• ENPRESAK GAUR
  • Mendiak eta Herriak, Euskal Moneta eta PuntuEus saritu ditu Bai Euskararik

Mendiak eta Herriak, Euskal Moneta eta PuntuEus saritu ditu Bai Euskararik

Sariek erakundeek euskararen alde egindako lana nabarmendu dute, bai gizartean, bai lan-munduan, baita eremu digitalean ere

Argazkia: Bai Euskarari Elkartea
Argazkia: Bai Euskarari Elkartea
2026ko ekainaren 10a - 17:52

Bai Euskarari Elkarteak urteko sari banaketa ekitaldia egin du asteazken arratsaldean Albaola Itsas Kultur Faktorian. Aurtengo edizioak berezitasun bat izan du, lehen aldiz sariak Donostiatik kanpo banatu baitira. Ekitaldia Joseba Olagaraik aurkeztu du, eta Leyre Redin musikariak parte hartu du girotze lanetan.

 

Sariek hiru erakunde aitortu ohi dituzte, euskararen alde egindako ekarpenagatik, eta aurten Mendiak eta Herriak elkartea izan da sarituetako bat. Erakundeak bost hamarkadako ibilbidean euskararekiko konpromisoa erakutsi duela nabarmendu dute antolatzaileek, baita Urmuga proiektuaren sorreran izan duen parte-hartzea ere.

Aitortza jaso dutenen artean dago, halaber, Euskal Moneta. Kasu horretan, erakundeak langileen euskalduntzean egindako lana azpimarratu dute. Azken urtean langile guztiek euskara ikastaroak egin dituzte, eta are gehiago, lehen euskaraz ez zekiten hainbat langilek B1 maila lortu dute. Azkenik, PuntuEus fundazioaren jarduna ere saritu dute, eremu digitalean euskararen presentzia eta erabilera sustatzeko egin duen lanagatik, hain zuzen ere.

 

Bai Euskarari Elkarteko Beatriz Tomasen hitzetan, “gaurko sariak ez dira soilik egindako lanaren aitortza izan; etorkizunerako bultzada ere izan dira”. Era beran, elkarteak adierazi du euskararen biziberritzean lanean jarraitzeko asmoa duela, orain arte egindako bideari jarraipena emanez.