Hartzekodunen konkurtsora joko du Metal Group taldeak, eta, ondorioz, seguruenik Legution (Araba) eta Lebarion (Abadiño, Bizkaia) dituen lantegiak itxi beharko ditu. Volkswagen zen orain arte Metal Groupen bezerorik garrantzitsuena, baina ibilgailu-fabrikatzaileak erabaki zuen eskaerak euskal konpainiari egin ordez Txinan egiten hastea. Enpresaren fakturazio osoaren %70 baino gehiago bezero horren eskutik zetorrenez, konpainiak ateak itxi eta dituen 183 langileak kaleratu beharko ditu.
Duela aste batzuk, enpresa batzordeak jada iragarri zuen konpainiak planteatutako enplegua erregulatzeko espedientearen (EEE) aurka zegoela. Izan ere, enpresaren proposamenak Legution 91 lanpostu kentzea eta Abadiñoko Lebario auzoko lantegia ixtea (48 langilerekin) zekarren. Zuzendaritzaren proposamenari erantzunez, Legutioko lantegian greba mugagabea deitzea onartu zuten, baita Lebarion mobilizazioak egitea ere. Hala ere, azkenean langileak lanera itzuliko dira, azken ordainsariak jasotzeko xedearekin.
Ez da konpainiak pairatzen duen lehen hartzekodunen konkurtsoa. Are gehiago, zortzi hilabete besterik ez dira pasa azken konkurtsoa izan zenetik. Izan ere, pasa den abuztuan erosi zuen taldea Meteorix izeneko funts suitzar batek, euro baten truke. Jabetza aldaketak, ordea, ez omen du aldaketa handirik ekarri, sindikatuek salatu baitute Metal Group “aurreko zuzendaritzaren eskuetan” dagoela oraindik ere.