Irujo-Jauregi. Pilota partida bateko bi protagonisten abizenak izan zitezkeen lasai asko, Pilar Kaltzada EnpresaBIDEAko bazkide eta fundatzaileak esan bezala. Baina gaurkoan Nafarroako Gobernuko eta Eusko Jaurlaritzako bi industria agintariak izan dira buruz buru aritu direnak, solasean, hori bai. Noainen kokaturiko CEINen egoitzan izan dira Mikel Irujo eta Mikel Jauregi, EnpresaBIDEAk antolaturiko eta Nafarroako Gobernuak, CEINek, Laboral Kutxak eta Artizarra Fundazioak babesturiko Ekin eta egin topaketan.
Errotzea eta nazioartekotzearen zelai jokoan zer-nola egin hausnartzen hasi dira bi sailburuak. "Kanpoko enpresa asko etorri dira enpresak erostera, oso tresna sofisitikatuekin", gogorarazi du Jauregik. Horri buelta eman eta sofistikazio maila "bertara ekartzeko" tresnak garatzea ezinbestekotzat jo du. Horren baitan, Ayesaren parte den Ibermatica erosteko Jaurlaritzak —Finkatuz funtsaren bitartez—, eta BBK Fundazioak eta Kutxabankek —Indar funtsaren bitartez— egindako eskaintzarekin "itxaropentsu" agertu da. "Bere garaian kanpora joan eta asko hazi den enpresa da Ibermatica. Orain salgai dago, eta baditugu eskaintza irabazleak egiteko tresnak, lehia horretan sartzeko kuadrilla bat sortu dugu. Orain dela gutxi arte ezinezkoa zen hori", adierazi du.
Merkatu globalean jokatzen ari den partidan, baina, Txinara bidaia egin berri du Irujok joan den astean, "aurretik egindako sukalde lan izugarriaren emaitza" dena. Asiako erraldoian ikusitakoa "ikaragarria" dela esan du kontseilariak, eta balioan jartzeko hainbat elementu azpimarratu ditu: bizkortasuna, eraldaketa bikoitzean —digitala eta deskarbonizazioa— oinarrituriko ekonomia, eta ikerkuntza. Baina ezeren gainetik, Irujoren ustez gakoa da "sinesten dutela. Mundua jan nahi dute, gose direlako —zentzu onean—, eta gaitasuna dute gainera". Europan ezagutza eta ahalmena izan badaude, "baina ez dugu haiek bezala sinetsi".
Mikel Jauregi: "Txinan politika industriala egiten dute; guk, Europan, esloganak"
Jaurlaritza orain gutxi hasi da lanean Txinarekin bazkide gisa izan ditzakeen bideak esploratze aldera, eta nola sakondu aztertzen ari dira. "Txinan politika industriala egiten dute; guk Europan esloganak", adierazi du Jauregik. Adierazpenok zerikusi handia dute, besteak beste, ondoren mintzagai izan den deskarbonizazioaren gaiarekin. Hain zuzen ere, Europak martxan jarri nahi duen Renove Planak emisio gutxiagoko ibilgailuak erosteko Jauraritzak eginiko programa izango du abiapuntu, "deskarbonizazio inteligentea" delakoa oinarri. Plan horretan aintzat hartzen da deskarbonizazioa ezin dela soilik betebeharra izan, baizik eta hori posible egiteko tresnak baliatu behar direla. "2035 urterako auto elektrikoak besterik ez dira ekoitzi behar, Europak hala esanda. Ez da posible hori esatea, eta bestelako tresnak ez eskaintzea", mahaigaineratu du.
Era berean, esan du helburua ez dela soilik emisioak murriztea, baizik eta teknologia aniztasuna garatzea, eta defendatu du Europako merkatuan lehiatu nahi duten bestelako herrialdeetako enpresei —Txinakoei besteak beste— ere europar minimo bat exijitu behar zaiela, %40koa. "Has gaitezen gure partida jokatzen".
Industria planak elkarlanean
Industria Plana aurkeztu zuen ekainean Jaurlaritzak, eta Industria Plan berrituaren lanketan murgilduta dago orain Nafarroako Gobernua. Baina biek partekatzen duten zerbait bada: aldatu egin da planak egiteko modua. Nafarroaren kasuan, tradizioz indarra izan duten sektore horietan ez ezik, "munduaren aukera berriei" ere erreparatzen ari zaie, tartean sektore aeroespazialari eta biologia sintetikoari. Azken horrek foru erkidegoarentzat zutabe diren hiru arlori eragiten die Irujoren esanetan: "agro" esparruari, energia berriztagarriei eta osasunari. Ekosistema izan, badute: unibertsitateak zentro teknologikoak... Edozein kasutan, hor ere bai bizkortasuna giltzarri jo du.

Jaurlaritzaren kasuan, Industria Plana beste bi elementurekin lerratzea ezinbestekotzat jo dute garapen industrialerako: in, Eraldatuz izenekoa, Ogasun eta Finantza departamentuarekin elkarlanean, eta plan zientifikoa, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailarekin batera. Horren baitan txertatzen dira, besteak beste, Berrikuntzaren Itsasargiak deritzonak. "1980 eta 1990eko hamarkadan zailtasunak izan ziren, eta orduan klusterizazioa eraman zen aurrera. Nolabait kuadrilla bat egitearen modukoa da hori", gogorarazi du sailburuak. Orain "une antzekoa" bizi litekeela ikusirik, lan egiteko forma hori ezinbestekotzat jo du.
Mikel Irujo: "Elkarlana errazagoa da atzerriko beste herriekin EAErekin baino. Konstituzioak ez du laguntzen"
Agian lan egiteko horren emaitza da Industria Planean euskararen garapenerako jaso diren hainbat egitasmo, Euskorpusen sorrera tarteko. "Industriak euskara behar du lehiakorragoak izateko", defendatu du Jauregik. Sail bezala adibide eta eredu izan daitezen ezinbestekotzat jo du, barne-batzarrak edota enpresetara egiten diren bisitak euskaraz eginez. "Normaltasuna erakutsi", borobildu du.
"Normaltasuna islatu", errepikatu du Irujok. Horren adibide bezala jarri du topaketa bera. Eta eraldaketa digitalaren aurrean, zeinak hizkuntzan eragin nabaria izango duen, "hizkuntzak nola erabili" ere finkatzea gakotzat jo du.
Nafarroa-EAE lankidetza
Bi lurraldeen arteko aliantzak eta lankidetzak zeintzuk ote diren jakin nahi izan du Kaltzadak. "Berez egiten da. Ekonomia oso partekatua dugu, eta orain gutxi berritu dugu lankidetza akordioa", kontatu du Irujok. Hori bai: zailtasunak zailtasun. "Elkarlana errazagoa da atzerriko beste herriekin EAErekin baino. Konstituzioak ez du laguntzen", deitoratu du.
Mikel Jauregi: "Industriak euskara behar du lehiakorragoak izateko"
Zailtasun horri jarraiki, "elkarlan gehiago izan litekeela" plazaratu du Jauregik ere. "Gure artean txantxetan esan ohi dugu elektroi berriztagarriak Eusko Label izatea nahi dugula, izan EAEtik edo Nafarroatik datozenak". Harago ere joan da. "Fiskalitatearen kontuan Espainia Estatu anitza dela esan ohi da. Baina hori gurean gertatzen da".

Norbere bidetik, aurten ere aurrekontuak aurrera aterako direla ziurtatu dute. EAEren kasuan, besteak beste, gehiengoak izateak lagundu dezakeelako. Nafarroaren kasuan, 11. urtea izango da segidan. "Lau alderdiren artean negoziatu behar baditugu ere, Ekonomiak lasaitasunik eskaintzen ez duen honetan, enpresek asko eskertzen dute horretan egonkortasuna izatea", argitu du Irujok
Mikel Irujo: "Industriak ekintzailetza behar du, ikerkuntza, zerbitzuak, azpiegiturak..."
Industriaz gain, ekintzailetza izan da ekitaldiko beste protagonista. Hain zuzen ere, Nafarroako "ekintzailetzaren etxean", CEINen, egin da solasaldia. Nafarroan ekintzailetza maila baxua dela nabarmendu du Industria kontseilariak, baina martxan jartzen diren proiektuen kontsolidazioa %80en bueltan dagoela. "Industriak ekintzailetza behar du, ikerkuntza, zerbitzuak, azpiegiturak", esan du Irujok. Ekitaldiko lehen mahai-ingurua horri buruzkoa izan da, Xabier Leonardo eta Onintza Sayar ekintzaileekin, eta Maitane Bueno Laboral Kutxako Nafarroako lurralde ordezkariarekin. Solasaldi horren kronika bihar goizean irakurri ahal izango da EnpresaBIDEAn.