Atzoko albiste nagusienetakoa izan zen: Hithium txinatarrak 400 milioi euro inbertitzeko apustua egin du Nafarroan kokatuko den bateria-konpainia erraldoi batean. Bateria konpainiaren plantaren kokapena izan da negoziazioetan aritu dena azken hilabeetan. Orain hilabete batzuk iragarri zuen Mikel Jauregik planta hori EAEn egoteko aukera aurreikusten ari zirela, Mondragonen eskutik, baina azkenean Txinatarrek Foru Erkidegoaren aldeko apustua egitea erabaki dute.
Testuinguru horretan, Mondragoneko iturriek EnpresaBIDEAri kontatu diotenez, proiektuan sartzeko euren baldintzak mahai gainean jarri zituzten. Baldintza horietako bat zen bazkide industrialak izatea, proiektuaren "koprotagonistak". Besteak beste, kudeaketa esparruan halako proiektuak kudeatzeko erakutsi duten gaitasunaz gain, hornitzaile sarea eta ezagutza teknologikoa ere euren ekarpen gisa defendatzen zituzten. Gainera, Mondragonek duen estrategiarekin alineatuta, "enplegua bertan sortu" eta "errotzea" bermatzeko apustuari eutsi nahi zien, besteak beste Txinako enpresa batek "sekulako dirulaguntza jaso" eta errotzea bermatzen ez bada, edozein momentutan alde egiteko erabakia ere hartu dezakeelako.
Edozein kasutan, iturriok azpimarratu dutenez "zorionez Nafarroara joan dira", horrek sortu ditzakeen aukerekin. Hitzok bat datoz atzo Imanol Pradales lehendakariak egindako adierazpenekin: "Nafarroarentzat ona dena, ona da herri honentzat", azpimarratu zuen. Gainera, "balio katearen garapena" ekar ditzakeela gaineratu zuen, baita "beharrezkoak diren hornitzaileekin" lankidetzak planteatu ere.