Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuak ziurtatu du lau inbertitzaile daudela interesatuta Guardian Glass enpresak Laudion duen lantegian, hiru EAEkoak eta bat “kanpokoa”.
Gaineratu duenez, elkarrizketek martxan jarraitzen dute eta Eusko Jaurlaritza inbertsioa errazteko "zubi" gisa jokatzen ari da, Guardian Glassek hala eskatuta. "Itxaropena ez da inoiz galdu behar", esan du sailburuak, eta "gauza bakoitza bere garaian” egitearen alde egin du.
Testuinguru ekonomikoari dagokionez, nazioarteko merkataritzan dagoen ziurgabetasunaz ohartarazi du Jauregik, bereziki Alemanian eta Frantzian, EAEko merkatu nagusietan. Trumpek iragarritako muga-zergen eraginaz ere ohartarazi du, besteak beste, aluminioaren sektorean eta beste industria batzuetan izan ditzakeen zeharkako ondorioez. Hala ere, EAErentzat "aukera une bat" dela azpimarratu du, Europak “berrindustrializazioaren aldeko apustua” egin beharko duela uste baitu. EAEn energia berriztagarria sustatzeko beharra dagoela gogorarazteko hautua ere egin du sailburuak.