egun azpiegitura egonkorra dugu. Kolaboratzaile eta talde leialak, emaitza oso onak eta hagitz kontent dauden bezeroak ditugu”

Halaber, enpresaren irismena lur mugimenduak, obra zibila eta eraikuntzak izanda ere, jardueraren funtsezkoena lur mugimenduan eta obra zibilean dagoela aitortu du arduradunak. Neurri askotariko proiektuak lantzen dituzte, bolumen handi zein txikikoak, eta “modu puntualago batean” aritzen dira eraikuntza lanetan. Eraikin publikoen kasuan, frontoiak eraikitzen dituzte adibidez, eta orain berriki, Malerreka komunitatearentzat garbigune bat egin dute.

Eraikuntza sektoreak —bereziki— pairatutako 2008ko krisi ekonomikoak enpresa ugariren porrota ekarri bazuen ere, Sasoi Eraikuntzaken kasuan ez zen hala izan. Lanzek onartu du borroka urte gogorrak izan zirela eraikuntza arloan, baina horiek gainditzea lortu zuten. “Poliki-poliki tokia geureganatu, eta gaur egun azpiegitura egonkorra dugu. Kolaboratzaile eta talde leialak, emaitza oso onak eta hagitz kontent dauden bezeroak ditugu”.

Hiru faseko prozesua

Partikularrak izanik ere, administrazio publikoa da Sasoi Eraikuntzaken bezero nagusia. Herri, hiri, foru aldundi edota enpresa publiko batek obra bat burutu behar duenean lizitazio-iragarki bat argitaratzen da. “Guk lizitaziotik proiektu jorratu bat hartzen dugu eta gure lehenengo lana proiektu hori bai ekonomikoki, bai teknikoki, aztertzea da, gero entitate publikoei proposamena aurkezteko”. Proposamenarekin batera proiektua burutzeak ekar ditzakeen afekzio guztiak biltzen dituzte, hala nola biztanleriarekiko eragozpenak, ingurumenarekiko afekzioak edota jasangarritasun arloko eraginak, betiere langileen segurtasuna eta ongizatea ahaztu gabe.

Sunbillan (Nafarroan) du egoitza Sasoi Erakuntzakek | Argazkia: Sasoi Eraikuntzak
Sunbillan (Nafarroan) du egoitza Sasoi Erakuntzakek | Argazkia: Sasoi Eraikuntzak

Proposamena onartuta, lizitazioa irabazita, obra esleitzen zaio enpresari eta exekuzio fasera pasatzen dira. Exekuzio arduradunak beste azterketa bat egiten du: “zer langile, zenbat makinaria, zer azpikontratazio eta zein hornitzaile beharko lituzkeen ikertzen du”, dio Lanzek. Azkenik, obra burutzera pasatzen dira. Beraz prozesua hiru fasetan bereizten da: bulego lana, exekuzioren plangintza eta obra exekutatzea.

Proiektua burutzeak ekar ditzakeen afekzio guztiak biltzen dituzte, hala nola, biztanleriarekiko eragozpenak, ingurumenarekiko afekzioak edota jasangarritasun arloko eraginak, betiere, langileen segurtasuna eta ongizatea ahaztu gabe

Enpresa pribatu edo partikularrei dagokionez, industria-pabiloiak egiten dituztela esan du Lanzek. Baserritar, nekazari zein abeltzainentzat zuzendutako lanak izan ohi dira askotan, egonkortze lanak edota euste hormak batik bat. Aldi berean, etxebizitza partikularrak ere egiten dituzte.

Bezero, lan-talde zein eskualdearekiko konpromisoa

Aipatutako prozesu osoa burutzeko talde lanean aritzea garrantzitsua dela azpimarratu du Lanzek, eta euren barne harremanetako giro ona ezinbestekotzat jotzen du proiektu modu egokian gauzatzeko. Langilea zaintzearen filosofian ere badu nolabaiteko erlazioa eskualdearekiko duten konpromisoak, langile gehienak zonaldekoak baitira. Lanzen hitzetan, “eskualdean lana sustatzen dugu, baita euskara ere. Gure sektorean euskara gutxi egin arren, gu enpresa euskalduna gara”. Era berean, inguruko zenbait kirol talde eta elkarteri bulkada ekonomiko eta babesa eskaini diete.

Malerrekatik Gipuzkoa eta Nafarrora hedatu da euren negozioa, eta unean-unean iparraldean ere jorratu dituzte zenbait proiektu. “Sunbillan egonik, mugatik oso hurbil gaude, eta Iparralde edo Gipuzkoa alderantz joateko abantaila asko ematen dizkigu”, azpimarratu du.

Eneritz Lanz: “eskualdean lana sustatzen dugu, baita euskara ere. Gure sektorean euskara gutxi egin arren, gu enpresa euskalduna gara”

Tradizionalki konpetentzia handiko sektoretzat jo den ekosistema honetan, irabazitako tokia mantentzea du helburu Sasoi Eraikuntzakek. “Sektorearen arazo nagusia, beste sektore aunitzetan bezala, prezioen igoera da, inflazioa”, nabarmendu du. Halaber, kalitateko produktua eskaintzen segitu, bezeroen asebetetzea bermatu, langileen ongizatea babestu eta ingurugiroan segurtasuna mantentzea dira epe motzera enpresak ezarritako estrategia lerroak. Epe luzeagora, sektorea digitalizazioaren munduan murgildu behar duela uste du, eta jasangarritasunaren aldetik presentzia handiago izan. “Sasoi Eraikuntzak enpresa izateaz gain, hondakinen kudeatzailea ere bada”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK