• ENPRESAK GAUR
  • Hithium txinatarrak 400 milioi euro inbertitu nahi ditu Nafarroan bateria-konpainia erraldoi batean

Hithium txinatarrak 400 milioi euro inbertitu nahi ditu Nafarroan bateria-konpainia erraldoi batean

Energia biltegiratzeko instalazio bat jartzea aztertzen ari da konpainia, zeinak bi fasetan 1.050 lanpostu sor ditzakeen

Atzoko bilera | Argazkia: Espainiako Gobernua
Atzoko bilera | Argazkia: Espainiako Gobernua
2026eko martxoaren 10a - 10:15

Hithium Energy Storage Technology enpresa txinatarrak Nafarroan 400 milioi euro inbertitzeko asmoa erakutsi du, energia metatzeko baterien gigafaktoria bat eraikitzeko. Espainiako Estatuko presidente Pedro Sanchezek, Nafarroako Gobernuko presidente Maria Chivitek, Mikel Irujo Industria kontseilariak eta Jeff Wu konpainiako sortzaile eta kontseilari delegatuak atzo Moncloa Jauregian izan zuten bilera, eta gaur egin duten prentsaurrekoan eman dituzte zehaztasunak.

 

Proiektuaren baitan energia metatzeko sistema geldikorretarako (BESS) instalazio bat eraikiko da, eta bertan industria-prozesuak egingo dira, hala nola, mihiztatzea eta gelaxkak fabrikatzea, “balio erantsi handiko prozesuak”. Chivitek azaldu duenez, instalazioak 750 lanpostu zuzen sortuko lituzke lehen fase batean, eta beste 300 inguru hurrengo etapa batean. Ekimena Nafarroako berrindustrializazio eta espezializazio teknologikoaren estrategiaren baitan kokatzen da, presidentearen hitzetan “Europan hazkunde proiekzio handia” duen sektorean.

Nafarroako agintariak azpimarratu du energia berriztagarria prezio lehiakorretan izateak lurraldearen lehiakortasun industriala hobetu eta proiektu berrien etorrera erraztu dezakeela. Halaber, esan du ekimenak tokiko talentuaren prestakuntza indartzen lagundu dezakeela, eta Nafarroa energia-metaketaren alorrean Europako balizko erreferente gisa kokatu. Proiektua joint venture gisa planteatzen da, bi aldeek (Espainiako Gobernuak zein Nafarroako Gobernuak) kapital ekarpenak eginez.

 

Hithium 2019an sortu zen, eta baterien bidezko energia-metaketan espezializatuta dago. Hao Wang konpainiako inbertsioen zuzendariak azpimarratu du teknologia mota hori funtsezko zeregina hartzen ari dela energia-sistema globalean. Era berean, nabarmendu du Nafarroak ibilbide sendoa duela energia berriztagarrietan, eta adierazi du sinatutako akordioa “Nafarroako Gobernuarekin epe luzerako lankidetza baten lehen urratsa” dela.

Bestalde, Mikel Irujo sailburuak zehaztu du eraikinaren kokapena oraindik ez dagoela erabakita eta “zuhurtzia” eskatu du, “oraindik urrats asko egiteke” daudela gogoratuz. Hala ere, “ospatzeko eguna” dela azpimarratu du.